« Ezinegonak zizelkaturiko formak | Norberaren isla »
Elur bustia / Pello Lizarralde / Erein, 2016
Argiak errepidean: abailak mudatu du mundua, bizkorra moteldu da Mikel Asurmendi / argia.eus, 2016-09-29
— Bila ezak hor… Forru polar zahar bat ekarri diat hiretzat. Eta eraman ezak, nik ez diat behar (96. orria).
Lontxorena da ahapaldi hori. Nobelako protagonista Ramirori errana. Lontxo bigarren pertsonaia da. Bigarren protagonista naski. Pertsonaiak bakan dira nobelan.
Alabaina, badira nor pertsona(ia) hauek. Nolakoak dira Elur bustiako pertsonaiak? Zuk bilatu irakurle. Ramiroren bidaide segitzen dut nik, iruzkingile; Lontxok Ramirori eskaini forru polarra jantzirik. Liburuko azalean zintzilik duzun janzkia bera. Neguaren zantzutan noa, goaz.
Aldian oinez aldian kamio-stopean dabil Ramiro. Txofer bati mintzo zaio protagonista oraingoan.
— Itxura batean badaude gu baino makurrago bizi direnak, eta hala dabiltzanek, badakizu… ia edozein gauza onartzen dute. Hartara, haiek gutxi eta guk bat ere (28. orria).
Ramiro urrundik heldu da. Bestela ere irudika dezakezu; bertatik bertara dabilen morroia. Bertakoa da, edo izan daiteke, baita etorkina izan ere. Nor ez da etorkin? Destino finkorik gabeko destino petrala duzu Ramirorena. Etorkina hala nola joankina dateke.
“Argizariaren gozoa aspaldi zegon etxearen muinoan ezarrita”. Ramirok, eskerrak, aurkitu du aterpe bat.
Haranez haran doa Ramiro, lan xerka. “Farola baso harrigarriak” topatzen ditu bidean. Kamioi gutxi topatzen du ordea, lan urria euren eremuan.
Lontxok itaundu du oraingoan Ramiro:
— Dena lana al da?
— Hik esanen didak… Nik, ordea, beste galdera bat diat: lanik gabe zer da? (83 orria.)
Udazken koloretan gaindi doa Ramiro. Familiarentzat hazkurria aurkituko duelako menturan. Eta ni harekin.
Orioko bardoak Orba haranari abestu kanta dantzut. Alta bada, une batez, hitz hauek jaso ditut Ramiroren belarrietatik:
— Harritu ere egiten naiz pixka bat. Sakelako horiek daudenetik hain jende gutxi etortzen da (103. orria).
Anartean, mundu bat. Mundu xumea xeheki narratua. Itxura gutxiko mundu bat. Itxuraz ia deus gertatzen ez den pasaldia.
Ba al dago mundualdi globalizatu hau izaterik, nork bere baitakoa, nork bizi duena, xume eta apal gertatzen zaiguna, xehe-xehe azaldu ezean?
Ramirok bideari nola Pello Lizarraldek fier segitzen dio bere jiteari. Berezkoa daukan kontatzeko manerari, bere estiloari.
Mundu globala tokian tokiko galsoro, errepide eta aparkalekuetan dago. Hiri erraldoirik ezean, herriek eta auzoek kontakizun unibertsalak biltzen dituztelako menturan. Mundu txiki horiek entzuten jakin behar da, ordea. Horixe idazle honen dohaina.
Berriz ere, Elur bustia-n ere, abailan doan mundu honen begirada sosegatua eskaintzen digu Zumarragan jaiotako idazle nafarrak. Isiltasuna da nagusi Lizarralderen kontakizunean, bere pertsonaien mintzo pausatua.
Ramiroren hitzak moteldu dira eta isiltasuna gailendu (nire baitan). Elur bustiak larrazkeneko koloreak marguldu ditu dagoeneko. Haur garaiko kontuak aditzen ditut isiltasunean, Bidasoako (Berako) bardoaren ahotsean:
Argiak errepidean (Petti/Pello Lizarralde)
Mantso etortzen zen gaua udan,
eta orduan elkartzen ginen haur guztiak,
han, errepide bazterrean.
Autoen argiek itsutzen gintuzten
gure ondotik pasatzean.
Laster hasten ginen solasean.
Haur batek istorio bera kontatzen zuen
dardara arina ahotsean:
“Kamioi luze bat ibiltzen da alderrai
(e)ta hemendik pasatzen da noiznahi”
“Zatoz, itzal hori.
Geldi zaitez hemen.
Utzidazu hurbiltzen
eta barrenean begiratzen”
“Gelditzen bada, kasu eman.
Igotzera gonbidatzen zaitu iluntzean”
“Sartuz gero ziztuan urrunduko zara,
argia nola zeruan”
“Eta kamioian zaudelarik
ezkerrera behatu eta ohartzen zara,
inor ez dagoela bolante aurrean,
inor ez zure ondoan”
“Zaude, itzal hori.
Geldi zaitez hemen.
Utzi besarkatzen.
Hala hartuko duzu atseden”
Bideko segida:
Ramirorekin nindoala Pello Lizarralderekin ere ibili naiz. Haren aitaren kamioiaren kabinan imajinatu ditut Pelloren, Ramiroren eta ene burua. Pelloren aitaren soa behatu dut, haren bolantearen mugimendu ñimiñoena, enbragearen eta abiadura palankaren doinu karraskaria hauteman ditut bidaian.
Zumarragako izateak —neurri batean izateak, ene buruaz ari naiz— Lizarraldetarren kamioiak neureak ere izatea ekarri du, neurri batean. Pelloren aitari Pizkor zeritzoten. Kamioilaria zen. Garraioak bizkor egiten zituelako seinale.
Abailak mudatu du mundua, bizkorra zena motela da egun.
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Mikel Asurmendi
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Maddi Galdos Areta
Esker onak
Delphine De Vigan
Irati Majuelo
Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde
Gorka Bereziartua Mitxelena
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Hasier Rekondo
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Maialen Sobrino Lopez