kritiken hemeroteka

8.622 kritika

« | »

Deserria haurtzaro / Maddi Zubeldia / Elkar, 2017

Deserrotzetik berrerrotzerako esperientzia: bizipenak eta ametsak Mikel Asurmendi / argia.eus, 2017-06-15

Maddi Zubeldia irakasle ari da, berrogei urtez honezkero. Doinuaren eta hitzaren dohainak haur eta nerabeei eskaini dizkie nahasiki.

Musikari gisa ezagutu dugu azken bost urteotan, H-Eden taldearen kantaria eta arima baita. Hamaika aztarna (2013) eta Intimitatean (2015) diskoak kaleratu ditu, baita hainbat poema ezagutzera eman ere. Euskal doinu eta letretan aldian behin plazaratzen den kasuetako bat da, bakan eta bitxia. Bere ele kantatuak dastatu izan ditugu, eta berriki, hitz-lauz landua idatzirik jalgi da plazara.

Deserria haurtzaro nobela Maddi Zubeldiaren estreinako ekarpena da. Berau idazteko bere mundualdiko bidaia edota esperientzia hartu ditu ardatz. Hots, lan autobiografikoa da, bi partetan emana —erran gabe doa, literatura emari autobiografikoa izaten da hein batean edo bestean—. Lehen zatian, Ana da protagonista; bigarrenean, Mila. Epilogoa ere badakar nobelak.

Deserria haurtzaro izenburuak nobelaren gai nagusia salatzen du: Ana (Espainiako) 1936ko gerra osteko familia batean sorturiko haurra da, Gipuzkoatik —Hego Euskal Herritik— Landak eskualde aldera —Frantziara, alegia— bizitzera aldatzen dena, lan egin beharra dela eta.

1. partearen ezaugarri nagusiak bi dira: egileak Landak eskualdeari buruzko ezaugarri sozial eta kulturalen azalpen doituak egiten ditu, baita pertsonaien deskribapen bipilak egin ere. Gurasoetatik hasita, familia-kideak eta tokiko lagunak ederki erretratatu ditu idazleak. Nobela, deserrotze batetik berrerrotze baterako esperientzia da, hainbat istorioz harilkatutakoa. Deserria haurtzaro-aren funtsa, oroi-mina eta herrimina dira. Beste ezaugarria, nobelaren ardatza: Anaren amets bidaiak dira. Horiexek berak izaki lehen parte honen bi atalen izenburuak: Amets bidaiak eta Azken amets-bidaia.

2. partea: Ana protagonista haurtzarotik helarora aldatzen da, Ana baina ez dago jada. Mila izeneko gaztetxoa bilakatua da protagonista. Familia Landetatik Ziburura aldatu da. Euskal Herrian bizi da. Lapurdin. Parte honek ere merezi du, merezi duenez, Lapurdi aldeko jendartea amiñi ezagutu alderat, besteak beste. Ez da gizarte horren erretratu soilik ageri horregatik. Ametsek eta bizi-bidaiek harat eta honat bide egiten dute. Pertsonaien oroi-mina arnasten dugu irakurleok, euren nostalgia geurea ere badela sentituz. Bigarren parte honetan, nobela harilkatzen dituen gaiak eta bizipenak biderkatzen dira. Hartara, gaiak gai, pertsonaiak pertsonaia, horiek guztiak zuri kausitzea eta uztartzea dagozkizu irakurle. Deserria haurtzaro ezagutzeak merezi dizu inolaz ere.

Nire epilogoa: deus aitzin, erran dezadan Deserria haurtzaro nobela duina dela. Maddi Zubeldiaren idazmoldea goxoa, berezkoa eta preziagarria da. “Baina” bakarra, nork bere baina(k) bizi ditu eta, baina madarikatua(k):

Literatura esperientziaren eta imajinazioaren ondorio eta emaria da. Nobela honetan, esperientziaren eta amets-bidaien bidezko kontakizunak uztartzen dira. Literaturgintzan bi ezaugarri horien uztartzea lantegi zaila begitantzen zait. Hein batean, bi alde horien uztarketa egin zait trabagarriena nobelan.

Edonola den ere, hori nire “baina” baino ez da. Literaturan nola bizitzan, gustuak eta gustuak daude, norberaren aburuak aburu baino ez dira, izan ere.

Azken kritikak

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Aiora Sampedro

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak