kritiken hemeroteka

8.754 kritika

« | »

Gabeziaren khantoreak / Tere Irastortza / Pamiela, 1995

Behatoki ezin hobea Aritz Galarraga / Argia, 2016-11-06

1984koa den Itxaro Bordaren Emakumeak idazle hartan Teresita zena, Tere da Irastortza jada hemen, Gabeziaren khantoreaken. Esan nahi dut: eskukada bat poesia liburu argitaratuta, 34 urte, aurreko lan ia guztia biltzeko moduan dagoen poeta heldua dugu dagoeneko. Bost poemategi sartzen ditu bakarrean. Ez dira idatzitako poema guztiak. Aldaketa funtsezkorik ere ez dute jasan. Baina: “Ezin eutsi izan diot bilduma honetan zenbait oroitzapen josteko irrikiari”.

J.V. Foix poeta katalanaren zita batek irekitzen du bilduma, hamar puxtarri. Eta jarraian lotzen zaio zenbait oroitzapen josteko irriki horri: “Aitor dezadan, lehen hiru liburuotan oso-oso gaztearena topatzen dudala letra”, edota “onartuko al dute kritikariek, halakorik baldin bada gure artean, nire idatz garaiko adiskideentzat dastagarri izan daitekeena”. Hori hitzaurre orokorrean, poema liburuak banan-banan komentatzen hasi aurretik. 1980ko Gabeziak estreinakoaz, zera dio gero: “Zertaz harro bizitzerik izango nuke orduko hitz guztiak idazteko adorerik banu”. 1983ko Gaia eta Gau aldaketak bigarrenari, besteak beste, hauxe gehitzen dio: “Joera nagusia zen euskal literaturan hizkuntza berarentzako atxikimendua, baina eguneroko bizimoduari heltzeko gutizia falta zitzaion. Mikel Arregi, Koldo Izagirre, Arantxa Urretabizkaiak ere arreta berezia zuten horrekiko, baina inork gutxik”. Eskertzen da, 1983ko Hostoak hirugarrenaz ari dela, zintzotasuna: “Gaia eta Gau aldaketak zein Hostoak-en aurreneko liburuko adierazpidetik urruntzen saiatu nintzen. Inondik inora, bilduma honetako testuen artean hauexek dira irakurlea, poema amaitu aurretik, gehien geldiarazten dutenak”. Halako batean, 1986ko Derrotaren fabulak laugarrenarekin, laburrerako joera hasten da azaltzen, poetak ahozko literatura tradizionalari lotzen diona: alegietako moralejak bezain labur nahi zituen, “baina moralismoaren kutsu hori ezabatu eta errealitatearen datatzea eskainiz”. Bosgarrena den 1986ko Osinberdeko khantoreak bildumako poesietan, bestalde, “lehenengo aldiz txertatzen da ironia puntua. Ironia edo umore mindua”. Eta, azkenerako, poemak eurak baino interesgarriago ia, poemen gainean, iragandako denboraren perspektibarekin, egiten den irakurketa ote den. Ez gaizki ulertu, mesedez, poemak ere irakurgarriak dira, baina norbere lanarekiko begirada kritiko hori egin zait kasu honetan deigarrien.

“Inork tentazioa izan dezake zaldibiarraren ibilbide poetiko sendo eta oparoaz ahazteko, baina gogoan hartu behar da 1980ko Gabeziak hartatik euskal poesiako erreferenteetako bat dela”. Beñat Sarasolak dio, eta 2011tik. Liburu hau litzateke ibilbide poetiko horren lehen atzera begirako, geraleku, behatoki ezin hobea.

Azken kritikak

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak