« Bill Douglassen autotopografiaz | Zuloak eta orbainak »
Baionak ez daki / Bea Salaberri / Susa, 2015
Unearen alkimia Hasier Rekondo / Berria, 2015-11-15
Prosa poetikoak ez du lar prentsa onik azken aldi honetan. Gure euskal idazle gorenetako batzuk ere irmo agertu dira poesiak prosari egin dakiokeen kaltearen aurka, narrazioaren zuzentasunaren kaltetan omen. Alta bada, egoki eta zentzuz erabiliz gero, prosa funtzionalaren eta estandarraren eremu agortua aberastu lezake poetikotasunak. Eta aire freskoa bezain beharrezkoa “xiringatu” prosa estandar gaixoari. Bea Salaberrik (Donamartiri, Nafarroa Beherea, 1977) prosa poetiko alkimizatua darabil egunerokoan txertatu anekdoten berri emateko. Kontu txikienetan, txikitasunaren handitasuna, oinarritu 33 narrazio ondu ditu bere estreinako liburuan, Baionak ez daki (Susa, 2015).
Salaberriren narrazioek ez dute, beren laburrean, ipuin batek eskatu dezakeen gutxiengo bilbadura nahikorik baina oso ondo funtzionatzen dute egunerokoaren autopsia emozionalen joan-etorriak pintzelkada arinean emateko. Gehienetan unean unean sortutako transzendentzia bilatzen dute, Milan Kunderak aipatzen zuen “historiaren pisua” urtuz. Bada, arras esanguratsua da liburuko bi pasarte “historiko-politikoetan” (ETAren su-etenaren iragarpen eguna eta Ipar Euskal Herriko departamentuaren sorreraren gaineko enegarren mahai-inguru irratsaioan) txipiroi edo gasta dastaketaren alderik “askatzaileenean” murgiltzea protagonista.
Narrazio laburrok idealismorako bideak zabaltzen dituzte. Inguratzen gaituen errealitatean aurkitzen du Salaberrik idealizaziorako parada, eta xehetasunek historia nagusia baldintzatzen dute, funtsezkoenaren bilaketa etengabean. “Horretarako da ona bixkotxaren teoria. Oroitarazteko funtsezkoa zertan den. Baliteke historian zehar, proiektu ederren eta kausituenek, beharbada bake hitzarmenek, aitzina egin izana deus gutxirengatik; agian matahami platerkada batengatik”.
Prosa poetikoa gurean nahiko gaitzetsia izan den gisara, zer esan zoriontasunaz. Euskal literaturaren arerio publikoa nagusia zoriontasuna da, alafede. Zoriontasunaren kontzepzio zabal eta sakonenenaz ari naiz, naski, ez txatxukeriaz. Salaberrik ez du arazorik aurkituko zoriontasunaren aurkako tabuak ezbaian jartzeko, liburu lar depresiboetan behin baino gehiagotan murgildutako iruzkingileak ahalegin hori eskertzea besterik ez du. “Doi-doietarik heltzen igar daitekeena da. Nihaurek ez nukeen erranen horrela zitzaidala, holako gozamen bat-batekoa eta erabatekoa”. Beren laburrean, eta sintaxi joko konplikatuenak bazter utzita, Salaberriren narrazioek barne-eztanda bilatzen dute etengabe, Marcel Prousten ukitu agerikoa nabarmenduz.
Zoriontasunaren bidean, eguneroko objektuek rol garrantzitsua jokatzen dute, berriro Proust eta haren madalena, Salaberrik maisuki erabiliko ditu objektuok eta baita izenburu bihurtu ere: Mandarinak, Txipiroiak Donostian, Garbigailu-larsen, Karpeta zaharra… Objektuok idazleari eragiten dizkioten emozio-uhinak bilakatuko dira narrazio-pilulon protagonista nagusiak. Menturaz, Salaberriren lehen liburuari jarri dakiokeen baina bakarra narratibitate faltari berari dagokio hain justu; istorioei benetako narratibitatea eranstea izango du erronka nagusia hurrengo liburuetan. Dena den, ongietorriak beti Salaberriren gisako proposamen pertsonalak, literatur joera nagusien ildo jakinetatik aldentzen direnak, su-etenak iragartzean txipiroiak mistizismoz dastatzea bezain gustagarriak.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi