« Triangeluaren aldeak | Generoarekin jolasean »
Gu orduko hauek / Garazi Arrula Ruiz / Txalaparta, 2017
Nortasunaren mugez Ibon Egaña / Deia, 2018-03-10
Eskola bateko inauteri festan kokatu du Garazi Arrula Ruizek Lagunero, Gu orduko hauek bere estreinako liburuko lehen ipuina. Ainara, Maitane eta gainerako ikaskideak euskal inauterietako pertsonaiez mozorrotu dira, gazaz estalia dute aurpegia eta nor diren ezkutatzeak emango die aukera haurrei bestela egitera ausartuko ez liratekeenak egiteko. Esango nuke lehen ipuinean modu esplizituan irudikatzen den nortasuna erakuste/ezkutatze joko horretan dagoela liburuko zortzi narrazioak batzen dituen gakoetako bat.
Pertsonaia eta istorio askotarikoek maiz azpian duten galdera da, izan ere, identitatearen mugen ingurukoa: non hasten den ni-a eta non bestea, zerk definitzen duen banakoa. Hala, norberaren lekua usurpatzen duen Beste bat agertuko zaigu ipuin batean edo Lucy zaintzaileari Lucia deituz beharbada identitatea aldarazi nahi liokeen emakumea beste batean. Erakusten den identitate-puskaren eta erakusten ez denaren arteko talkaz, esaten denaren eta isiltzen denaren artekoaz ere elikatzen dira ipuinetako zenbait, eta baita denboraren joanak nortasuna aldarazi dien pertsonaien arteko enkontruaz ere: bere amona egiazki nor/zer izan zen jakin nahi luke Marinak, Alex gizona ala emakumea den fantaseatzen du trenez haren enkontrura doan gizonak. Muga horiekin jolas egiten dute ipuinetako ugarik, eta batzuetan fantasiarako atea zabaltzen da hortik, bestetan, intriga eta jakin-mina pizteko bidea dira, eta inoiz ironiarako parada ere ematen dute.
Identitatearen inguruko gogoeta ez da, ordea, esparru indibidualera mugatzen liburuan, gu-a non hasten den eta besteak non hasten diren ere hausnarketa-gai konstantea baita. Gu jakin batetik idatzitakoa da liburua, ezker abertzaleko militantziatik hurbileko gu batetik, trazu lodiz esanda. Kokaleku kolektibo horretatik idatzia izateak ere batasun eta onestasun bat ematen dio liburuari, ez baitu, esaterako, militantzia kanpotik estereotipatzen eta, aitzitik, haren barne-gatazkak eta miseriak agertzeko bidea ematen dio. Politika presenteegi dago pertsonaien bizitzetan klixean erortzeko.
Era berean, harreman pertsonaien dimentsio politikoa ere bada Arrularen kezkagai, eta giza harremanen baitako boterearen inguruko negoziazioak sarriak dira narraziootan: zaintzaile etorkinaren eta bertako andre zainduaren artekoa, edo ume berezi eta normalen artekoa, bi aipatzearren.
Planteamendu narratibo erakargarriak eta ez hain erabiliak dituzte abiapuntu, beraz, ipuin hauek, eta badira ikuspegi propio baten zantzuak ere liburuan, diferentzietatik haratago mundu-ikuskera berezko baten berri ematen dutenak. Planteamendu horiek izandako garapenak, ordea, sortu dit zalantzarik: zenbaitetan ipuinok kimatze-lana eskertuko luketela iruditu zait, zehaztasunera jotzea eta erredundantziak saihestea. Ipuin-bukaerak ere bat-batekoegiak egin zaizkit tarteka, narrazioaren erritmoa eta eraikitako fikziozko mundua bat-batean eta behartuxe apurtuko balitz bezala. Edonola ere, gozatzeko modukoak dira Gu orduko hauek bildumako ipuin gehienak, eta pozik hartzekoa egileak itzulpengintzatik literatur sorkuntzara egindako jauzia.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi