kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Gizabere kooperatiboaz / Joxe Azurmendi / Jakin, 2016

Homo homini zer Alex Gurrutxaga / Berria, 2016-10-02

Joxe Azurmendi pentsalari erreferentea da euskaldunontzat. Maiz gizarte eta kultura gaietan aritu izan bada ere, literatura ere jorratu du, eta nola gainera: Orixeren itzala, errealismo sozialista, Miranderen filosofia, Antonio Arruti, Gandiaga… eta beste hamaikatxo gai, modu beti emankorrean jorratuak.

Azken saiakeran aspaldiko gai bati heldu dio; galdera batekin formula dezakegu: zer da gizaberea gizaberearentzat? Gizona Abere hutsa da (1975) testuan jada planteatua utzi zuen dialektika funtsezkoa: gizakia ona dela esaten duen mitoa batetik —basati ona, lagun hurkoa, eta abar—; eta, bestetik, gizakia abere hutsa dela dioen ideologia eta horrek berekin dakarren gizartearen antolakuntza —Darwin, eta abar—: “Nekez esan liteke, besterik gabe gudua naturala denik. Baina nork esan, bake unibertsalaren utopiak gizonaren natura hobeto interpretatzen duenik, bellum omnium contra omnes teoriak baino?”. Gizaberearen bakeak eta gerrak (1991) liburuan eman zion jarraipena lehendik abiatutako bideari, naturaz, gizarteaz eta indarkeriaz gogoeta eginez.

Gizabere kooperatiboaz lanean gaiari heldu dio ostera, aurreko lanetako erreferentzia nagusiekin segi —Darwinekin, bereziki— eta beste batzuk ekarriz —Huxley, Dawkins, Kropotkin, eta abar—. Bederatzi atal nagusi dauzka saiakerak, eta hitzaurrea, fabula gisakoa saiakera ixteko, eta 50 orritik gora aipu eta oharrekin. Ez da saiakera erraza, eta Azurmendiren idazkera partikularra da, hala egituraz —antolakuntzan, garapenean, eta abar— nola estiloz —parafrasietan, elipsietan, eta abar—, baina irakurketa interesgarria da, eta gogoetarako emankorra.

Gai gakoak ekonomia solidarioa eta kooperatibismoa dira. “Badago, ordea, arazo antropologiko-filosofiko aurretiazko bat gizakiaren berezko izaerari buruz”; alegia, berriz esanda, homo homini zer? Azurmendi darwinismoarekin abiatzen da —iraupenerako bizi-borroka, hautespen naturalaren printzipioa, eta abar—, eta oso kritikoa da darwinismo sozialarekin: “Darwinek arraza egoki(tu)enen garaipen eta arraza moldegabeen deseginduraren segida bezala burutatzen du giza historia, aberezko espezieen eboluzioa bezalaxe”, eta “sozial-darwinismoak hautespen naturalaren printzipioa indar basa kupidagabearen apologia bihurtzen du”.

Gero darwinismoari emandako hainbat erantzun jorratzen ditu. Adibidez, Kropotkin anarkistak, Huxleyri aurka eginez, defendatu zuen Naturan borroka bezain presente dagoela kooperazioa. Erantzun edo bestelako ildo hauen artean Arizmendiarrietarena da saiakerako garrantzitsuena, haren kooperatibismoaren jatorrizko izpiritua aldarrikatuz iristen baitu sintesia Azurmendik. Interesgarria da ikustea nola bat egiten duten anarkismoak eta kristautasunak kooperazioaren ideia nagusian. Edonola ere, Azurmendik iradokitzen du litekeena dela, gaur egun, printzipio darwinistak indar handiagoa edukitzea anarkistek edo kristauek aldezten zuten haurridetasunak baino: “gaurko diskurtso ‘laikoan’ horrelako bertuteentzako leku gutxi dago”. Ez da harritzekoa, beraz, Arizmendiarrietaren oinarri filosofiko-moralari begiratu beharra aldarrikatzea.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak