kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Barbaroak baratzean / Luis Garde / Balea Zuria, 2017

Sinbolismoaren mugak Peru Iparragirre / Berria, 2017-11-26

Egun batzuk igaro ditut Luis Garderen (Iruñea, 1961) Barbaroak baratzean (Balea zuria, 2017) poema liburu berria ia une oro aldean, zabaltzeko behar nuen adorea noiz bilduko. Poesiari berriz heltzeko momentua etengabe atzeratuz apalean pilatzen ari zaizkit poema liburuak azkenaldian, irakurtzeke. Balea zuriari ihes egiten ez uzteko intentzioz, begietara eta hatzetara atsegina den kolaz lotutako paper inprimatu mardula eskuetan hartu dut azkenean.

Hitzei erreparatzen hasita, laster galtzen da orri goxoen lehen atsegina. Harresian itzalak lehen atalean barneratu ahala, hesi eta murruekin egingo du topo irakurleak, hesiok zeharkatzeko saialdia egiten ari direnen irudiarekin, minarekin. Sinboloz jositako hitzek adierazten dutena ez da asko aldatzen poema batetik bestera, baina orriak pasatu ahala badira gogoan argituz doazen inpresio batzuk, iruditeria errepikakor horretan zehaztuz doan paisaia latz bat. Hirugarren pertsonaz esaten diren baina nomada gisa ez bada ia izendatzen ez diren beste horiek ikusten ditu poetak, horma zeharkatzeko saiakeran, hesietako xaflek zaurituta haien gorputzak.

Bigarren atalean ageri da gehien poeta, hitzen balioaz galderak eginez, munduaren eta norberaren arteko harremanari eta idazteari buruzko gogoetan. Narratiboen daitezkeen aleak ere hemen daude, beste bi ataletako iruditeriaren kortsetik askatzen direnak. Badaude lekuz kanpo daudela diruditen poema bakan batzuk, Beldurraren balizko genealogiak izenburuko poemak, kasurako, diotena liburuan ulertzeko makuluak faltan izan ditut nik behintzat. Atal horretan narrazio labur batzuk ere ageri zaizkigu, formaz ezberdin bada ere gaiari heltzen diotenak nolabait. Azken ikuskizuna izenekoa da salbuespena. Narrazio hori, kutsu ia surrealistakoa, bere horretan literarioki interesgarria izan daitekeen arren, liburuaren barne-logikan kokatzeko zaila iruditu zait.

Hirugarren eta azken atalean, fokua berriz pasatzen da besteen gainera, haien etxeetatik ihesean lurrak eta urak zeharkatzen dituztenengana. Lehen atalean murruak baldin baziren, zeharkaldiak edo bidaiak dira atal honetako poemetan kontatzen direnak, ihesean doazen gorputzen odiseak. Karga sinboliko handiko poemak dira horiek ere, baina aurreko ataleko hausnarketaren hariari nolabait helduz poeta gehiago ageri dela dirudi, amaiera aldera batez ere, azken poeman kasurako (liburua narrazio labur batek ixten du). Azken ahapaldian zera dio, liburuaren estruktura eta funtsa laburtuz ia: “[…] baina horrexegatik gelditu naiz hemen,/ metafora zalantzatien leiho irekiaren ondoan esna/ eta begiak erreta paperari begira:/ gaur paisaia batek, bik agian,/ uraren eta burdinaren ziurtasunez begiratu didatelako”.

Sinbolismoak inpresioak sortzeko balio duela esango nuke, pintzelkada sakon baina aski lausoz paisaia bat margotzeko. Paisaiaren atzean, edo xehetasunetan dagoena azaleratzeko, ordea, gako nahikorik ematen ez duelakoan nago. Eraikitzen ditugun harresiez hausnartzeko bide ematen dute poemok, gure Edengo baratze propioak barbarotzat ditugunengandik ustez defendatzearen joeraz gogoetatzeko, Gardek bigarren atalean aditzera ematen duen eran, beharbada, gertakari lazgarriak hutsal gisa agerrarazi eta gogoetak azalean geratzeko arriskuarekin.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak