kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Alsina / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkar, 2016

Apetazko digresioak Hasier Rekondo / Berria, 2016-11-20

Aitor dezadan ez dudala gehiegi gustuko narratzaile intrusiboa, alegia, kontakizunaren harian sudurra etengabe sartzen duena, pertsonaien ildoak etengabe aldatzen dituena eta are gehiago horren berri ematen duena, sinesgarritasun sakro-saindua zalantzan jarriz, spoiler-aren aurrekaria nonbait. Norberaren apetak eta gustu literarioak norberak moldatzen ditu, jakina.

Xabier Mendigurenek (Beasain, 1964) nobela baten barne-hezurduraren gaineko saiakera praktiko-teorikoetan murgiltzeko baliatu du bere azken lana, Alsina (Elkar, 2016); etengabean excursus batetik bestera, Alex Gurrutxaga lankideak esango lukeen bezala. Nobelaren tripakien des-eraikitze lanetan ondo baino hobeto moldatzen dela erakusten du. Kontua da narratzailearen gehiegizko intrusismo horrek nolabaiteko mugak izan behar dituela, ene ustez. Gauza bat da narratzaile orojakilearen tresna etenik gabe baliatzea, eta oso bestelako bat gai guztiak interesgarri eta literario bihurtzea, Mendigurenek berak behin eta berriro aitortzen duenez, narratzailea nekagarri suerta bailiteke, batez ere gaiak lar xaloak gertatzen direnean; esaterako, emakume baten masturbazioaren berri ematea literaturan ohikoa ez omen delako.

Txatal narratibo oso ezberdin bi harilkatzen ditu lan bikoitz honetan: bata, 1997-1999. urteen artean idatzitakoa, Alsina emakumearen gainekoa, eta bestea, 2009 inguruan ondu euskal gatazkaren inguruko elkarrizketa. Txatalok txertatzean, batzuetan asmatu egiten du, eta, beste batzuetan, ez hainbeste; ekilibrista baten gisa aritu beharraren arriskuak. Halere, ezin zaio ukatu narratzaile orojakilearen lekuan gustura oso sentitzen dela Beasaingo editore eta idazle oparoa.

Nobela bipolar honen historia nagusiaren hariak bete nau gehien. 1980ko urtearen hondarretan Estatu Batuetatik Euskal Herrira haren iraganaren xerkan datorren emakume galdu baten potreta ederki eraikita dago; Alsina emakumeak ez du etorkizunik munduan haren benetako jatorriaren berri jakin ezean, etorkizuna iraganean besterik ezin baitu aurkitu. 1941ean, Gerra Zibilaren sufrikarioek bultzatuta, haren ama Begoña Arroitajauregiak eta honen gurasoek hasiera baten Alsina itsasontzian Marseillatik Amerikara halabeharrez egin zuten bidaiaren nondik norakoak jakin nahian abiatuko da. Alsina itsasontziaren etorkizun bakarra etorkizunean eraiki zen. Alsina alabak eta narratzaileak berak fikzioan asmatutako istorioak uztartzen dira ildo narratibo nagusi horretan, benetako historiaren bilaketa antzuan. Parte horrek merezi du, narratzaileak, prosa gardenaren jabe betiere, barne lanaren berri ematen duenean batez ere. Ez hainbeste, ordea, kontaketa historikoak, edozein entziklopediatan aurkitu baitaiteke. Digresio nagusia, Alsina-n zihoan Telesforo Monzonen bizitzaren berri ematea.

Egileak epilogo laburrean aitortu gisa, narratiboki “zulo batean sartuta” zegoela ohartu zen lehen historia amaitzean, eta benetan interesatzen zitzaionari heldu zion. ETA (pm) erakunde armatuan aritutako PSOEko buruzagi baten eta EAJko beste baten artean, 2009an, jateko gozagarriak dastatzen dituzten bitartean, eraikitako gatazkaren gaineko elkarrizketa minimalista da: 1981ko hasieran jazotako zenbait gertakizun historiko (Ryan ingeniariaren hilketa ETAren eskuetan, Lemoizko zentral nuklearra geldiaraztea, Joxe Arregiren hilketa torturen eraginez Madrilgo komisaldegi batean, ETA politiko militarraren desagerpena, Tejeroren estatu-kolpea…) dituzte hizpide. Estilo ariketa ausarta egin du Mendigurenek, zenbait irakurleri gogaikarri gerta dakiokeela onartu arren.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak