kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Txoriak dira bederatzi / Tere Irastortza / Pamiela, 2017

Mundua zatikatzeko, hobe literatura Aitor Francos / Bilbao, 2018-02

Ezbairik gabe, une antologikoak eskaintzen dizkigun liburu baten aurrean gaude Pamielak argitaratu berri duen Tere Irastortzaren Txoriak dira bederatzi honekin. Edozein ataletan aurkitu ditzake literatur zale zorrotzenak harribitxirik hoberenak, milaka baitaude. Liburua ireki eta ustekabean baten bat agertuko zaio, esaterako: “Hitz bat falta zaizun bakoitzean ez da dena delako hori zer den ez dakizulako, adierazi ezin duzulako baizik”. Bi dituzu esanezina eta ezin esana. Baina badaude ere aura filosofikoa duten fragmentuak (“Hutsa okupatzen duen hautsak ez du hutsaren berririk. Ez hautsak hautsi izanarena hutsak. Hitza, baina, kontzientzia da”) edo aforismo sinpletzat har ditzazkegunak (“Porrotaren perspektiba ez galtzeak ematen duen askatasuna”).

Ziurrenik Irastortzak aspaldi gordeta zituen argitaratu gabeko idazki ugariez eraikitakoa da Txoriak dira bederatzi, baina baliteke ezetz, denak berriak izatea eta liburu honen baitan izateko kontzientzia eta asmoarekin idatziak izatea. Kronikak, saiakera, eleberri bat edo poemak idazterakoan euskarri moduan idazten ditugun testuak izan litezke, burutazioez beteta. Pasarte batean Irastortzak halaxe dio: “Koadernora ez iristea, ispilura ez begiratzea bezalakoa da: desagertu nahia, desagertze-saiakera edo desagertze-froga absolutuenetakoena”. Desagertze nahi ez hori da agian egunerokotasun eta ohar hauek apuntatzeko bulkada eman diona. Liburuak momentu poetikoak ditu, dudarik gabe, adibidez, idazlearen, poetaren, zeregina azaltzeko hau esaten duenean: “Neure lana zein ote den. Ez dut erantzuten ia sekula. Baina bai, Haizea zaindu, iragarpena egin eta gero ekin, iristen den haizearekin nabigatzen jarraitzeko ahaleginari tinko eutsiz”.

Irastortzak zergati batzuen bilaketa-prozesuarekin batera idazlearen zeregina zein den eta zertarako balio duen eztabaidatzen du. Liburua, nolabait ere, gaika banaturik balego bezala aurkezten zaigu; fragmentu gehienek, esan beharrekoa da, aforismo tankera dute, beren laburrean, aforismotzat har baititzakegu, eta ez dira horregatik mami gutxikoak. Badaude ere hitz jokoak (“Infinitiboan idatzi eta iraganean bizi edo infinitiboan idatzi iragana bizitzeko edo infinitiboan idatzi, denbora gabe aritzeko”), esaera zaharrak, gai batzuen inguruko hausnarketak beste batzuetan, idazle askoren itzulpenak eta bertsioak, haiekiko iruzkinak, abestiak, literatur aipamenak, eta aipamen horiekin Irastortzak aurkezten dizkigun filiak eta fobiak. Norabide bakar batean irakurtzeko ezinezkoa den liburua izango du irakurleak esku artean, hobe horregatik saltoka aritzea edo gainetik irakurtzea, zati asko, guztiak, halaber, pentsamendua astintzeko gogoarekin eginak baitaude eta irakurleak bere denbora hartu behar izango du digestioa egiteko. Liburu honetan zerbait dabil batetik bestera, bere izatea aldarrikatu nahirik. Nahastean badauka ere intimitaterako lekua, Irastortzak irakurle bezala dituen zaletasunak ere aldarrikatzeko joera hartuko duelako orrialdeak iragan ahala. Txoriak dira bederatzi hau seguruenik ispilu egokia da irakurle bakoitzak norbere nitasuna alde batera usteko eta Irastortzaren mundu poetiko eta literarioan murgiltzeko. Liburu amaigabea, onerako. Behin eta berriz bere baitara bueltatuko naizela somatu dezaket, irakurketa bakoitzak, begirada bakoitzak, ate berri bat irekiko didalakoan.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak