« Estreinakoa | Mundua ez-leku »
Elurra ikusi dut / Xabier Lete / Elkar, 2017
Elur z(a)uritua zara, antzaldatua! Mikel Asurmendi / argia.eus, 2017-12-19
Elurra ikusi dut liburua ikusi dut, baita leitu eta xehe irakurri ere —epilogoa bereziki—. Elurra zuritua, Elurrak zauritua, Elurra ezin zuritua, Bizitza zuritua, Ni zauritua… Ezin asmatu titulua. Hara beste bat: Plagio XL. Elur z(a)uritua naiz inolaz ere! Antzaldatua! Elurrak zauritu piztia!
Horra hor hainbat pleonasmo. Plasta halakoa! Zure egoa, zure ni-a. Ni naiz… poema eta haren poeta are barurrago heldu zaizkizu. Barka zaitzala liburu honen egile Koldo Izagirrek. Baiki, Xabier Leteren poemez behar zenuke jardun, ez Haren Antologia bat taxutu duenaz, eta are gutxiago zure buruaz. Barka berriz ere. Atx!
Liburua eskuratu gabe, lankideen artean hizpide jarri zenuen Elurra ikusi dut. Durango Azokako bazka artean hautan zegoen. Liburuak zekarren karga edota traila ezagutu gabe, hauxe erran zenuen: “Koldoren aitzin-solasa edo epilogoa irakurtzeak asebeteko nau…”. Edo halako zerbait esango zenuen. Baita asebete ere, oka egiteraino.
Hara, gaizto ari zara. Zure bizitzan, zure jakituria motzean, argibide izan zenuen poetarekin gaizto.
Behinola idatzi zenuen, behiala, Xabier Leteren “Haunditzen zeranean ikusiko duzu isilik egoteak zenbat balio dun…” ahapaldia ez zenuela ulertzen gaztaroan, ez ulertzen ez onartzen ere. Gerora bai ordea, eta poetarekiko miresmena areago handitu zitzaizun.
“Argia ez da ikusten” idatzi zuen, bestalde, Gabriel Arestik. Zu, oharkabean, argia ikusten hasia zinen. Bilboz ari zen. Eta gerora Bilbo argitu ei da. “Baina hori ote argitasuna?”, galdetzen diozu zure buruari! Zertara dator hori? Elurraren argia gogoan jalgi zaizu hausnarra, eta marmarra.
Elurra ikusi dut liburua ikusi duzu eta ikasi duzu. Baina larriki zauritu zaitu, zurituta zaude, zentzua antzaldatua. Eta Koldo Izagirrek du errua. Berriro ere bera. Iza(gi)rren hautsa bilakatu zaizu bizigai. Tori pozoia —eta antidotoa, enkaxka diot, bidenabar errana—. Eta bai, badakizu pedante(ki) ari zarela berriro ere.
Zuhaur, zure motzean, uste zenuena ustel, antologiaren polemika mugatua izango zela, alegia, funtsean, zure poeta kuttunetako horren poemak, aldian aldi aldatuak, garatuagoak eta eraldatuak ageriko zirela liburu honetan. “Bai zera! Handitu zara, eta artean isiltzen ikasi gabe, egunez egun are ergelagoa bilakatu zara. Eta ohartu ere ez!”.
Antzaldatu da hitza. Ez zara ziur. Buruz ari zara. Hainbat hitz eta pasarte azpimarratu dituzu, oharrak hartu ere, baina traketsa zara. Ez duzu Izagirreren Bederatzi puntuko bat Xabier Leteren oroiz epilogora itzuli nahi. Konprenitu nahi zenuke Lete. Haren fedearen fedea. Xabier Lete konprenitzen lagundu ere. Baina pedante izateaz gainera, Izagirre plagiatzeko beldur ari zara. Ari zara plagiatzen jada. “Euskaldunok ergeltzat hartuz”, idatzia gogoan. Ze zirrara, larria zure zauria!
Behinola poeta elkarrizketatu zenuen XX. mendeko poesia kaierak antologia hizpide —Izagirre, ez Lete—, eta behin ez ezik, bitan itaundu zenuen, baita tematu ere, poeta sutan jartzeraino. Hauxe galdera: “…baina, Koldo Izagirre poeta ez dago XX. mendeko poeten artean?”. Eta hark arrapostua eman, eta zergatia… Eta zu deman. Elurretan sua piztu nahian! Kokolo halakoa!
Kokolo halakoa, bazenuen galdetzea zergatik ez zegoen Xabier Lete poeta handia! Ohartu ere ez nonbait. Los cuarenta principales… Askotxo ziren nonbait, kazetari mozoloa hartaz ohartzeko. Agian, bestera, orain Bederatzi puntuko bat Xabier Leteren oroiz epilogoaren “ustekabea”-k ez zintuen “egunsentian esku izoztuak” eta “bihotza urratuta” harrapatuko.
Bego. Ez zaitez gehiago luzatu, ez zaitez berriz jaikitzen saiatu. Gerta liteke —batek daki?— Nihil obstat… honen ondoren, beste norbait jitea, eta honi obstat-ren bat ipintzea. Horrek baina, libratuko al zintuzke aldian aldiko nihilismoa-ren zartakoez? Haren ezereza, are ezerezagoa baita zure baitan.
Behinola zomorroa deitu zenion. Lotsabako halakoa! Bego. Eta goian bego bera ere. Edo beherean egon dadin! Berdin!
Eta gurekin beude, Beira eta Rilke. Aresti eta Lasa. Izagirre eta Sarrionandia. Eta Lauaxeta, Lizardi eta Lekuona. Nire XL hiru L santuen artean zegoen. Lekuonak hartu du hirukoan tokia. Eta zuk non hartuko duzu sosegua? Non ikusiko duzu argia? Elurra ikusi duzu. Elurretan argia. Baina itsututa zaude. Baita itsusia ere, itsusi elurretan ageri.
P.S.: Berriro ere oharra. Liburuaz jabetzeko hobeto idatzi dute bi lagun hauek, web honetan dituzu. Nik, berriz ere, nire burua agerrarazi baino ez dut egin. Elurrak izozturik.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez