kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Txoriak etortzen ez diren lekua / Alaine Agirre / Erein, 2017

Zizarea erauzteko Igor Estankona / Deia, 2017-06-10

Traidorea da burua, izan daiteke lagun itzela arazoak konpontzeko, izan daiteke bera arazo, bera menderatzaile, bera gu. Alaine Agirreren narratiba ezagutzen dutenentzat hura bezain bizia begitanduko zaio poemategi honen erritmoa. Hala ere, hau bestelakoa da: iluminatu egiten ditu izatearen putzu ilunak, bertatik ateratzen ditu, poesiarako, ospitale psikiatrikoko bizi-penak. Hamar asteko egonaldian ondua, testigantza gordina da liburu hau, bakarrizketa xamurra ere bai.

Alaine Agirrek pentsamenduari lotutako literatura albo utzi eta irrazionaltasunaren poesia dakar Txoriak etortzen ez diren lekua harrigarri honetara. Alaine Agirrek giza infernuez ederto daki, eta zentro psikiatrikoko arau, giltza, ordutegi, ohitura, zaindari, bezeroen artean bera da beste bat, eta “nortasuna galtzen” zebileneko lekukotza estetikoa opatzen digu: “Idazten dut/ neure burua sartu dudan kartzela honetatik eskapatzeko/ idazten dut/ giltzaz itxitako gelak eta komunak eta armairuak irekitzeko/ idazten dut/ beti zarratuta dauden leihoetan zirrikitu bat zabaltzeko/ idazten dut/ ziega pareta-zuri hau urratzeko”.

Argialdiak eta beheraldiak, Alaine Agirreren poemak dira botilako mezua itsasoaren erdian, jasotzen ditugunak emozio eta urduritasun puntu batez, ondo idatziak, uneka bikain idatziak, emozioz beteak, uneka gailenak.

Dardarka jarriko zaitu. Anne Sextonek Sylvia Plath ezagutuko balu moduan ezagutu du oraingoan Alaine Agirrek bere burua, eta aurkeztu dio ospitale bat mikromundu bat dena bere baitan bildua eta kanpoko mundutik isolatua, non sitsaren hegaldia den, bere eskalan, heriotzaren hegazkada zabala: “Eta korridorea garbitzen ari den emakumea. Orain dela bost minutu lurrera bota dudan gonbitoa garbitu duena: Yolanda. Garbitzailea izateaz gain, hemen dagoen psikologorik onena. Komuna giltzaz irekitzen diguna txiza ala kaka egin beharrean gabiltzanean. Atea irekita, guri begira egoten dena, txiza edota kaka ez den beste ezer egin ez dezagun./ Geure buruaz beste, adibidez”.

Badauka liburu honek zentzuari eusteko ahalegin itxura, zera izan edo hura izan zentzua deritzoguna. Sendategiko hamar asteko egonaldian zirriborroetatik eraikia, Txoriak etortzen ez diren lekua da testigantza bat idaztea debekaturik dagoen leku batekoa, esperientzian oinarritua, idazleak berak dionez “hain esperientzi gogorrak, eta beste batzuk umorezkoak, eta beste batzuk hain dramatikoak zirenak ezen patetiko bihurtzen ziren”, eta haiei denei jarririk poema mozorroa hona hemen liburu bat edertasun hain gutxiko espazio hura eroangarri egiteko idatzia edo, esperantzaren bat asmatzeko idatzia edo.

Uste dut hala ere bereziki errebindikatu behar dela Agirrek daukan estilo propioa, aurkikuntza eder bat, betiko aurkikuntza bat, aurtengo poesiaren panorama momentuz hits xamarrean. Rimbauden estiloko tximista ikaragarri hauek inarrosiko ditu, seguru, irakurle sentiberaren barruak. Eta hala ere ironiaz suabeturik datoz, biktimismoan jausi barik, literaturan ezarriz esanahiaren pisua.

Halako batean Alainek dio, alderantziz ezarriz gauzen ordena: “Ezin idatzi, ezin sentitu”. Hemen idatzita aurkituko duzun mezu oro, beraz, banaka-banaka hausnartutakoa da; bizitza izpien dirdai poetikoa.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak