kritiken hemeroteka

8.601 kritika

« | »

Su zelaiak / Mikel Peruarena Ansa / Susa, 2014

Historia baino unibertsalagoa Iratxe Esparza / Gara, 2016-04-09

Mikel Peruarenak fikzioaren eremua gurutzatzen du ekintza eta datu historikoez baliatuz; eraikitako unibertso literarioak Ipar Euskal Herriko herritarrek bizitako garai beltzenetariko bat islatzen du. 1914ko Gerra Handian Frantziaren alde borrokatzera abiatzen diren pertsonaien izen-abizenak ezagutzeak edota haien egunerokotasunaren berri izateak gerren irrazionaltasun eta absurdo, sufrimenduaren gordintasun eta su zelaien krudelkerien alde gizatiarra ulertzen laguntzen digute; hori guztiori subjektibotasuna baztertuta.

Orainak agintzen duen garaietan, eskertzen da “Su zelaiak” bezalako eleberri bat irakurtzea, historiarik gabe pentsatzea ezjakintasunaren eta ahultasunaren garaipenaren ondorioa delakoan bainago. Zentzu guztietan maisulan baten aurrean gaude: hizkuntzaren erabilera, oharkabean pasatzen ez diren baliabide narratiboak, kontakizunaren tonua, pasadizoen sorkuntza, errealitatearen deskribapen bortitzak eta kolektibitatearen giza sentsibilitatea; izan ere, testuaren zatiketa eta ahotsen aniztasuna baliagarriak dira subjektuaren edo norbanakoaren figura urtu dadin. Liburua Eric Hobsbawnen, historialariaren eta idazlearen, hitz profetikoekin irekitzen da: “Sarraskien aroa inauguratu zuen 1914ak”. Hala da, txikizioaren sinonimoa baita gerra, eta eleberriaren lau atalak horren adierazpen garbia dira. Hasieran, ezkilen hotsak espazioa eta denbora bateratzen ditu, guztiek entzuten dute gerlako kanpaien soinua eta narratzaileak Iparraldeko argazki orokor bat eskaintzen du; alegia, herriak eta biztanleak, baserriak, ogibideak eta afizioak. Gerlak denak berdintzen ditu, etxean geratzen direnak eta borrokatzera doazenak, guztien etorkizuna itotzen du. Laster etxean egongo zirelako konbentzimenduarekin festa giroan eta trenean sartuta frontera abiatzen dira gazteak, eta horien artean, Baionako Infanteriako 49. Erregimentukoak; berehala, ordea, etsipena eta nahasketa airean zabaltzen da alemaniarrek jaurtitzen dituzten obusak hasiko baitira denbora neurtzen. Baina narratzaileak ez ditu ahazten etxean eta isiltasunean gerraren bidegabekeriak jasaten dituztenak; horregatik, fokua aldatuz herrien egoera tamalgarrian, gosetean eta emakumeen posizioetan jartzen du. Bitartean, su zelaietan bizirautea da lehentasuna eta soldaduek borroka amaiezin batean bizitzari eta oroitzapenei eusten diete.

Kontatzeko erak liluratu nau. Narratzaileak toki guztietan pausatzen ditu begiak, presarik gabe, gizabanakoak kartografiatuz. Hitzak eta irudiak bat eginez, fokuaren mugimenduak eta narrazioaren zati handi bateko tonu aseptiko paregabeak errealitate anizkuna ahalbidetu eta istorioaren zama guztia pertsonaia batengan edo bakar batzuengan jartzea saihesten dute. Hasierako fokua leku, bizimodu eta existentzia batetik bestera mugitzen da —kamera bat izango balitz bezala—, baina testuak aurrera egin ahala orokortasunetik jaisten joango da narratzailearen tonuaren aldaketari lotuta. Giro eta eduki historikoak trebetasunez daude josita eta, era berean, Peruarenak bikain azaleratzen ditu gerrak zabaldu zituen aberriarekiko sentimendu kontraesankorrak eta gaizkiaren horrorea. Obra zatikatu baten bidez osotasun bat lortzen du egileak, liburuan agertzen direnek patu berbera partekatzen baitute: gerlaren ondorioetatik ez dago ihesbiderik. Sarritan fikzioak historia azaltzen du, Aristotelesek zioen bezala, fikzioa historia baino egiazkoagoa eta unibertsalagoa delako.

Azken kritikak

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Maddi Galdos Areta

Esker onak
Delphine De Vigan

Irati Majuelo

Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde

Gorka Bereziartua Mitxelena

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Hasier Rekondo

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Maialen Sobrino Lopez

Erroen izerdia
Jone Bordato

Nagore Fernandez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Asier Urkiza

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Jon Martin-Etxebeste

Enarak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Irati Majuelo

Herioa Venezian
Thomas Mann

Aritz Galarraga

Azken batean
Lourdes Oñederra

Ibon Egaña

Goizuetako folkloreaz
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak