« Idazlearen kezkak | Egiak »
Barbaroak baratzean / Luis Garde / Balea Zuria, 2017
Murruen hermetismo errepikakorra Hasier Rekondo / Deia, 2018-01-13
Albiste pozgarria da argitaletxe batek bere ibilbideari ekitea. Kasu honetan, Luis Garderen (Iruñea, 1963) lan sendoa nahi izan dute babesgarri argitaletxeko buruek, luzea bezain zaila beharko lukeen nabigazioa abiarazteko, kontutan izanda, poesia azken bagoian dabilela argitaletxe bati leungarri zaizkion salmenta kontuetan. Printzipioz, ez zen aukeraketa txarra enkarguzko lana omen den Barbaroak baratzean. Nola ahaztu nagusiki poeta izan arren, 2016an Euskadi Saria jaso zuena Ehiztariaren isilaldia (Pamiela, 2015) nobela gogoangarriaren egilea dela Garde.
Balea Zuria argitaletxeko kideek (Pentsamenduaren Poesia manifestuaren sinatzaile Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi idazleak eta Imanol Larrinaga margolaria) enkargu bat luzatu zioten Garderi, beren estreinako argitalpena ondu zezan. Esan dezadan, emaitza gorabeheratsua izan dela.
Gurean azken aldian ohikoa ez den esparru kontzeptuala jorratzen du liburuak, hiruzpalau ideia nagusitik tiraka: harresien, migrazioen, itsasoaren eta gizakiaren garraztasuna. Betiere, molde narratiboak aukeratuz tonu hermetikoa barreiatzen da. Alta bada, poesia kontzeptualak badu arriskurik, besteak beste, errepikakorra gertatzekoa, eta nago Gardek ezin izan duela errepikakor ez suertatzea gailendu.
Harresian itzalak lehen atalean, hermetikoena ene irudikoz, liburuko irudirik sinbolikoenak aurkituko ditu irakurleak, hala nola: “Burdin hesiaren gristasuna / zikintzen eta arazten ditu grafiti anonimo batek: / bihotz hautsi hori, / esaldi lizun hori, agintzailearen karikatura / edo irain zahar hori…”. Murruak, harresiak eta mugak ditu hizpide poetak atal honetan, batzuetan Seamus Heaney poeta irlandarraren zipriztinak usaindu ditut, alta bada, poetak ez du lortu sinboloez gaindiko poema erakargarririk. Bigarren partean, Hitzezko hesiak, hesiko hitzak, Garde poetaren ezaugarririk nabarmenenak eta landuenak aurkitu daitezke: iruditeria sotila ondo ehuntzeko ahalmena. Iruindarrak literatur ibilbide esanguratsua eraikitzeko erabilitako teknika eraginkorrak darabiltza. “Errauts tontortxoak mahai gainean, / alegiazko paisaien argazki erreen hondakinak. / Inork zure izenean / zuk zeuk / zuregatik / azkenaurreko zigarretaren larritasunaz erreak.” Aipatu aurreko liburuan egin bezala, poesia eta narrazioa uztartzeko joera agertzen du Gardek. Atal honetan poema narratiboenak eta narrazio bat idatzi ditu, nago oraingo honetan ez duela asmatu nolabaiteko lotura sortzean, eta Azken ikuskizuna narrazioa eldarnio surrealista bitxi baten modura gehitu da.
Uhinei iltzatuak azken kapituluan, edukirik soziologikoenak edota salaketarako beta jorratuko ditu Gardek. Eskertzen zaio eskema demagogikoetan ez arakatzea, gaiak horretarako aukera eman arren. Deskripzio lazgarriak nagusituko dira, eta baita poetaren nia gehiago gailenduko: “Ni naizelako behatua / ni galdekatua / begi arakatzailez zipriztindutako horma ilun batek / bere begi zaurtzaileak iltzatzen dizkidanean.”
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro