« Zeinen etxeak dirauen zutik | Itzalak gara »
Poesia kaiera / Angel Gonzalez (Gerardo Markuleta) / Susa, 2016
Ironia etsituaren indarra Alex Gurrutxaga / Berria, 2016-05-22
Susa etxeak argitaratu dituen udaberriko hiru Munduko Poesia Kaieren artetik bat Angel Gonzalezena da —A. Lorde eta P. Celanenak dira besteak—. Haren ibilbide osoko poemak jaso ditu antologiak, 1956an argitaratu zuen lehen liburutik hasi eta 2008an, hil zenean, idatzia utzi zuen liburuxkara arte.
Espainiako 50eko belaunaldia existitu baldin bada —kontu eztabaidatua—, horretako ahots poetiko bikainenetako bat A. Gonzalezena da (1925-2008): hor kokatu ohi dira, besteak beste, Claudio Rodriguez, Jaime Gil de Biedma edo, bere modura, Antonio Gamoneda. Familia errepublikanokoa izaki, frankismoak markatu zuen Gonzalezen bizitzaren aro handi bat. Etengabe zapaltzen zizkioten ilusioak berpizten ohitua, idatzi zuen, “laster ohitu nintzen ahots apalez kexatzera, neure baitan madarikatzera, eta modu anbiguoan hitz egitera —gutxi, eta beti beste gauzei buruz—; hau da, ironia, metafora, metonimia eta itzulingurua erabiltzera”. Ahots apal hori bereizgarri du: bada soziala, baina, poesia oihukaritik edo arranditsutik urrun; bada umoretsua —batzuetan—, baina barre zantzoka hastekoa baino, irri mikatzaren eragilea; eta bada ironikoa, batez ere bere buruarekin, baina ez modu sadikoan, era desengainatuan baizik.
Asko azpimarratzen dute, hain zuzen, Gonzalezen ironia, eta argitu behar da ez dela besteei eraso egin eta norbera ezkutatzeko modu bat, baizik distantziari lotutako zerbait: mundua eta norbere burua ikusteko distantzia jakin bat da poetaren ironia. Gizarteari dagokionez, ironiara, bere hitzetan, printzipioz Frankismoko egoerak behartu zituen bere belaunaldikoak. Sin esperanza, con convencimiento (1961) liburuan, adibidez, denbora da gai zentrala, —Garaitua, Amodiozko urtebetetzea—, baina hainbat poematan dimentsio existentziala eta politikoa uztartzen ditu —Atzo, Etorkizun, Gazteentzako mintzaldia—. Bere buruarekiko distantziari dagokionez, berriz, nabaria da, adibidez, Datu biografikoa poema distiratsuan.
Ironiarekin batera, etsipena da poetaren beste konstanteetako bat. 60. eta 70. hamarkadetako poesian umore dosia handitu zuen Gonzalezek, eta jolasera gerturatu zen —baita txistera ere: horren erakusgarri dira, besteren artean, Agindua eta Kontragindua poemak, edo Heraklitori glosak. Baina azken poesian (2000tik aurrera) modu ikaragarrian areagotu ziren etsipena eta autoironia —barka ohar pertsonala, baina nik ezagutzen dudan poesia triste eta zaurgarriena da Gonzalezen amaierakoa—; lehen poema liburuko Hori ez da ezer poeman agertzen den ezereza, hemen absolutura iristen da (Nada grave).
Azkenik, esan behar da itzulpenak oso ongi funtzionatzen duela, eta —hemen aipatu ezin ditugun— hamaika ñabarduretan ikusten dela itzulpena zein fina den. Kaieraren itzultzailea, Gerardo Markuleta, poeta ere bada, eta, asko esatea izango da akaso, baina itzuli dituen poeten artean —eta badira batzuk— Oviedokoa izan daiteke bere tesitura poetikotik gertuen geratzen dena. Gonzalez euskaraz irakurtzen dugunean, ez dugu irakurtzen jatorrizkoa balitz bezala —eta topikoak dioenaren kontra, hori ez dago gaizki—, baizik eta Markuletaren Gonzalez bezala —eta hori oso ederra da—.
Ez da dudarik: euskal irakurlearentzat perla bat da antologia hau.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi