kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Ez tiro egin anbulantziei / Mikel Ayllon / Elkar, 2015

Mezu sekretuen bila Amaia Alvarez Uria / Argia, 2016-02-21

Ez tiro egin anbulantziei liburuan distopia bat topatuko dugu. Utopiaren kontrakoa, etorkizun hurbilean koka daitekeen jendarte ilunaren iragarpen moduko bat. Adibide literario ezagunenetakoak Orwellen 1984, Huxleyren Bai mundu berria eta Bradburyren Fahrenheit 451 dira. Eta hirurak agertzen dira hemen modu batean ala bestean. Distopiek humanizazioaren galera dute hizpide eta mundu errealeko zenbait gairi arreta emateko erabili ohi dira. Kasu honetan deshumanizazioa arau sozialen zurruntasunari eta teknologia berriei lotuta ageri zaigu. “Kaleko debekuak” ditugu eremu publikoan eskubide eta askatasun murrizketak azalarazteko. Pantailak eta telefonoak ordea, inkomunikazioa eta harremanen desagerpena islatzeko.

Distopiaren barruan heterotopia ere badugu, “bestelako lekuak” edo arauetatik ihes egiteko aukera ematen duten espazioak: kartzela dugu abiapuntu eta hotela helmuga protagonistek egindako ibilbidean. Edo hotelean hasi eta kartzelan amaitzen da istorioa? Liburu honetan egileak egiturarekin esperimentatu du. Izan ere, lau atal nagusi daude: III, II, I, eta 0, kronologikoki atzekoz aurrera kokatuta. Irakurleari informazioa tantaka ematen zaio era horretan, eta amaieratik hasten da narrazioa. Lehen eta bigarren atalak borobilak dira, beregainak izan zitezkeen. Hurrengoetan agian informazio gehiegi ematen zaigu aurretik solte utzitako hari mutur guztiak ondo lotu nahian.

Aurkezten zaigun mundu hotz, motel eta grisean Gerard eta Sylvie dira protagonistak. Azaleko irudiari kasu eginez gero, Magritteren Les amants koadroaren arabera, desira frustratua edo ezinezko maitasuna ere izango da liburu honetako gai eta kezka. Baina paradoxikoki, mundu berri bat sortzeko borrokak lehentasuna izanik distopia honetan, ez dago tarterik pertsonen arteko zubiak eraikitzeko, nahiz eta sortu nahi den munduan pertsonen arteko kontaktua eta komunikazioa berreskuratu nahi den eta bitartekari diren tresna eta makinak bazter utzi, automata izateari utziz eta bizidun izatera bueltatuz. Eta hain zuzen horri egiten zaio muzin lortu bitarteko borrokan.

Amaitzeko, asko gustatu zaizkigu hitzei, liburuei eta literaturari buruz tartekatutako gogoetak, hauen indarra eta arriskua nabarmendu nahian egindakoak. Hitzekin jolasean horrelakoak topatu ditugu: “Burmuinaren zirrikituetatik abailtzen ari zaizkizu hitz guztiak, letraka zulo beltzean desagertzen, bizkarretik behera odolarekin nahasian, nahinora eta inora ez. Oroimina eta haren eskutik mina. Askatasuna eta asuna. Laztura eta ura. Heriotza eta hotza”. Pertsonaien izenekin ere jolasean dabiltza testuartekotasun ariketa bat proposatuz. Izenak aldatzeko ohitura du pertsonaietako batek. Bere gustuko liburuetatik hartzen ditu berriak, irakurlearentzat ezagunak izan daitezkeenak eta beste liburu batzuetara salto egiteko gonbitea egiten dutenak. Liburuz liburu mezu sekretuen bila abiatzeko deia dugu esku artean.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak