kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Ehiztariaren isilaldia / Luis Garde / Pamiela, 2015

Ezkaba ezin ezabatu Hasier Rekondo / Berria, 2016-02-21

Euskal kritikagintzaren eta edizioaren eguneroko ajeen ondorioz, badira kasik ezkutuan igarotzen diren liburuak. Hala nola Luis Gardek (Iruñea, 1963) 2015aren azken hondarretan argitaratutako Ehiztariaren isilaldia (Pamiela, 2015). “Gorriak eskapatu egin dira, denak akabatu behar ditugu, kagoendios”. Isiltasuna urratzen duten ehiztarien hitzokin ekiten dio Luis Garde idazle iruindarrak liburu mardul, sakon eta poliedriko honi, prosa poetikoaren bide zailduetan barrena, ahanzturaren aurkako orro isila.

Ezkaba mendiko kartzela frankistatik, 1938ko maiatzaren 22an, matxinatutako presoen talde batek ihesari ekin zion. Giza-ehizaldiaren ondoren gertaturiko sarraskiaz ari zaigu nobela poliedriko honetan orain arte nagusiki poesigintzan aritutako Luis Garde. Ihesaldiaren gaineko kronika historikoa izan nahi duen arren, liburuak baditu beste zenbait alderdi are erakargarriago egiten dituena: auto-fikzioaren itsasoetan barna idazlearen bizipenen gaineko sorkuntzaz eratu dietarioa, familia oroimenak eta isiltasun ezkutuei buruzko pasarteak (ene ustez liburuak duen alderdirik sakonena), bi iheslariren gaineko kronika beldurgarria, poemetan islatutako ihesaldia (bitxiki, egilea poeta izanda liburuko parterik ahulena, kontakizunak beste molde batean errepikatzeko arriskuak eraginda), gaizkiaren eta injustiziaren gaineko saiakera, besteak beste.

Idazleak lar urrun ikuskatzen baititu Iruñeko setioan gerra karlisten garaiko guda erromantikoagoa, horregatik ekiten dio erromantikotik ezer gutxi duen Guda Zibileko erailketa masiboaren zirrikituetan galderak egiteari, memoria galtzeko arriskuaren kontrako liburu terapeutikoa, barka hitza, eta testigantza pertsonala, memoria bera museo batean gorde edo ezkutatu nahi dutenen aurkako ukabilkada etikoa.

Gogoangarriak dira, esaterako, kontakizunaren protagonista ere baden Luis Garderen poetikaren gaineko hausnarketa, “hedapen urriko poemen idazle batek” nobelaren azalari kasu eginez gero, iruzkingile ospetsu batek haren poesia “epikotzat” jo baitzuen. Egileak iruzkingilearen xerkan abiatzeko gogoa adierazten du, ditxosozko epikotasun hori argitu guran. “Gaurko poema epiko bat, etikoki eta estetikoki faxista izanen ez bada, lirikoa baizik ezin da izan”, Ezkabako ihesaldiaz eraiki nahi litezkeen epikotasun guztiak ezabatuko ditu, jende arrunt-ehiztarien arrazoiak ulertu ezinik, gaizkia bera entelegatzea arras nekeza baita.

Nobela handia benetan Ehiztariaren isiltasuna, ezinbestekoa memoria edulkoratu nahi dutenen aurrean. Istorio horrek idaztea eskatzen zuen, ez baitzen epikoa, jasanezina baino. Eta nor hobe Ezkaba mendiaren ehizaren hautsetatik hezitako Garde baino. Narrazioaren itsaso handietan barneratzeko pauso ausarta eta ederra eman du iruindarrak. Poesiaren altzoetatik eraikitako narrazio indartsua, gure historiaz lazgarri egiten zaigun guztia kontatuz soilik ezin baita irentsi, irensterik baldin badago, bestela isiltasunari gailenduko baita.

Ezkabako San Kristobaletik 1938ko maiatzaren 22an ihes egindako 795 presoetatik 585 atxilotu eta presondegi-infernura itzuli zituzten eta 207 erail. Hiruzpalauk besterik ahal izan zuten Frantziako muga zeharkatu. Ehiztariek memoria ezabatzen saiatu arren, Luis Gardek memoria berreskuratzeko artelana eraiki du, ehiztari bilakatutako pertsonen zioak aurkitu nahian. Infernuko ateetan, isiltasunaren zama eramangaitzagoa baita heriotzarena baino.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak