« Barren-barrenekoak | Ironia etsituaren indarra »
Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna / Iñigo Aranbarri / Pamiela, 2016
Zeinen etxeak dirauen zutik Estibalitz Ezkerra / Gara, 2016-05-21
“Apirila” (Susa, 2014) nobela idazterakoan 1766ko apirilean gariaren eta artoaren prezioa garestitzearen ondorioz Azkoitian eta Azpeitian jazotako herri matxinadaren inguruan bildutako dokumentazioa du oinarri Iñigo Aranbarriren azken lanak, “Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna”-k. “Apirila”-n bezala, matxinadaren nondik norakoak azaltzen ditu, baina, fikziora jo beharrean, gertakariak protagonisten ikuspuntutik azaltzeko —isildutako historia berreskuratzeko—, garaiko dokumentuen azterketa eta iruzkina eskaintzen digu, isilunea nork, nola eta zeri erantzunez sortu zuen agerian utziz. Kontua ez da horretan geratzen. Trebeziaz, egileak orduko eta egungo gertaeren arteko lotura azaltzen du, estrategiak aldatu izanagatik ere botereak botere izaten jarraitzen duela frogatuz. Aztertzen dituen artxibo dokumentuek (paskinak, orotariko dokumentu ofizialak), hots, matxinadatik geratzen zaizkigun lekukotza bakarrek, handikiek “beldurra” pasa zutela azpimarratzen dute etengabe. Herritar xeheek burua galdu zuten, indarkeria eta krudelkeria handia erakutsi zuten agintariekiko eta beren ekintzekin bat egin ez zutenekiko. “Zakil-azala moztu” omen zioten bati. Beldurrak bultzatuta, beraz, gertatu zen apirilaren 24tik aurrerakoa: matxinoek ezarritako legea indargabetzea eta haien kontrako jazarpena.
Ezaguna zaigu diskurtsoa, terrorearen kontrako gerraren garaian bizi garen honetan. Egileak, ordea, ez du interpretazio ofiziala bere horretan uzten. Dokumentuetan agintariek eta handikiek, beti ere bat eta bera, basapiztia legez deskribatzen duten vulgo-aren matxinadarako arrazoiak aztertzen ditu, hain zuzen, dokumentuotan gari eta artoaren prezioaren inguruan esaten denetik abiatuta. Are gehiago, Azkoiti eta Azpeitiko matxinada ez zela gertaera isolatua azaltzen du Aranbarrik. Ikuspegi kontinental bati jarraituz, XVIII. mendeko bigarren erdialdean gosearen matxinadak Europa osoan nola zabaldu ziren azaltzen du egileak. (Interesgarria izango litzateke Europaz kanpo, kolonietan, antzeko matxinadak jazo ote ziren aztertzea, ikuspegi globalagoa eskaintze aldera). Dokumentuen gaineko irakurketa zorrotzak erakusten digunez, agintarien eta handikien botere egarriaren erakusle besterik ez ziren gertaerak; “beldurrak” ez, mendeku goseak bultzatuta egin zuten herri xehearen kontra, Txanton Garrotek, Xabier Munibe Peñaflorida kondearen “El borracho burlado”-ko protagonistak, oholtzatik jaisteko ausardia izan zuelako.
“Historiako lehen euskal opera”. Horrela igaro da “El borracho burlado” euskal letren historiara; hala aurkeztu ziguten batxilergoan, gertaera horrek, historiako lehen euskal opera izateak, justifikatu eta legezkotu balu bezala herri xeheari, Txanton Garroteren irudian, zuzendutako iraina eta jazapena. Helburu bera zuen Joakin Altzibar-Jauregiren “Grand Tourra” (1772) antzezlanak, herri xehearen lepotik barre egitea “ezjakina” zelako, ezagutzak klase mailarekin loturarik ez balu bezala. “El borracho burlado” zein 1764ko irailaren 11ko antzezpenari buruzko kronikaren azterketaren bidez, matxinada garaian zer zegoen jokoan, handikientzat non zegoen iraina, azaltzen digu Aranbarrik. Muniberen operan ez dagokion maila sozialean agertzen da Garrote. Horixe egin zuten, hain zuzen, matxinoek; egokitu zitzaien rolaren kontra egin.
Tamalez, Txanton Garroteri ez, orduko agintari eta handikiei eskaini dizkiegu kaleak zein eraikinak. Aranbarriren lanak geure buruari zer historia bihurtu dugun “geure historia”, zeinen etxeak dirauen zutik, galdetzera bultzatzen gaitu.
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi