kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Poz aldrebesa / Juanjo Olasagarre / Susa, 2017

Ikuspuntu kontua Aiora Sampedro / Berria, 2017-10-08

Urte erdi da Juanjo Olasagarrek bere hirugarren nobela argitaratu zuenetik: Poz aldrebesa (Susa). Nobelak Asier Iminizaldu (Axi) eta Joseba Aldaz bikotearen harremanaren bilakaera kontatzen du, eta horretarako, txandakatzen diren bi planotan dago banatuta: batean, elkar ezagutzen duten unetik aurrerako hogei urteetako gorabeherak kontatzen dira eta bestean, Axiri bihotzekoak eman ondoren bizi duten gaur egungo egoera. Hirugarren pertsonan hitz egiten duen narratzaile orojakileak kontatzen ditu gertakariak, plano batetik bestera eta pertsonaia baten ikuspegitik bestera jauzi eginez, eta une oro pertsonaien gogo-aldarteen berri emanez.

Bikotearen harremanaren berri ematean homosexualitateak eta protagonistek, bereziki Josebak, identitate sexuala militantzia politikoarekin elkartzeko duen determinazioak hartzen du pisu gehien. Horrela, bikotearen harremanak jasaten dituen aldaketekin batera, kolektiboaren azken 20 urteetako aldarrikapenak ere gorpuzten dira. Bigarren planoan, hogei urteko bikote-harremanaren eta Axiren infartuaren ondoko albo-kalteei aurre egiteko gainditu beharko duten dolua nahastuko dira.

Esan daiteke pertsonaien memoria indibidual horren bidetik memoria kolektiboaren testigantza eraikitzen duela Olasagarrek: joandako 20 urteetan identitate sexualak, politikoak, nazionalak… eraikitzeko borroka kolektiboen lekukotasuna izan daitekeena, hau da, periferietako borroken nolabaiteko esperientzia. Hala ere, aitor dezadan zenbaitetan identitatearen eraikuntzaren inguruko eztabaida politiko-filosofiko horietan harrapatuta sentitu naizela, eta tramaren perspektibatik urrundu nautela.

Horrela, nahiz eta kontalaria pertsonaia batetik bestera jauzika ibili, liburuaren bigarren atalean, Josebak Axirekiko duen egoera berriari aurre egiteko igaro beharreko doluak hartuko du pisu nabarmenagoa; izan ere, nobelaren amaierarekin batera, egoera berria onartzeko jauzia burutu beharko du pertsonaiak.

Baina kontaketaren tonu jostaria egin zait nabarmengarria, bazterretatik idatzitako literatura honi ironia dariolako alde guztietatik; pertsonaiak identitatearen eraikuntzan bizi dituzten kontraesanez jabetzen dira, eta mingostasunez mahaigaineratu egiten dituzte, irakurlea probokatzeko moduan. Umore zorrotz horrek askotan parodiara ere bideratuko ditu pertsonaiak, beren izatearen irudikapen komiko bihurtuz. Hain da indartsua parodia pertsonaiak eraikitzerakoan, ezen nobelak aurrera egitearekin batera, lan literarioaren garapenean ere parodia gailenduko den: nobela postmodernoa XIX. mendeko adulterioaren nobela bilakatuko da.

Norbanakoaren onarpenak beharrezkoa duen umore kantitateaz jakitun, pertsonaien aldartearen inguruko trufak gidatzen du bizitza ulertzeko modu baten gogoetarekin amaituko den nobela hau; egitura zirkularreko obraren modura, nobela irekitzen duen Judith Butler filosofoaren doluari buruzko aipuaren zentzua indartzen da. Narratzaileak azken hitz gisa laburtu moduan: dolua onartzearekin batera iristen du pertsonaiak poza. “Aldrebesa, bai, baina poza, azken finean”.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak