kritiken hemeroteka

8.750 kritika

« | »

Bihotzero / Maider Agirre / egilea editore, 2015

Zuloak eta orbainak Iraitz Urkulo / Berria, 2015-11-15

Maider Agirrek autoedizioaren bidetik jo du bere lehen liburua argitaratzeko. Bihotzero du izenburu eta, askatasun erabatekoaz bihotzak agindutakoan idatzia izanik, literaturaren ikuspegi nahiko erromantikoa, oso pertsonala eta, batez ere, ausarta iradokitzen du. Ildo beretik doa idazleak aurkezpen-ekitaldi eta elkarrizketetan erakutsi duen jarrera ezohiko bezain txalogarria, bere lanari buruz azalpen luzerik emateari uko eginez, obraren kalterako baino ez litzatekeelako uste osoan.

Azal gogorreko eleberri eder-ederra da, mimoz sortutakoa, zuzentzaile lanak egingo lituzkeen editore baten faltan zenbait akats ihes egitea saihestu ezin izan badu ere. Txandakako egitura du testuak; batetik, istorio nagusiari dagozkion izenbururik gabeko zati luzeak daude, eta bestetik, kasu guztietan hitz bakarrarekin izendatutako pasarteak ageri dira horien artean txertaturik. Baina Bihotzero ez da literatura lan soila, hitz eta pasarte labur horiekin lotutako postal koloretsu bana baitakar, denak Idoia Beratarbide marrazkigileak eginak.

Lanean libre hartuta, izebari ospitalera bisitan doakion emakume baten eguna kontatzen da. Hasieran bakarrizketak narrazio osoa hartzen du, eta horren bidez protagonista eta haren egunerokoa osatzen duten pertsonak eta ohiturak pixkanaka-pixkanaka deskubritzen ditugu. Pertsonaia nagusiaren barne-eztabaidak eta zalantzak agerian geratzen dira, hausnarketarako joera nabarmena dela eta. Harena da ikuspuntu bakarra, errealitatea haren iragazkitik igaroko balitz bezala. Diskurtsoa egituratu gabea baina, halere, argia da, batik bat esaldi laburrez eta aditz jokatugabez eraikia, modu horretan erritmo eta intentsitatea berezia lortuz. Oro har, sentsazio fisiko, pentsamendu intimo, emozio eta sentimenduei estu lotua, betiere zintzotasunetik arituz. Hitzen jarioa etengabea da, kaos kontrolatu batean aurrera eginez.

Eleberriko bigarren ahotsa izebari dagokio eta, hark ere hitzen etorria eutsi ezinik, aurrekoa baino diskurtso egituratu eta landuagoa erakusten du. Ez da hitzontzikeriaren arrastorik, aitzitik, biek ala biek, eguneroko hizkuntza erabiliz, sakontasun handiko gaiei heltzen diete: familia, konpromisoari beldurra, amatasuna edo jaioterria eta iraganarekiko lotura zamatsua, besteak beste. Narrazioak aurrera egin ahala, atal bakoitza pixka bat sakonago doa emakume protagonistaren baitan, irakurleok haren zuloak, zauriak, orbainak eta koskak ezagutzeko bidean jarriz.

Testua familia bereko bi belaunaldiren arteko elkarrizketa gisa uler daiteke, non familiaren memoria berreraikitzeak eragindako deserosotasuna saihetsezina den, baina, aldi berean, guztiz aringarria. Oraina eta iragana samurtasun handiz baina egoera goxatu gabe txirikordatzen diren istorio honetan, Maider Agirreri nahikoa zaio egun bat emakume protagonistaren bizitzan familia oso baten esentzia atzemateko.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak