« Erresistentzia-poesia | Plazera versus epikotasuna »
Lili eta biok / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2015
Folletin proustiarra Ibon Egaña / Deia, 2016-04-16
Martutene-ren spinoff bat irudi lezake Lili eta biok-ek: eleberri hartako Martin protagonistaren alter egoa, Faustino Iturbe, da hemen protagonista, eta Martutene-n bigarren planoan zegoen Otzeta fikziozko herria eta gerra zibila lehen planora dakartza Lili eta biok-ek. Ordukoan bezala, gizonezko idazle baten eta emakumezko gazte baten arteko enkontruak (oraingoan sexuala ez denak, zorionez) jartzen du abian narrazioaren motorra, Lili neska nerabearen eta Faustino Iturbe idazle helduaren artekoak.
Lilik Otzetako aitonari entzundako gerrako pasadizo bat kontatzen dio Faustinori, eta kontakizun horren hariak josteari lotzen zaio pertsonaia nobelagilea. Juan Aramendia falangistaren eta Otzetako Rosaritoren arteko ezinezko maitasun-istorioaren berri izan ondorengo zazpi egunak gertaera haren egia berrosatzera datozen zantzu, enkontru eta kasualitateen multzoa dira. Bigarren mailako pertsonaia (are animalia) guztiek garamatzate Otzetara eta Juan eta Rosaritoren kontakizuna osatzera, sinesgarritasunean pitzadurak sortzeraino.
Badu nobelak folletinetik, eta baita tragedia klasikotik ere (Edipo erregea etor dakiguke gogora pertsonaien anagnorisietan). Baina, izatekotan, Proustek idatzitako folletin bat izango litzateke Lili eta biok, zeren prosak eta idazketak, xehetasunei emandako garrantziak eta mundu bat sortzeko gaitasunak igotzen dute nobela goragoko mailara. Horregatik du beharrezkoa arnasa luzea eta pertsonaiak eraikitzera, paisaian, gorputzetan, detaile txikienetan arreta jartzera emana den narratzailea.
Ez dira berriak gerra zibilaren inguruko kezkak Saizarbitoriarenean (errua, memoriaren transmisioa, herentzia ideologikoa). Lili eta bioken berritu egiten dira auziok eta erdigunea hartzen dute beste batzuek: heroi izan ez zirenen eta koldarren duintasunak, bando okerrean kokatu zirenen zintzotasunak. Iraganaren irakurketa politikoek ezinbestez ezkutatzen dituzten ñabardura indibidualei eta auzi etikoei heldu nahi izan die Saizarbitoriak eleberrian, eszena eta gogoeta beharrezkoak jasoz. Aldika zalantza sortu zait, ordea, ez ote dituen hurbilpen horrek etika eta ardura kolektiboak gehiegi lausotzen eta despolitizatzen.
Saizarbitoriaren beste obsesio batek ere zeharkatzen du Lili eta biok. maskulinitate galduarekiko mirak, Faustino Iturbe ostomizatu eta desio sexualik gabekoan haragituak. Nobelagilea, izan ere, gerrako kontakizuna berrosatzearekin batera, birilitatea ere berreskuratuz doa, eta hura errekuperatutakoan soilik izango da gai hala kontenplaziotik ekintzara pasatzeko nola idazteari ekiteko.
Irakurleak erabaki beharko du sinesgarritasunaren jolasean noraino iristeko prest dagoen; neuri urrutiegira eramana egin zait aldika (eta maiz justifikatzen zaila Lili eta Faustinoren arteko harremana ere), baina gehiegikeria zenbaiti ironiazko irribarrea egindakoan, gozatu egin dut istorioarekin, prosarekin, umorearekin eta, finean, zazpi egun fikziozko mundu propio batean pasa izanarekin.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez