kritiken hemeroteka

8.826 kritika

« | »

L.A.A. / Maixa Zugasti / Algaida, 2017

Thrillerra Urumean Ibon Egaña / Deia, 2018-04-21

Idatzi aspaldidanik egiten duen arren, hilabete asko ez dela eman da ezagutzera Maixa Zugasti idazle bezala, bi libururekin: iazko Irun Hiriko Literatura Saria irabazitako L.A.A. lanaz gain, oraintsu kaleratu du Ereinekin bigarren eleberria, Ahotsak eta itzalak izenekoa. Liburu sarituek sarritan zabalkunde handiegirik ez duten arren, oraingoan eskertu behar zaio Irun Hiria sariari idazle berri bati argitalpenerako bidea erraztu izana.

Izenburu enigmatikoa du Zugastiren lehen nobelak; kutsu enigmatiko horixe du azalak ere, eta kontakizuna irakurri ahala ohartzen da bat ondo datozkiola paratestuko elementu horiek nobelari, izan ere, intriga eta jakin-mina dira liburua gidatzen duten osagai behinenetakoak, eta eroso kabitzen da L.A.A. nobela thriller psikologikoaren azpigeneroan.

Idazleak azaldu duenez, esperientzia pertsonal bat dago kontakizunaren abiapuntuan; hain zuzen, genero-indarkeria jasaten ari zen emakume batek Zugastiri egindako laguntza-eskaera. Hari horri tiraka, haatik, fikziozko eleberria ondu du nobelagileak, alegiazko pertsonaiaz eta trama narratiboz osatua. Maria Agerre Zurututza da eleberriaren protagonista eta lehen pertsonako narratzailea, Martuteneko espetxean psikologo lanetan aritzen dena, eta haren bidez ezagutuko du irakurleak Luis Andueza Abasolo, genero-indarkeria leporatuta kartzelan dagoen gizona. Psikologoaren ikuspegi narratiboa hautatuta, Zugastik ihes egiten dio, hartara, biktimaren lekuan edo erasotzailearenean kokatzeari, eta auziari zein kontakizunari, hasiera batean bederen, halako distantzia batetik, hoztasunetik heltzeko aukera ematen dio. Haatik, distantzia hori orrialde gutxiren buruan amilduko da, Maria behatzaile baino protagonista bihurtzen denean, bizi nahi ez lukeen istorio batekoa, hain zuzen.

Estu lotzen zaio hortik aurrera nobela thriller psikologikoari, eta asmatu du Zugastik jakin-mina eta beldurra transmititzen dituen atmosfera berezi bat sortzen. Urumea ibaiaren ertzetan, Martuteneko kartzelatik itsasorainoko tartean idazleak sortzen duen giro eta espazio nobeleskoa iruditu zait kontakizunaren lorpenik handienetakoa. Halako eleberriekin maiz gertatzen den bezala, haatik, ez die idazleak generoaren klixeei uko egiten, eta tramaren osagai asko (hasierako maitasun erromantikoaren kontaketa, detektibea agertu eta desagertzea…) klixe horien zordunegi direla iruditu zait eta horrek pertsonaien psikologiaren sakontasunaren kaltetan jokatzen duela.

Tramari eta jakin-mina sortzeari ez ezik, idazleak arreta handia paratu dio, era berean, estiloari, eta ahalegin hori nabaritzen da, eleberriaren lehen partean bereziki, arretaz deskribatzen baititu espazioak, gogo-egoerak edo pertsonaiak. Ordea, iruditu zait gehiegizko adjektibazioak edo hainbat baliabide literario errepikatuk ebidenteegi egiten dutela estilo-nahia, eta nobelak ekintzara jo eta estilo soilagoa hartzen duenean irabazi egiten duela.

Finean, generoaren mugak eta bertuteak ditu Zugastiren nobelak, eta horiek gogoan hartuta irakurriz gero gozatzeko modukoa da L.A.A.

Azken kritikak

Nola esaten zaio agur ama bati
Uxue Razkin

Peru Iparragirre

Mari-alderrai
Colette

Aritz Galarraga

Erreplika
Maialen Berasategi Catalan

Ibon Egaña

Hegal egiten
Eneko Bidegain

Mikel Asurmendi

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak