kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Frankenstein / Mary Shelley (Iñigo Errasti Aranbarri) / Erein / Igela, 2016

Amaren heriotzak sortutako minetik Gotzon Barandiaran / 111 aldizkaria, 2017-08

Niri ere Boris Karloff zetorkidan gogora Frankenstein berbagai hartzen genuen bakoitzean. Neu ere sinetsita nengoen Frankenstein munstroaren izena zela. Momia, gizon-otsoa edota Drakularen kuadrilakoa zen guretzat Frankenstein, beldurgarrienetan beldurgarrienetakoa. Eta hori guztia gezurrezkoa da.

Boris Karloffek antzeztu zuen Frankensteinen irudia dugu gehienok akorduan, nahiz eta, ausarki botako dut, pelikula hura ere, James Whalesk 1931n sortutakoa, gutxik ikusi. Baina nork ez du Frankenstein ezagutzen? Itzela da gero, ez pelikula bakar batek, ez inoizko telesailek ere, ez duela liburua hasi eta amaitu, errespetatu. Pantailetan ikusteko sorkari guzti-guztiek Mary Shelleyk idatzitako istorioaren bertsioak egin dituzte, gehienek, gainera, liburuan ez daudenak kontatzeko. Mary Shelleyren liburuan, benetako munstroa, jainko izatea amesten duen gizona baita. Gizona diot, generoa ozen azpimarratuz, Mary Shelleyk azpimarratu zuen eran. Mary, bera munduratu eta hamaika egunera hil zelarik, amaren huts hori aldean bizi izan baitzen, are gehiago aitak erdi abandonatu zuelako. Amaren heriotzak eragindako min jasanezinak itsutu baitzuen Victor Frankenstein zientzialaria gaixotasunak hilko zituen izaki ustez perfektua sortu eta ondoren, arbuiatzera. Ez baitzuen alferrik Frankenstein edo Prometeo modernoa izenburutu. Prometeo, jainkoei aurre eginez jainko izatera jolastu zen titana, ezinezkoa posible dela frogatu nahi duen burugabea. Prometeo mixerablea, Joxe Azurmendiren poeman. Hemezortzi urterekin asmatu zuen Mary Shelleyk Victor Frankenstein, jainko izatera ausartu eta bizi daitekeenik eta oinaze alimalekoenak pairatu zituen zientzialariaren istorioa, berak hautatu ez eta bazterketa krudelenaren ondorioz bakardadera kondenatutako munstroaren tragedia. Gizonak, fedearen aitzakiapean zurrun gobernatzen zuen XIX. mendean, guraso filosofo erradikal eta feministak izan zituen Mary Shelleyk, etika eta zientzia, betiereko bizitzaren ameskeria, gaizkia eta ongia, amatasuna eta aitatasuna, mendeku gose aseezina hartu zituen kontagai. Horixe da beldurgarriena nobelan, ez Victor Frankensteinek sortzen duen munstroa, gerora mito bihurtu eta bere egilearen izena hartuko zuena, zinezko mendeku literarioa gauzatuz, bide batez esanda.

Istorioa kontatzeko, formalki, euskarazko literaturan sano urria den genero epistolarra edo gutun bidezkoa erabili zuen Shelleyk hasiera eta bukaeran baina tramaren erdian, Victor Frankensteinen eta berak sortutako munstroak lehen pertsonan egindako aitortza daude, gure uste harroan, Mary Shelley hemezortzi urtekoaren idazle eskua, kontalari iaioaren literatura erakusten duena. Hasiera hasieratik, misterioa gailentzen da kontakizunean, gertakariei zein pertsonaiei buruz gehiago jakiteko grina liburuaren amaieraraino iraunaraztea lortzen du idazleak, Victor Frankensteinek pertsona ezberdinen gorputz txatal ederrenekin osatutako gorpuari bizia emateko helburu itsuarekin bat egin du irakurleak, gaixotzerainoko itsukeria sortzen dion hori bere egiten du irakurleak, munstroaren tragediarekiko enpatiko bihurtzen baikaitu, Shelleyk proposatzen dituen galderak izua sortzeko modukoak baitira. V. Frankensteinek bere sormena, bere asmakizuna, bere ametsa bitan abandonatzen du, koldarra da, ez du bere aitatasuna onartzen, ez du seme hori nahi, gizartearen marginalitatera kondenatzen du, arbuio absolutura. Hau ez da eguraldi txarreko uda batez denborapasako, beldur apur bat eragiteko saiakera. Tragedia neurribakoa da eta hori gutxi ez eta, atenporala.

Eta euskaldunok zorionekoak gara hau bezalako liburuak, hau bezalako liburuak itzultzeko gaitasun itzela duten itzultzaileei esker, lehen-lehenik, aurrez espainolez edota frantsesez irakurri behar izan barik, euskaraz irakurri ditzakegulako. Eta ez edonolakoan. Iñigo Errasti Aranbarriren itzulpena txapela kentzeko modukoa iruditu zaigu, XIX. mendeko ingelesez sortutako lana dela ahantzarazten digu, kontaerarekin berarekin, mamiarekin ez eze, gozarazten. Mitoa desmitifikatzeko.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak