« Kasualitateen xerka | Pikaro modernoak »
Erleak, satorrak, beleak / Gaizka Sarasola / Edo!, 2016
Haien, zuen, gure trintxeratik Amaia Alvarez Uria / Argia, 2016-10-23
Gaizka Sarasolaren hiru antzezlan ekarri dizkigu Edo! Argitaletxeak, Erleak, satorrak eta beleak izenburuaren bidez bateratu eta soildu dituenak: Urak ttiki dire, Lur azpikoak eta Talaka. Lehena eta hirugarrena 2013an eta 2015ean taularatu zituzten eta bigarrena 2013an Cafe Bilbao lehiaketan saritu zuten.
Egungo euskal antzerkiko hiru puntu G biltzen ditu edizio honek: Gaizka Sarasola egilea, Galder Perezen hitzaurrea, eta Oier Guillanen hitzostea; hauekin, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa, komedia eta drama, absurdoa eta politikoa, edota tradizioa eta modernitatea uztartuz.
Euskal kulturatik edaten du egileak kantutegitik edo nekazal girotik hartutako elementuak erabiltzean, baina baita antzerki esperimental, konprometitu eta abangoardistatik ere, Godoten esperoan dauden bi pertsonaiak, lur azpiko zomorroen traza duten pertsonaien solasaldiko kritika soziala, edo egiak oihukatzen dituen kateaz lotutako zoroa kasu.
Askorentzat gaurko antzerkiaren funtzioa ikus-entzuleen barrualdea mugiaraztea da, emozioak eragitea, kontzientziak iratzartzea. Lan hauetan hori topatuko dugu. Egunkarietako berriak irakurtzean edo telebistako albistegiak ikustean ipintzen dugun distantziarako abagunerik ez digu emango Sarasolak. Krisia, gerra, heriotza ekarriko dizkigu eta gordin zerbitzatuko taula gainean. Zerurik gabeko bizitzak agertuko zaizkigu, lurrari oso lotuak, eta erdi ilunpean denak. Basoan, taberna-zuloan, soro hits batean.
Urak ttiki dire lanean Ilargi eta Willi aurkituko ditugu basoko bide bazterrean. Etsipena eta itxaropenaren arteko dantza izango da denborak aurrera egin ahala, eta iraganaren pisuak etorkizuna baldintzatuko du aldaketa posible den zalantzan jarriz.
Lur azpikoak lanean berriz, Martin, Pedro, Luciano eta Lucas meatzari jubilatuak taberna huts batean elkartuko dira erdi ilunpean musean jokatzeko. Meatzarien borroka eta istripuak krisi sozio-ekonomikoarekin harilkatuko dituzte berbetan, eta Kafkaren metamorfosiari ere erreferentzia egingo diote.
Talakan azkenik, “pertsonaia” izango dugu agertokian bakarrik. Kate batekin talaka bati lotuta dago eta (irratiko) ahots batek Hegoafrikan poliziak hildako meatzarien berri emango digu. Edgar Allan Poe eta Alfred Hitchcock aipatuko ditu pertsonaiak sorotik uxatu behar dituen beleen harira. Era berean, lana eta esklabotza parekatuko ditu egungo neoliberalismoa erdigunean ipiniz. Langileriaren baldintza kaskarrak, alienazioa eta klase borrokarako deia azalduko dira. Zu edo ni izan daitekeen pertsonaiaren hitzetan: “Edonon daude trintxerak. Jende guzia da trintxeretan sartua. Mundua guda zelai bat da!”.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez