kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Erleak, satorrak, beleak / Gaizka Sarasola / Edo!, 2016

Absurdoaren antzerki soziala Alex Gurrutxaga / Berria, 2016-12-11

Antzerki-testuen argitalpen oro har urriaren baitan, ale estimagarria kaleratu du EDO etxeak aurten: Gaizka Sarasolaren Erleak, satorrak, beleak, hiru testu oso onekin osatutako bilduma.

Kaleko hizkeran, zentzugabeari hots egiten diogu absurdo. Literaturan, ordea, absurdoa ez da zentzurik gabea. Absurdoaren antzerkia II. Mundu Gerraren testuinguruan sortu zen, ematen zuenean hitzak ez zeukala ahalik haragikeria krudelenei aurre egiteko. Baina, paradoxikoki, absurdoak hitza indartu ere egiten du, hitz soila erretorikatik askatu eta bestelako testuinguruan kokatuz. Absurdoa, beraz, adierazpen modu jakin bat da: azaleko nahasmenduaren azpitik, tarteka azaleratzen den ibai esanguraz betea doa. Sarasolaren antzerkia marko horretan koka genezake.

Absurdoaren teatroaren ezaugarri asko dauzka: akzio gutxi, tenpo pausatua, ironia, errepikapenak, elkarrizketa amaigabeak eta kolpean eteten direnak, pausak, hitz jokoak, esaldi kontraesanezkoak, zentzu biko adierazpenak, metateatroa —bizitza espektakulu bihurtua—, estatikotasuna… eta Sarasolaren kasuan azpimarratzekoa, hizkera poetikoa. Oier Guillanek hitzostean dio “oihartzun politiko sendoko hizkera poetikoz josia” dela; baiezkoan nago ni ere. Orokortuz, antzerki modernoaren tekniken erabilera fin eta zaindua da Sarasolarena.

Lehen testuak, Urak ttiki dire-k, gatazkaren testuinguruan dauden pertsonaia biren amodio harremana dakar. Erreferentzia literarioa Godot izan daiteke, baina dimentsio soziopolitikoa nabaria da hemen. Tituluak markatzen du jada ildo hori, eta testuko hainbat elementuk —ezpata, erregea, lehergailua, etab.— irakurketa soziala indartzen du.

Lur azpikoak testuan, lagun batzuk elkartu eta musean hasi dira. Baina hastapen itxuraz kostunbristak laster hartuko du beste bide bat: meatzariak dira, satorrak, eta haien egoera ilunak eta borrokak dira gai nagusia. Pertsonaietako bat Espainiakoa da, eta, haren bidez, langileen migrazioa ere azaleratzen da. Kasu horretan ere, elementu gutxirekin testu aberatsa sortu du egileak. Beste zeinuen artean, argiak hartzen duen garrantzia nabarmendu daiteke: zeinu klabea da, bai Lur azpikoak testuan baita Talaka-n ere.

Azken testua da Talaka. Bakarrizketa da, baina bi ahots daude: pertsonaiarena —karakterizazio gehiagorik gabea— eta off-eko ahotsarena —zeinak langile-borrokaren gaia txertatzen duen—. 18 pieza labur-laburrez osatutako testua da; bakoitzak tonu bat iradokitzen du —lana, oinazea, indarra, eta abar.—, eta elementu narratibo lotzaile gogor bat daukate: pertsonaiak etengabe daragio talakari, beleak zaborretatik uxatzeko. Hauxe da beharbada testu sozialena: lan etengabeari katez loturik dagoen gizakumearen alegoria. Akzioa mugatua eta errepikakorra da —zutitu-eseri, mantala jantzi-erantzi, eta abar—, hizkera biolentoa, eta aparteen erabilera estrategikoak mezua indartzen du.

Amaitzeko, esan dezagun oso egokia dela liburuaren edizioa ere: fisikoki dotorea da, testuaren edizio eta zuzenketa aldetik txukuna, eta Galder Perezen hitzaurreak eta Oier Guillanen hitzosteak jantzi egiten dituzte Sarasolaren hiru testuak. Txalotzeko lana.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak