kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Izenik gabeko lurrak / Urt Zubiaurre Otamendi / Erein, 2016

Difuminazioak Ibon Egaña / Deia, 2016-10-01

Estreinako ipuin liburua plazaratu du Urt Zubiaurrek Izenik gabeko lurrak izenburupean. Idatzi, baina, joandako hamar urteetan zehar idatzi ditu 18 ipuin hauek, eta haietako hainbat han-hemenkako lehiaketatan saritu dituzte. Ipuinaren ikuspegi propioa dakar berarekin Zubiaurreren lehen obrak, euskarazko narraziogintzan hain ibiliak ez diren bideetan barneratu baita kontakizun hauekin. Agerikoenetik hasita, garai historiko eta leku desberdinetan kokatuak dira ipuinak: XIX. mendeko Londres, XVIII. mendeko Hannover, II. Mundu Gerra osteko Alemania, baina baita Otzaurte edo Baztan, edo gaur eguneko edozein eskolatako patioa ere. Ezinbestean, garai historikoak bezala, ipuinen kezka eta gai nagusiak ere desberdinak dira: adiskidetasuna, denboraren joana, heriotza, fedea edo errua, eman dezagun.

Aniztasun horren hondoan badira, baina, hainbat ezaugarri ipuinon atzean egile bera dagoela aditzera ematen digutenak. Ipuinetako asko bi pertsonaia batzuetan antagoniko, besteetan urrunekoren arteko enkontrutik sortzen dira: polizia-komisarioa eta sorgin-igarlea, mutikoa eta agurea, Heidegger eta bere bizilaguna… Pertsonaiak sarritan beren bizilekutik, habitat ohikotik kanpo daude, gainera, eta leku arrotzean suertatutako enkontruak zabaltzen dio bidea ipuinari, ezohiko gertakizunari. Pertsonaiak aurrez aurre jartzearekin, bi mundu ere jartzen dira parez pare andoaindarraren testuetan (tradizioa eta gaurkotasuna, arrazoia eta sineskeria, ametsa eta zientzia); eta irudi luke horretan zerikusirik baduela egilearen formazio filosofikoak, ematen baitu solasaldi filosofikoaren planteamendu dialogikoa narrazioaren formatura ekartzen dela hainbat ipuinetan. Horrek aukera ematen dio, gainera, hainbat ideiaren inguruko ikuspegi antagonikoak ipuinetara biltzeko.

Bestetik, errealitatearen eta fantasiaren arteko mugekin jolas egiten du Zubiaurrek ipuin gehienetan. Bestela esanda, planteamendu errealista dute ipuin gehienek, baina kontakizunaren amaiera aldera errealitatea difuminatzen hasten da, lanbrotzen, desegiten, eta ezaguna uste zuen mundua arrotz bihurtzen zaio irakurleari, eta ezinbestean hasi behar du bere buruari galdezka, zer non hasi eta amaitzen den, sarritan amaierak ipuina goitik behera astintzen baitu. Indartsuak dira amaiera horietako batzuk, eta sorpresa baino gehiago bilatzen dute irakurleari ziurtasunak kolokan jartzea. Haatik, niri neuri erori egin zaizkit, amaiera difuminatu horietara iritsi ahala, ipuin batzuk, eta inpresioa izan dut eskertuko luketela planteamentu narratibo interesgarri horiek bestelako garapen bat. Orobat, jolasaren eta fantasiaren esparruan barnerago sartzen da Zubiaurre ipuin laburrenetan, baina nago emaitza interesgarriagoak lortzen dituela mundu narratiboek garapen sakonagoa dutenean.

Gorabeherak gorabehera, ipuina eta literatura ulertzeko modu propio bat eskaintzen du Zubiaurrek lehen liburuan eta merezi du proposatzen dizkigun paraje, gai eta pertsonaia ez hain maiztuetan barna abiatzea, galtzeko arrisku eta guzti.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak