« Izotzaren gordelekuetan barrena | Trauma, mamu, ilunpeetan barrena »
Back to Leizarraga / Kepa Altonaga / Pamiela, 2015
Euskara errazean txaplaka Alex Gurrutxaga / Berria, 2016-01-17
Kepa Altonagaren Back to Leizarraga liburuak hizkuntzaren eztabaida mahai gainean jartzen du. Eztabaida horretan, dio Altonagak, Gabriel Arestik erakutsi zion Leizarragarengana itzuli beharraren garrantzia. Paradoxa ederra: poeta modernoa klasikoengana bidaltzen. Aita Villasante aipatzen du segidan, eta nola bere ustez Leizarragak demostratu zuen euskarak natural hartu eta jorra dezakeela ondare greko-latindarra. Abiapuntu horretatik, literatur euskararen eta euskara teknikoaren hamaika ertz jorratzen ditu egileak, zuzen eta graziarekin.
Lexikoarekin hasten da: seguruenik ez da hori puntu inportanteena, nahiz apika bai gaian murgiltzeko errazena. Ongi jorratzen du eremua, nahiz eta garbizalekeriak —batez ere— gure hiztegian egin dituen kalteei buruzko Altonagaren tesia ez den honezkero oso berritzailea; alegia, aspalditxo dakigu garbizalekeriak “garbiaren garbiz ulertezin” bihurtu izan duela euskara.
Altonagaren ustez, antzua da hala sintaxian —erlatiboen ukapenean endrokatuta— nola lexikoan —maileguak ukatuz— jarrera purista hartzea, eta zorrotz argudiatzen du integratu beharra dagoela ondare latindarra. Horrez gain, ez genuke ahaztu behar hiztegi zabala daukagula ahozko tradizioan; atentzioa ematen du, hargatik, herri literaturak ze leku gutxi hartzen duen saiakera honetan. Halatsu gertatzen da euskalkien aportazio posibleekin ere; X. Amurizaren euskara batu aberastua goratzen badu ere, eta Altonagak berak, adibidez, asko eta ederki erabiltzen dituen arren “-gaz” edo “ez noa esaten” bezalakoak, ildo horri gutxi tiratzen dio.
Batez ere euskara teknikoari heltzen dio. Kasu horretan, Altonagaren ustez, neologismoek kalte handia egin dute, eta aurreiritzien eraginez, “zabarkeria ikusi dugu [egile zaharren euskaran], benetan egon dena zorroztasuna izan den lekuan”. Horra eztabaidarako hari mutur interesgarria.
Amaieran planteatzen duen kontua da euskara errazarena, literaturaren ikuspegitik interesgarriena. Gezurra izanik euskarak ez duela ahalmenik, eta jakin badakigunez euskara noranahikoa dugula, hauxe da galdera: hiztuna igo behar dugu “euskara errazaren urmaeletik haratago ausart” dadin ala euskara jaitsi behar dugu hiztunok “euskara errazean plisti-plastaka” ibil gaitezen? Horra beste eztabaida ildo interesgarri bat.
Oro har, gogoetarako bideak ederki zabaltzen ditu Altonagak, eta irakurleak aukera dauka bide horietan kritikoki sartzeko. Kontaerari dagokionez testu oso egokia da: hariari zehatz tiratzen dio, saiakeraren tonua modu orekatuan mantenduz —batzuetan oso kritiko—, eta, inoiz errepikakorra bada ere, mintzaira anaforikoak irakurlea bidetik apartatu gabe eramaten du. Narrazio petoari ekiten dion une apurretan, berriz, hala nola Zorrotza eta Arestiri buruzko pasartean, kontaketa fin askoa da.
Liburu honen gaia ez da berritzailea —zenbait puntu lehendik ere jorratuak dauzka egileak berak—, ia eternoa dela ere sentitzen dugu honezkero, baina beharrezkoa izaten segitzen du. Leizarragak —Altonagarekin hizketan— gaur egun zer esaten digun? Bada, ez denez munduan euskarari guk bezainbat nahi dionik, eta desiratzen dugunez “betierekoa” izan dadin, beharbada horretarako “eternala” izaten utzi behar geniokeela.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro