kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Trilogia hiperlaburra / Karlos Linazasoro / Elkar, 2016

Absurdoaren bideak Javier Rojo / El Correo, 2016-10-08

Aspaldi galdu nuen Karlos Linazasorok idatzitako liburuen kontaduria, idazle honek urtero izaera desberdineko idazlanak eskaintzeko ohitura baitu, etengabe, idaztea eta bizitzea gauza bera izango balira bezala. Orotariko idazlearen izena ere eman lekioke, ironiarik gabe, bere eskutik datozkigun idazlanak dauden genero guztien adibideak dira-eta. Azken bolada honetan nobelatxoek (planteamendu absurdoaren gainean eraikitako nobela laburrak) eta testu laburren bilduma edo miszelaneatzat har daitezkeenek nagusi dirudite haren produkzioan. Oraingo hau, “Trilogia hiperlaburra” izenburuarekin argitaratu den idazlana, azken multzo horri dagokio, liburu honetan testu laburrak biltzen baitira.

Trilogia bat idazten duenez, jakina, hiru ataletan banatuta agertzen dira testuak: “Puntako orduetan”, “Fobien liburua” eta “Kaxako umea eritegian”. Lehenengo atalean istorio laburrak, mikroipuinak, biltzen dira, absurdoa eta umorea oinarri direlarik. Dena dela, Linazasororen umorea oso berezia da, askotan makabroa eta barregura sortu beharrean barrea izozten duen umore mota baita. Bigarren atalean argitaratzen diren testuak alfabetikoki ordenatuta daude eta dauden eta egon litezkeen fobia guztien zerrenda plazaratzen du, hiztegi moduan. Momentu batzuetan ia ezinezkoa dirudi halako fobiak benetan egon daitezkeela pentsatzeak, hau da, ez direla gainezka ari den irudimenaren ondoriozkoak. Baina kasu batzuetan jakin-minak bultzatuta, konprobatu ahal izan dut absurdoena dirudiena ere egon badagoela dokumentatuta. Hirugarren atalean berriro istorio laburren bilduma eskaintzen du idazleak. Hemen plazaratzen diren istorioetan gai zentral bat agertzen da, atala gehienetan gai horren inguruan aritzen baita aldez edo moldez: gaixotasuna eta honek erakusten dituen alderdi desberdinak.

Linazasorok idatzi egin behar du, ezinbestez eta etengabeko jarioan, eta idaztean mundu absurdoa jartzen digu begien aurrean, umore beltzez zipriztindutako mundua, hain zuzen. Absurdoaren gainean eraikitzen den literatura egiten du, baina errealitatea irudimenak asmatu dezakeena baino absurdoago eta sinestezinagoa izan daitekeela ere erakusten du.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak