kritiken hemeroteka

8.754 kritika

« | »

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama / Alaine Agirre / Elkar, 2017

Biziraule baten kronika Estibalitz Ezkerra / Gara, 2017-10-07

Izenburuan bi aipatzen bazaizkigu ere, hiru dira Alaine Agirreren azken lanak, “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama”-k hizpide dituen erditzeak, zein baino zein mingarriago, zein baino zein eragingarriago narratzailearen osasun eta bilakaera emozionalean. Amak narratzailea bera mundura ekarri zueneko uneari dago lehenengoa lotuta. “Nire ama nitaz erditu zenean, negar egin zuen”, esaten digu narratzaileak. Erditze luze eta gogorra izan zen; haurdunaldia bera arrisku handikoa izan zen amarentzat eta hilabete gehienak ohean igaro behar izan zituen, burujabetasun ekonomikoa eta, batez ere, emozionala eman zion lanpostutik urrun.

Negarra, ordea, ez zegoen kontu horiei lotuta bakarrik. Amak “… negar egin zuen, bere bizitzan lehenengo aldiz, ama izan zelako; negar egin zuen, ama izan arren, ez zekielako nola izan zen ama” (13. orrialdea). Orduko hartan erditu bai, baina ez zen ama bihurtu narratzailearen ama. Kontakizunean zehar azalduko zaigunez, amaren ama erditu bai baina hura ere ez zen ama izan. Bigarren erditzea lehenengoa baino “lazgarriago, urragarriagoa” izan zen, baita “askozaz arriskutsuago” amarentzat zein narratzailearentzat. Narratzailea burutik gaixotu, amak haren ardura bere gain hartu eta bera ere gaixotu egin zenean jazo zen hura. Bata bestearen sostengu eta sendabide bihurtuta, alaba bigarrenez jaio zen eta ama, lehen aldiz, ama bihurtu. Hirugarren erditzea, aldiz, kontakizunaren amaiera aldera iragartzen zaigu: iraganekikoak kitatuta, familiako kideekin bakeak egin eta bere buru osasunaren ingurukoak onartu ostean, bere buruaz erditzea erabakitzen du narratzaileak.

Ausarta da “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama”. Ausarta da gaiari —buruko gaixotasunen, amatasunaren eta ama-alaba arteko harremanen gaineko gogoetak harilkatzen ditu liburuak— zein hura jorratzeko erabiltzen duen idazkerari begira —hizkera zuzen, zorrotz eta doia erabiltzen du, aurreko lanetan bezala—.

Bere orain arteko bizitza markatu duten hiru erditzeetan sakontzen joan ahala, mingarriak diren zenbait egia azaleratu eta hainbat tabu suntsitu egiten ditu narratzaileak. Esaterako, amatasuna ez dela kontu biologikoa bakarrik —haur bat mundura ekartzearekin ez da bat ama bihurtzen—, ezta emakume guztiek desiratzen duten zerbait, edo desiratuta ere batzuetan ez dela komenigarria ekar ditzakeen arriskuengatik. Edo afektua faktore biologiko zein sozialen menpe dagoela; maitasuna jasotzen eta ematen ikasi egiten den zerbait da ere. Familia bera, gizarte harremanak egituratu eta arautzeko eredu den hori, ez da narratzailearen begirada zorrotzetik libratzen: babesleku beharrean errepresio gune da maiz familia; osasunbide beharrean gaixotasun eragile.

Emakumeak izan ohi dira kaltetuenak familia nukleoan jokatzea egokitu zaien rolagatik, baina konplize ere izan daitezke eta izan badira errepresio sistema horren barruan. Testu feminista da “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama”; ez, ordea, eskapista.

Narratzaileak ez du bere burua zuritzen; familia draman jokatu izan duen rola onartu eta zorrotz aztertzen du. Funtsean, bere buru gaixotasunaren nondik norakoei heldu eta behar bezala ulertu ahal izateko egia horiei guztiei, mingarri izan ala ez, aurre egin behar die. Osabidea, berea zein ingurukoena, korapilo denak elkarrekin askatu ondoren bakarrik irits daiteke.

Funtsean, “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama”-ko narratzailea biziraule bat da eta liburua bera biziraupen prozesuaren kronika.

Azken kritikak

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak