kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Baionak ez daki / Bea Salaberri / Susa, 2015

Idazle berri bat Katixa Dolhare-Zaldunbide / Berria, 2015-10-15

Ez, ez, Txema zutabekide, idazleak ez dira arrunt desagertzekotan. Eta nik dizut hori baieztatzen, Iparraldetik. Ezen, sustut hitza ezagutzen dugunon artetik, aste honetan agertu zaigu idazle berri bat. Egia erran, badu aspaldi idazten duela, bere buruarendako, bere blogetan, Argia-n, Iparraldeko Hitza-n; hemen daukagun Euskal Kultur Erakundeak bultzatu literatura sari bat edo bertze ere badu irabazia bere sormen lanendako. Baina ez zuen oraino libururik plazaratu. Hona egina dela aste honetan, Susa argitaletxeak lagundurik, eta hona beraz publikoaren bistan idazle bihurtua dela —nahiz zalantzan jar daitekeen idazle izateko irizpide nagusia liburua argitaratzea den, bai eta dudan ezarri ere liburua plazaratzen duten guziak idazle diren, hori beste eztabaida liteke—.

Bea Salaberri deitzen da idazle berri hori, eta biziki pozten nau haren aipamena egitea kronika honetan, ez bakarrik gaztea eta emaztea delako —horiek gaur egun oraino bi akats handi daudela kultur munduan—, baina ere preziatzen dudalako haren hizkuntza zorrotz eta poetikoa, eta idazten duenaren zintzotasuna.

Donamartiri herrian sortu zen Bea Salaberri, eta orain Baionan bizi da, eta hor lan egiten du. Baionak ez daki izendatu du lehen narrazio liburu hori: hogeita hamahiru kontakizun laburrez osatua da, eta Baiona hiritik bazter geldi ohi diren gauza tipi eta ezdeusetan oinarritua da.

Narrazio intimistak, beraz, hunkigarriak, kontalariaren plazer, lorpen, etsipen, sekretu eta grinak azaltzen dituztenak, umore finez gainera. Denbora nola geldi daitekeen maite dugunarekin trago baten edatera goazenean; mandarinek gure haur jostakin arima nola berpitzarazten duten; emazteen zakuek edo amen armairuek eragin gogoetak; egunero gurutzatzen den jendearen bakartasunaz hausnarketak… hainbat inspirazio gai narratzaile hipersentsiblearentzat.

Ulertu dukezue, ez da euskal gaietan zentratua liburua, baizik eta kontalariaren jendetasunarengan, bere baitako arrangura existentzial eta sozialetan. Txipiroiak Donostian narrazioa horren lekuko daukagu: “Historikotzat eman egun hartan”, 2011ko urriaren 10ean, narratzailea Donostian gertatu zen, bazkaltzera gonbidatua, eta egun hartaz bere memoriak gogoan atxiki duena txipiroien gustua izan da ETAren iragarkia baino gehiago. “Azken arrainki puska irentsi, hegoaldekoek bakarrik egiten dakizkiten ebaki ahotik ezin utzi horietarik bat kliskatu eta parti. Egun historikoa izateak alde batean ez baitzigun egiteko demasa ezeztatuko bestaldean”.

Itxaro Bordaren % 100 Basque-ren kutsutik dauka Baionak ez daki bildumak, Gasna zatian argiki agertzen denez: handikeriaz jositako delako ekintza historikoek zer balio ote dute eguneroko errealitate etsigarriari begira, hots euskarak oraino gain-behera ikaragarritik segitzen duelarik gure aldean?

Interes gutiko liburua, ondorioz, euskal giro politikoa harrotzen duten eleberrizaleentzat? Beharbada ez, narrazio labur horiek kontatzen dituzten mikrogertakariak erresistentzia moduko ikuspegitik aurkeztuak direla ohartu nahi badu: erresistentzia (euskal) gizarteak inposatzen digun presio politikoaren artetik hatsa hartzeko eta noizbehinka bizitzaz gozatzeko, nork bere gorputz eta izpiritu izateari adi egonez.

Hain zuzen —baina ez dakit Ipar euskal herritar izanagatik dudan hori horrela sentitzen—, euskal gaien eta zuzentasun sozialaren kezka dugunok —eta pentsa daiteke Bea Salaberri hala dela— leporaino sartuak gaude hainbat elkarte eta mugimendutan (adibidez euskal monetaren alde, emazteen alde, liberalismoari alternatibak eraikitzearen alde, tokiko garapen sozialaren alde, etab.), gure lan eta aisialdi denbora gehiena neurriz goiti eskainiz errealitate soziopolitikoaren aldaketaren alde —etxeko lanak aipatu gabe ere—. Ondorioz, egia da on egiten duela noiztenka gure intimitateari arreta egitea.

Idazle berria dugula hor, Bea Salaberri. Ea liburu horrekin oldarra hartuz ondokoak ontzen dituen, gure atsedenerako, eta haren ildotik besteak agertzen diren Ipar Euskal herri honetan.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak