« Pertsona politikoki okerrak | Hitzezko irudiak »
Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna / Iñigo Aranbarri / Pamiela, 2016
Isildutako historia, agertokira Hasier Rekondo / Berria, 2016-06-12
“Albisteak su-garrak olio gainean bezain arin dabiltzala? Ez, injustizia da zaharra”. Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, 1963) Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna (Pamiela, 2016) liburuan aipatzen duen injustizia zahar horrek soka luzea du; hala nola bere jaioterrian 1766ko apirilaren 14an emandako matxinadaren su-garrak piztu baitzituen, jauntxoek artoaren eta gariaren prezioekin espekulatu ondoren gosearen aho beltzak akuilatuta, edo Chiapasen matxinada zapatista, edota Parisen banlieuak sutan jarri Bouna Traore eta Zyed Benna gazteen heriotzaren ondoren. Injustiziek, eta goseak batez ere, nonahi piztu baitezakete arloteen —racaille azken finean Sarkozyren hitzetan— garrasi ez-otzana.
Aranbarrik nagusiki kronika historikoa paratu badu ere, Peñaflorida Kondearen El Borracho burlado antzezlanaren karira arlotearen eredu nagusi bihurtu nahi izan zuten Txanton Garroterekin gauzatutako elkarrizketa fikzionatua tartekatuz, narrazioa historikoaren ildo nagusian etengabeko digresioak txertatu ditu, batzuk beste batzuk baino hobeto ekarriak. Beste edozein idazleren esku monotoniaz blai aurkeztu zitekeen gaia jorratzean maisuki eusten dio tentsio narratiboari, narrazioa zirraragarri bihurtzeko eta maila ezberdinetara eramateko duen gaitasun paregabea erakusten baitu azkoitiarrak, betiere oso berea duen estiloa landuz. Haren estiloak ez du zerikusirik bolo-bolo dabilen estilo estandar hitsarekin; azkoitiarrarentzat hitz bakoitzak berebiziko presentzia eta pisua du, paregabea da lexikoaren erabilera adimentsua, estilo zaildua, ederra, geometrikoa, perpausaren konplexutasuna mugetara eramanez.
Arestian esan bezala, apirilaren 14 batean jaitsi zen Txanton Garrote agertokitik, Peñaflorida konde ustez ilustratuak bi urte lehenago arlote mozkortiaren rolean jokatzera igo baitzuen agertokira Txanton, euskaraz eta gaztelaniaz idatzi lehen opera. Egun horretan bertan, Espainiako errege Karlos III.aren Pragmatika batek indarrean jarritako zenbait neurriren ondorioz, gariaren eta artoaren prezioaren espekulatzeko bide emanda, Azkoitiko zenbait maizterrek matxinada piztu zuten eta jauntxoak behartu prezioa jaistera eta beldurraren eraginez hitzarmen bat sinatzera. Ondorengo errepresioak ez zuen klase gorenen aurkako atrebentzia onartuko. Aranbarri Txantoni mintzo zaio. “Ez zenuten ba pentsatuko besoak antxumatuta geratuko zirenik?”. Jauntxoen mendekua ez zen beso-motz geratuko. Mendeku goseak gosea isildu zuen.
Eranskin gisara, Gabriel Aresti poetaren Intxaustin poema ekarriko du narrazioaren harira Aranbarrik, Rikardo Arregi adiskideari zuzendutakoa alegia, “…Hala eta/ guztiz ere/ leihotik/ ikusten dudan/ herriarekin/ egiten naiz/ geratu”. Aranbarrik ere, literatura gardenerako begi zorrotza agertuz, herriaren aldeko hautu nabarmena egingo du eta matxino guztien alde jarriko, historian zehar errepikatu diren injustiziak izendatuz. “Eta jendaila hau, racaille hau, gosea, espekulazioa, lurraren banaketa injustua, hautagaien sistema baztertzailea, medikuak soilik aberatsentzat direla salatzen duen herri narras hau errukirik gabe adjektibitatu behar da…”.
Nobela historiko txatxuak modan jarri diren honetan, eskertzekoa da Aranbarriren talentua historia isilduak oihartzun izan dezan. Bere herriko arlote matxinoei eman die bozgorailu, baita zeuri ere, Txanton barregarri hori, azken finean, denok baikara Txanton, ezta Txanton?
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez