kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna / Iñigo Aranbarri / Pamiela, 2016

Urak bere onera Aritz Galarraga / Deia, 2016-07-09

Apirila eleberrirako bildutako dokumentatze lana dago Aranbarriren azken liburuaren oinarrian. Eleberria irakurri duenak azkar igarriko du. Baina ez dakienari Jose Luis Otamendik argituko dio, hitzaurrean —bide batez, hasi eta buka, hona ekar genezakeen hitzaurrea, eta neronen erretolika aurreztu; ondo esan zuen Iñigo Roquek: “Aranbarri idazle ausarta da, Otamendi hitzaurregile jarrita ondotik neurria ematea ez baita batere erraza”—. Gauza da neurria eman, eman duela, eta ez bakarrik gari-artoena: prezioak gora egin eta halaxe hasi zen, 1766ko apirilaren 14arekin, Urolaldean matxinada. “Matxinada da, ez iraultza. Ez da jabetza jartzen zalantzan, espekulatzen aritu direnen kontrako amorrua da”. Nahiz eta izan zitekeen iraultza ere, Azpeitiako plazako dantzak erakusten duen moduan: eskurik esku, eta aldi labur batez bada ere, klase sozial bakarrean elkartu dira herriko estamentu guztiak. Ilusioa da, ordea: laster batean bueltatuko dute agintariek ordena, urak bere onera. Ez baita bakarrik, noski, gari-artoen prezioa; da, batez ere, “sastraka arteko txori izanik benetan sinestu dute beren burua goi-adarretan erakutsi eta kantuan jarduteko sortu direla”. Eta jasoko dute ordaina. “Eskarmentua da hitza”; kurioski, Miguel Sanchez-Ostizen hartako berbera.

Baina ez da hor geratzen Txanton Garrote. Tituluak agertu digu, agertokitik jaitsi da. Otamendiren hitzekin esateko: “liburuaren lehen erdian Matxinadari lotutako historiak hartzen du indarrik handiena; bigarrenean, aldiz, antzerkiaren eta kulturaren uretan sartzea da eskaintzen zaiguna”. Eta ur horietan sartuko gara, Peñafloridako kondearen El borracho burlado operaren karietara. Zeinak duen, hain zuzen, gure Txanton protagonista: txepetx bat, karrastarro egin dena. Kontuan izan gabe hori, apal aldaketa, larrutik ordaintzen dela. E, baina broma handi bat da dena. Noski, goikoek behekoei egin dietena. Egiten dietena: “XIX. mendeko antzerki kostunbristak, XX. mendeko gure telebista-saioek, XXI. mendeko gure film arrakastatsuenek asko zor diote Peñafloridaren eta Altzibar-Jauregiren umoreari, orratz eta hari beraz eginak dira guztiak”. Eskerrak, hartara, Aranbarrik Txanton jaisten duen, boteredunen jomugatik apartatzen, gurekin besoz beso jartzeko. Liburuko pertsonaia bilakatzeraino: “—Zuk segi bertsio ofizialarekin… —Idatzi izan dutenak dira, Txanton. —Irakurtzen ikasi orduan”.

Aspaldiko kontuez ari dela dirudi Aranbarri, eta ari da; baina baita gaur egunekoez ere: “ez da gobernu-bide okerra salatzeagatik menostuak, zapalduak, giltzapetuak, sastakatuak, erbesteratuak, ahaztu arte txikituak izan ziren gizon-emakume haien arteko izen bakarra berreskuratu”. Peñaflorida, Ignacio Loiolakoa, Elkano, Okendo, Blas Lezo, Vidaurreta, Legazpi, Txurruka, bai, horiek ezagun ditugu, ohoratzen. Baina Inazi Oleagari, adibidez, kale izen bat eskaini arte presente izango da orain 250 gertatutakoa. Bere laburrean luzea da Txanton Garrote, bere txikian handia. Eta ez dago Apirila irakurri beharrik osoki apreziatzeko. Hura irakurri zuenak hau hartuko du, ordea. Hau irakurri duenak hura nahiko du, ezinbestean.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak