kritiken hemeroteka

8.546 kritika

« | »

Beti oporretan / Harkaitz Cano / Susa, 2015

Canon-aren obturadorea sakatuta geratu zitzaion eskritorea Mikel Asurmendi / argia.eus, 2016-06-03

Behinola, Harkaitz Cano gaztea oporretara joan zen —nerabezaroan alegia, Cano gaztea baita, idazle gazte zaildua—, eta bere Canon kameraren obturadorea sakatuta geratu zitzaion betiko. Harrezkero, kamerarik ezean, zentzumenak lagundu dio hitzen tempoa eta argitasuna zehazten.

Zentzumenak garatu ditu Canok: bere-berezko dastamena, entzumena, ikusmena, ukimena, usaimena… Taxuz idaztera, horiexek lantzea baitezpadakoa baita. Oporretan gure zentzumenek bestela erreakzionatzen dute. Haatik edo hargatik, “mendebaldarrok” beti oporretan gaude. Eta egon gabe ere, oporretan bageunde legez bizi gara. Oporretan gaudenean nahiz ez gaudenean, antzean erreakzionatzen ote dugun inpresioa bizi dut.

Hamalau narraziok osatzen dute Beti oporretan. Protagonista denetarikoak dira berauetan. Badira handiusteak, arroak zein pijoak, badira umilak eta antzaldatuak. Errealak diren fikziozko protagonistak badira ere, Danubio mekanikoa ipuineko Angel Merkel pertsonaia, adibidez. Ipuin kutsuko narrazio gutxi dagoela erranen nuke. Denak ez dira oporretan girotuak hala ere, opor giro anitzekoak dira, eta oporren mitoa itotzen dute sarritan. Beti oporretan bizi den jendarteak ezin du hagitz sanoa izan.

Lehenbiziko kontakizuna, Arrokarik altuena, inozentziaren hausturaren lekukotasun paregabea da. Erorikoa zanpez izaten da, eta urradurak betirako durduzatzen ditu haurraren gogoa eta egoa. Bigarrenean, Igerilekua narrazioan, pertsonaiek “bukatuko zirela zekiten gauzak nolabait iraunaraztea” nahi dute, edo horretara jokatzen dute. Mendebaldarron bizitza gailu bat da engoitik, Polaroid kamera nola. Haurtzaroko idealizazioa etxeko igerilekuan ito ahal da. Hirugarrena, Ospakizuna delakoa, heldutasun bidean, ospea eta opagaiak ospakizunetan urtu daitezkeen istorio eta isla da. Helmugara “heldu izana”-ren ordaina.

Sapore di sale ipuin antzaldatuan, printzeak ez dira ageri itsas urdinaren zerumugan. Zoroen festa da bizitza. Bizitzaren eromena oporretara eraman ohi da, oporrak bizitzaren ezin eramanaren irlak dira. Ipuinaren gatz zaporea, zapore gaitza da. Maiatzaren 1eko zubia, berriz, narrazio gur-etarra da. Eta horregatik, internazionalista ere bai. Parien gogoa jaitsarazi ez ezik, euskaldunon libidoa apalarazi dezakeen narrazioa. Arrazoia eta sentimena, platerkada bakarrean. Erreka narrazioa ere, oso gutarra da. Euskalduna, hots. Gure barne erreka ez da jario orekatua, ez horixe.

Boeing 767 narrazioa, horixe bai ipuina! Baina ez da Alibaba eta 40 lapurrak. Ipuin erreala da, egungoa, alajainkoa. Jainkoa krudela izaki alajaina. Bizitza nola oporra pasaia da. Pasaia nahasia Boeing 767 delakoarena. Suedia ez da dirudiena irakurtzean, opor ipuinen erdialdean zaude jada, opor mundu honen hainbat meridiano pasa dituzu jagoitik. Orain arte irakurria zoragarria izan dakizuke. Edo ez. Zuri dagokizu interpretatzea. Dena den, Ingrid pertsonaiak arrazoi ei zuen: Suedia ez zen zirudiena. Ezta oporrek ere.

Hurrengoa, Safaria, zortzigarrena izan arren, ez da istorio biribilena, oporren antipoden lekukotasuna da. Hala ere, komeni da oporretan gaudela sinestea. Oporra pasaia ludikoa baita. Oporra jokoa da. Ez dezagun fedea gal. Ikea Crucifixion narrazioan, Kristoren gurutze bideko bederatzigarren geldialdian nola, aireportuan, etxerako bueltan (Boeing 767 abioiko pasaiaria izaki betiere) badago bisitatutako hiriari buruzko gida-liburua erostea, eta oporren narrazio xarmangarria lagunei eskaintzea. Mendebaldean ez dago oporraldirik protagonismorik gabe. Eskertzeko da horregatik, Cano idazle eskribauak Danubio mekanikoa kontakizuneko protagonista Angela Merkel gutako edonor izan gaitezkeela sinestarazi izana. Oporretan, fedea funtsezkoa dela jakin arren.

Edozein apartamenduko giltzak etxeko giltzak bihurtu ditugu mendebaldarrok. Halaxe irudi Etxeko giltzak narrazioan. Baldarrak gara gero mendebaldarrok, hainbeste mende munduan jada, eta latza da Burger King bilakatu garela ohartzea.

Kontakizun guztiak ez dira zapuzgarriak, ez osotoro behinik behin. Belaontzia delakoaren protagonistak hiru dira: Anneli, Sandro eta Telmo. Lehen biak bikote dira. Sandro ez da Anneliren senarra horregatik. Senarra beste bat da. Annelik uste zuen Telmok ez zuela belaontzia inoiz bukatuko. Alabaina, ontziaren azken errematea egin gabe ere, hirurak itsasoratu dira. Hegazkinetan bezala, itsasontzietan ere arrisku gehien izaten da istripurik izateko. Arriskuak arrisku, beti badago norbait bizitza eta oporrak antzekoak direla erakusten duen rola jokatzeko. Protagonistaren rola betiere.

Izar ozenak narrazioarekin biribiltzen da liburua. Nahiz eta jakin zirkuluaren koadratura ezinezkoa dela, hala nola liburu bat borobila izatea. Ez gara bakarrik literaturari esker bizi, naturari beha eta so ere bizitzen gara. Dirdiz egiteaz gain, izarrak ozen mintzo direla ohartu behar dugu. Cano aspaldi jausi zen harkaitzik garaietatik. Neronek berriz, ezer gutxi dakit Cortazar edo Carver idazleez, haien obrak apenas ezagutzen baititut. Horregatik segur aski, nekez eta herabeki ekin diot iruzkin hau idazteari. Behin ez ezik bitan irakurri dut liburua, beti oporretan ibiltzetik “egunero arruntean” ibili ahal izateko.

Amaitzeko: kontraste anitzeko jendartea da mendebaldarrona, eta halakoxe ere da Harkaitz Cano. Bere-berez nabaritzen den eskritorea.

Azken kritikak

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak