kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Napumoceno da Silva Araujo jaunaren testamentua / Germano Almeida (Bego Montorio) / Txalaparta, 2002

Testamentua bizipoza Karlos del Olmo / Euskaldunon Egunkaria, 2003-02-15

Germano Almeida dugu Cabo Verdeko literatura modernoaren gailurretako bat. Boavista uhartean jaioa, irla horixe izango du paisaiarik kutunetakoa eleberrietan. Ikasketaz letradua, lanbidez kazetari eta idazle, politikagintza eta kulturgintza ditu lantegi; Cabo Verden aldizkariak eta egunkariak sortu eta zuzendu ez ezik, Portugaleko egunkarietan ere idazten du, literaturari gero eta emanago dago eta.

Almeidak modu bikainean dantzatzen ditu literaturan umorearen armak, ironiarik sotilenetik sarkasmorik gorrienerakoak, haren obretan inguru horietako bizitza publikoan eta pribatuan —guztietan legez?— nagusitzen den hipokrisia agerian eta biluzirik jarrita. Europan literaturari esker baino, ezagunago ditugu uharteok Cesaria Evoraren musikari esker, eta, horra hor kolonizazio berria!, ezkonberrien eztialdiko jomuga izan delako luzaro.

Euskaraz inprimategitik harako liburua dugun arren, ia hamabost urte joan dira Napomuceno jaunaren testamentua ireki zutenetik, zinemara 1997. urtea arte heldu ez zen arren. Hilburukoa bide dela, uharteetako gizarteak eta biztanleek bihotza hunkitzen digute, Europa eta Afrika arteko espazio eta gizalde mitiko halako bat sortzen dutelako.

Nobela arina da, elkarrizketa biziz betea… nahiz eta berriketa bat bera eduki ez! Izan ere, teknika aldetik berezi-berezia da, narratzaileak aldatuz doazelako testua narrazio etengabe batean, baina, horren baitan, narratzaile desberdinak eta elkarrizketa txertatuak. Bitxia, eta halakoxea izateagatik, pitxia. Bidaia moduko bat da liburua, Napomuceno benetan nor zen ikertzera garamatzalako ia ezari-ezarian; kontraesan ederra jartzen dio irakurleari begi aurrean: bateko, nork bere buruaz duen irudia, besteko, gizarteak halakoaz zer pentsatzen duen, eta, azkenik, dena delako horren ustez, gizarteak zelako ikuspegia duen harexen gainean. Amodio istoriorik tristeena eta, batera, alaiena den jazoera katea utziko dio ondare Araujo jaunak alaba sasikoari aberastasun guztiekin batera, bizirik zegoela eman ez zion maitasunik ezaren kaltea ordaintzekotan.

Berezia behar du, zertan esanik ez, Cabo Verde moduko uharteetan idatzitako literaturak. Neurri batean, Afrika, Europa eta Hego Amerika bat eginik ikusten da hango obretan. Merkataritza du bizimodu nagusitzat uharte sail horrek baina, Almeidak dioenez, merkataritzak ez du aberastasunik lortzen. Merkatarien bizimoduaren ondoan, arrantzaleak eta nekazariak. Halere, nekazaritzak neke handia du, eremu latz eta lehorra baitira oso uharteak. Eta han, nonbait, itsasoaz bestaldera, metropolia, Lisboa. Emigrazioa baino ez du zerumugan ikusten caboverdetar askok eta askok. Eta horien familiek, joandakoek bidalitako sosen irrika. Emigrazioa uharteetatik landakoa, baina baita irlen artekoa ere.

Bego Montorio itzultzaile ezagunak behin eta berriro hurbildu digu portugesez idatzitako literatura. Ia aurkezpenik ez du behar Begok euskal itzulpengintzaren jakitun denarentzat. Halere, haren gainean jakin beharra ase gura izanez gero, elkarrizketa mamitsua topa daiteke Senez aldizkariaren 25. alean. Interprete ere jarduteak estilo bereziagoa, arinagoa itsasten dio Begoren itzultzeko manerari, interpretea ohituago egoten delako azalari barik, mamiari begiratzen, askeago jokatzen, komunikazioa bilatzen.

Germano Almeida eta haren belaunaldiko idazleei esker, literatura caboverdetarra baserritik kalera joan da. Eta hori guztia, gainera, kontraesan moduko batean, uharteak independentzia lortzeaz ia bateratsu jazo zen eta. Hango literaturan sarritan jartzen da agerian, gordin-gordinik, kontrakar hori, alegia, independentzia osteko lehenaldi loriatsuari begira bizitzearen aurpegiz aurpegi, etorkizun latz eta segurtasunik gabeko bati zirritua zabaldu beharra. Mundu globalizatuan, Cabo Verderen moduko nazio txikiek oso etorkizun latza dute, batez ere Rahel deritzon basamortu zerrendan egonez gero.

Germanok ezin hobeto erakusten digu herri horien historiaren aldi funtsezko bat, ia krisialdi etengabe batean bizi den (nahita europar egindako) afrikar nazio xume baten kinka larria. Azken buruan, laurehun bat mila biztanle baino ez dira. Erdi Arotik, esklabo saltzaileen, piraten eta portugesen erasoek kolonia bihurtu zituzten uharteak, 1975. urtean independentzia lortu zuten arte. Baina hango afrikar erroak Portugali itsatsirik geratu dira, batez ere hizkuntzaren eta kulturaren aldetik. Ez da harrigarri, kolonialismoaren ordezkariak caboverdetarrak berak zirelako. Independentziaren aldeko borrokan jardun zuten portugaldartasunaren aurka barik, bizi baldintza duinak eskuratzearren. Caboverdetartasuna ez omen zuten jotzen metropoliaren kulturaren aurkakotzat, herri duintasuna zen auzia, pelea gaia. Eta borroka latz horretan dihardute mende berri honetan ere.

Baina Napumocenoren jaunaren testamentua-ri esker, lasai eta hango erritmoaren arabera bizitzen dakien herri xume eta zoriontsu baten albiste ere helduko zaigu, goxo, hango paisaien eta haizearen antzera. Kosta ahala kosta ahalegindu behar dugu honako hau euskaraz irakurriko dugun Almediaren azken lana ez izaten. Zain egongo gara, irrikan.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak