« Itzal oldeak | Ifrentzuak »
Zazpigarren heriotza / Juan Gorostidi / Erein, 2016
Zazpigarren heriotza Aritz Gorrotxategi / El Correo, 2016-10-16
Juan Gorostidik kaleratutako “Zazpigarren heriotza (autonomiaz eta bortxaz, dolu baterako arrastoak)’ saiakerak biziki maite dudan Asghar Farhadi irandarraren “Nader y Simin, una separación” pelikula dakar hizpidera hitzaurrean. Hainbatek sumatzen duen gogoeta bat eransten dio konplizitate horri: “urte gutxiren bueltan, oso aspaldiko kontuez ari garela irudituko du”. ETAk armak utzi zituenetik gero eta gehiago irudi du hori. Gorostidiren liburua bi ataletan banatua dago. Lehenean, “Errenterian izan zen”, lekukotza da nagusi. Bigarrenean, berriz, “Dolu baterako arrastoak” izenburukoan, bortxari buruzko gogoeta. Desmitifikazio liburua da Gorostidirena, hainbat fetitxe agerian jartzen dituena: iraultzarena, bortxarena, nazioarena… Beharrezkoa, erpin asko dauzkana, hausnarketara bultzatzen duena, zintzoa. Bere izenean ari bada ere, ez da zalantzarik kolektibo baten izenean ari dela, esperientzia bertsua bizi izan duen jende multzo batez. Lekuz kanpo ere sentitu zena, langileria ordezkatzen zuelakoan. “Langileria zela justizia beteko mundu bat eraikitzeko subjektua entzutea zen behar genuen ideia-zutabe borobila langile izatea erabaki genuenontzat”. Eta aurrerago dio: “Baina Elizatik baztertu baginen ere, ez al zuen Elizak gure funtsezko jokamoldeak egituratzen jarraitzen?”. Elizaren zurruntasun eta hutsezintasunak? Grafikoago esanda: “Sua ginen, su-piztaile, eta suak ezin du kalkulatu”.
Baina ez da ilusio faltsu bat bizi izan zuen jende-talde batez bakarrik ari. Neurri handi batean zokoratua izan zen jende-multzo batez ere ari da, etsi egin zuen jende-multzo batez, baita, neurri handi batean, etsitzera behartua izan zen batez ere. Gauzak alda zitezkeela uste izan arren, errealitatearen hormaren aurka tupust egin zuen jende multzo batez. “Ezin al genuen porrotaren ideia bera soportatu?”, galdetzen dio bere buruari liburuaren pasarte batean. Porrot hori onartu ordez, zenbaitek sua pizten jarraitu zuten, kontakizun “ofizial” eta “iraultzaile” baten bertsio desitxuratua eta interesatua zabaltzen, zeinean ETA bera eta haren ingurumaria (eta iraultzaren idealizazio hutsezina) bihurtu baitzen 70eko urte haietan (eta geroagokoetan) gertatu zen guztiaren egituratzaile bakarra. Errenteriari “Orereta” deitu izanak ederki laburbiltzen du Gorostidik bizi izandako usurpazio sentimendua. Lemoizen pasartea ere nahiko esanguratsua da zentzu horretan. Zentral nuklearraren itxiera ez zen ETAren garaipen bat izan, porrot luze baten hasiera baizik. Morrontza baten onarpenaren hasiera. “Batzuek armak mahai gainean ipiniz egin zutelako usurpazioa”.
Leninek botere guztia sobietentzat aldarrikatu zuenean, 1918an, botere guztia gutxiengoan zegoen bere alderdiak kontrolatzen zituen sobietentzat esan nahi zuela, dio Gorostidik liburuko beste pasarte batean. Zertarako? Gainerako guztiak suntsitzeko, eta bere alderdiaren estatu kolpe bat gauzatzeko. Neurri handi batean horri erantzunez, eta, hain zuzen ere, politika deitzen dugun horretaz ari dela, Gorostidik dio taldetik baztertzeko gaitasuna behar duela batek; “nola, baina, horrek esan nahi duena ulertu ere egin gabe; nor garen bera ere taldearen fantasmaren materiaz osatua denean?”. Izan ere, nazioari atxikitzera eramaten gaituzten indarrek nekez onartzen dute konpetentziarik: homogeneizaziora garamatzate beti.
Bestalde, nola esplika liteke kanpoan hogei bat urte iraun zuen prozesua (1968-1989, Irlandan IRArekin, Alemanian RAFarekin eta abar) hemen hainbeste luzatzea? Zer izan dugu guk berezi? Zertan huts egin dugu besteek baino gehiago?
Oso adierazgarriak dira egileak bere diskurtsoa eraikitzeko eztabaidara dakartzan erreferente eta konparaketak: “The Act of Killing” edota “Asier eta biok” filmak; Abrahamen sakrifizioaren mitotik edaten duen Gartxoten kondairaren eredu fratrizida (bizitza ala hizkuntza erabaki beharraren arteko auziaz), “ETAren hautsa”, Legearen aurrean edota Schlink idazlearen “Asteburua” (aita ekintzaile/hiltzailearen eta haren biktimez errukitzen den semearen arteko eztabaida) eta abar. Benetan merezi du liburuak.
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi