kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Jururu / J.E. Urrutia Capeau / Pamiela, 2015

Jururun gertatua Estibalitz Ezkerra / Gara, 2015-07-04

Urrutia Capeauren azken lanak biltzen dituen istorioak Jururun kokaturik daude, eta hango bizilagunen gorabeheretan oinarrituta daude bertan azaltzen diren pertsonaiak ere. Diotenez, Kubako ekialdean den badia honetara iritsi ziren, Kristobal Kolonek gidaturik, espainiarrak 1492an. Kolonizatzaileek indigenek tokiari emandako izenari, hots, “Jururu”-ri, eutsi egin zioten, sarraskiari ekin aurreko begirune keinu bakarrenetarikoa. Baina istoriootan azaltzen denez, leku izenetan ez ezik, tokikoen hazpegi zein ohituretan antzeman daitezke iragan indigenaren aztarnak, Jururuko biztanleek metropoliarekin duten lotura lehenesteko joera duten arren.

Hiztegiaren arabera, jururú hitza erabili egiten da portugesez (noiztik den ez du zehazten), kontrajarriak eman dezaketen bi adieratan. Lehenengoaren arabera, hitzak “pessoa que demonstra uma apatia, um desânimo” (gogogabezia, uzkurdura keinuak agertzen dituen pertsona) adierazi nahi du, eta adibide moduan ondoko esaldia eskaintzen du hiztegiak: “Ele anda muito jururú” (Arras jururu dabil). Bigarren adierak, honakoa dio: “diz-se de pessoa que está com muita raiva” (amorru handia duen pertsonari esaten zaio). Eta adibidea: “Desde que recebu os caroes do pai, ele anda jururú” (aitak errieta egin zionetik jururu dabil). Istorioetako pertsonaiek ez dute uzkurdura zein amorru izpirik azaltzen, ez behintzat pertsonaia uzkurrak direnik edo amorruak jota daudenik esateko moduan. Aitzitik, liburuak bildutako gertaeren arabera, ematen du poztasun ezaxolatiz bizi dutela beren egunerokotasuna. Baina benetan hala da?

“Jururu” irakurtzen ari nintzela behin eta berriz joaten zitzaidan gogoa Urrutia Capeauren aurreko lanera, “Weyleren itzala”. Hark ere Kubari egiten dio so, baina kasu honetan Valeriano Weyler y Nicolau —Kubako kapitain orokor izandakoa eta hainbat kubatarren heriotzaren erantzule, independentzia gudan— da liburuaren ardatz nagusia. Alegia, hark egindakoaren eta hari buruz esan eta gogoratzen denaren gainean oinarritzen da liburua, Michel-Rolph Trouillot Haitiko antropologoak “isildutako historia” izendaturiko hori, garaipen historien itzalean geratutakoa, berreskuratzeko. Zentzu horretan, “Weylerren itzala”-n Weyler y Nicolau ez da, historia ofizialean ez bezala, heroi moduan agertzen, kapitain krudel eta anker bezala baizik. Baina hara zein den paradoxa, haren irudiaren kontra egin arren, liburuaren ardatz nagusia den aldetik Weyler y Nicolauk, “goiko” irudi batek alegia, Kubako independentziaren gaineko historia ulertzeko irudi klabea izaten jarraitzen du.

Aitzitik, Jururun “behekoen”, hots, botere dinamikatik at baina betiere haren eraginpean dauden pertsonaien bizipenak azaltzen zaizkigu. Testuingurua iraultzaren osteko Kuba da, ez independetzia (edo bada zentzu batean, bata bestea gabe ezin baita ulertu), haren argi-ilunak, pertsonaien eguneroko jardunean islatuta/inprimatuta agertu bezala. Azken horrek konplikatu egiten du, lehengo galderari helduta, ezaxolazkoa bezala antzeman daitekeen jarrera, eta “behekoen” biziraupenaren orbitan kokatu.

Jururutarren istorioak tokikoek erabilitako hitzez zipriztindu ditu Urrutia Capeauk, eta haien inguruan oin-oharretan emandako azalpenak irakurrita errusiar formalistek “otstranenie” izendaturiko horren antzekoa sentitu dut, testuaren “ezberdintasuna” edo “bitxikeria” onartuta hura ardura handiagoz irakurtzera bultzatu nauena, bertan azaldutako bizipenen konplexutasuna aintzat hartuta. Urrutia Capeauk berak egindako paisaia-margolanak biltzen ditu liburuak (tarteka Jururun bizi baita egilea), testuaren hiztegi aberatsarekin batera Jurururen irudia zehazten laguntzen dutenak.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak