« Idazlearen mamuak | Estreinakoa »
Ametsondoa / Peru Magdalena / Elkar, 2017
Fikzioaren porrota Joannes Jauregi / Berria, 2017-12-17
Peru Magdalenaren Ametsondoa irakurtzen ari nintzela, ezin izan dut burutik kendu Iban Zalduaren testu bat, (Euskal) literaturaren alde (eta kontra) saiakeran argitaratua: Poesiaren zazpi bekatu nagusiak. Egia da Peru Magdalenaren Ametsondoa hau ez dela poesia liburua, baina halere ezin egokiagoa iruditzen zait poesiari buruzko Zalduaren aipu hau: “Ezagutzen al duzue hitzei interes tasa altuagorik ipintzen dion literatur generorik? […] hitz bakoitza, are silaba eta fonema bakoitza ezinbestekoak eta erabakigarriak izango balira bezala tratatzen dituzte poetek”.
Izan ere, laburrean ari zaigu Magdalena oraingoan: laburrean eta azaletik. Irakurleak mikroipuin bilduma bat aurkituko duelakoan zabaltzen du liburua, baina barruan apenas aurkitzen duen ipuinik, ipuina fikziozko kontakizun den heinean behintzat, labur-laburrak izanagatik ere. Alde horretatik, uste dut generoarekin duela lehen arazoa Ametsondoa-k; mikroipuinen itxura dute testuek, baina horietako batzuk kostata iristen dira aforismora ere. Beste batzuk luzeagoak dira, baina horiek, berriz, apenas diren aforismoak baino zertxobait gehiago. Emaitza, nolanahi ere, urrun dago mikroipuingintzatik.
Edukiari dagokionez, hitzen murriztasun horretan, badirudi testu bakoitzaren atzean esanahi ezkutu eta transzendental bat ezkutatzen delako sentipena eman nahi duela egileak, Zalduaren aipuan bezala. Baina testuak, labur esateko, azalekoegiak dira horretarako. Batzuetan nabaria da testu batzuk indefinizio sasi-mitologiko batez janzteko saiakera (adibidez, baina ez soilik, Maisu bokatiboaz hasten diren zenbait), baina horietan ere ez du lortzen elezahar baten oihartzunak dituen ipuinik osatzea. Fikzioak ihes egiten dio Magdalenari. Horrek ez du esan nahi, noski, testuok atseginak ez direnik; azalekoak dira, baina jostariak, eta zalantzarik gabe irakurle batek baino gehiagok gozagarri iritziko die. Baina batere fikziorik gabeak dira.
Uste dut fikzioaren porrot hori, Magdalenaren kasuan bederen, gatazkarik ezaren ondorio dela. Peru Magdalenaren narratiban apenas baitago gatazkarik; egilea izugarri ona da gatazka literarioa (barne zein kanpokoa) saihesten. Oro da lilura estetiko hutsa. Eta gatazkarik gabe, narrazioak ez du aurrera egiten; eta hala, ez dago narraziorik. Hortaz, testuek bi joera dituzte: lehenik eta behin, josteta estetiko hutserako joera, hitzekin eta idazketaren dibertitzea beste xederik gabe, hitz jokoekin, errimekin, antitesiekin… Joko horretan, tarteka badirudi proposamen aski interesgarri batzuk badaudela, esate baterako Maite dudan emakumea testu hasieran borgestar xamarra. Baina hori ere bukaeran estetika hutsean amaitzen da.
Bigarren joeran, estetika hutsetik harago, bada halako autolaguntza-urrin sarkor bat, liburu osoa zipriztintzen duena, egile beraren Egia esan nobelako Hobeto dekalogoa-ren ildotik. Testu ugari oso alegorikoak dira, eta zuzenean interpelatzen dute bizitzaren aurrean izan beharreko jarrera. Slow filosofiaren apologia bat dago, eta bizitzaren etengabeko metafora bidearen irudian. Eta autolaguntza-kutsu horrretan, behintzat, Ametsondoa-k bete-betean asmatzen du; uste dut, halere, literatura beste nonbait dagoela.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez