« Jururun gertatua | Ustezko nobela bat »
Sasiak ere begiak baditik / Aingeru Epaltza / Elkar, 1986
Iruñea besterik Aritz Galarraga / Argia, 2015-07-05
Bada, iruindar maiteok, Asiron alkate izendatu izana baino amesgaizto gaitzagorik: adibidez, Pedro Mari Arrieta baztandarrak Hiri Buruzagian bizi izan zuena, pastiza deskubritu ziotelarik. Ordura arte, aldiz, kalma. Karanbola bitxi xamar batengatik: tropa karlistetan soldadu soil, teniente ospedun izatera pasa zen, bataila baten ondotik, liberalekin. Hau, orduan, Iruñea, zer bilakatu zitzaion: “Don Kaxildok bere predikuetan aipatzen zigun Jerusalem eta Babiloniaren pareko zen ikusitako oro”. Dena berri, dena zoragarri, dena gogo-izpirituarentzako laketgarri. Eta gorputzarentzako, Urrezko Eskalapoina izeneko kantinara egindako bisitak kasurako. Nor harrituko da gero: “Ez dut leku zoragarriagorik ezagutu Iruñea besterik”.
Baina ez da ehun urte irauten duen zorionik —ez eta, zorionez, errejimen foral ustelik—. “Ederra zen, bai alafede, Torres tenientea izatea!”. Harrapatu egingo dute, ordea, karanbola bitxi hartan atzean utzitako diru moltsa kozkorragatik: “Ez zekiat oraindik zer haizen, zorte oneko ergel bat ala egundo baino zakurragoa”. Eta izango zuen akaso Arrietak arbaso kanidorik, lortzen baitu berriz eskapo egitea, kasu honetan Euskal Herriko hiriburu historikoa omen denetik. “Antzerki txar batetako komeriante txirtxila senditzen nintzen une hartan”.
Bertan kontatzen zaizkigun pasarteak lehen karlistadako bukaerari dagozkion arren —hala diosku irakurlearentzako zenbait argibide dakartzan sarrera modukoak—, liburu osoa zeharkatzen du umore lerro benetan irringarri batek. Adibide ugari ekar liteke, baina, barre ederra atera zidan esaterako, hasiera partean, Zumalakarregi hiru urtean hila dela, “Don Tomas Zumalakarregi, izan bedi gure nagusiko!” oihu egiten duenean Arrietak, auskalo zer jeneral berri agertzen zaienean parean. Haatik ere, kontakizunak badu hausnar sakonagorik, adibidez, gerrari buruzkoak, karlistak noski, susmoa dut ez bakarrik: “Hamabortz urte antsu zeramaat alde batetik bertzera iraultza delako baten alde”, edota “gerlaren akaberan etxera ailegatzen haiz (…) zorte ona izanez gero, atera hintzen bezain osorik, baina baita atera bezain esku huts ere”. Konpletoa iruditu zait eleberria oso, Aingeru Epaltza artean gaztetxo baten lehena izateko.
1985. urteko Iruñeko Udalaren literatur sari, noizbait desagertu zen golardo hori, auskalo amesgaiztoa eta ametsa nahasten duten horien eskutik. Eta seguru Epaltza gaztetxoak ere izango direnez egun, zer hoberik, udal gobernu berriarekin euskal idazle belaunaldi berriak aterako balira, Epaltzarenaz gain, Alonso, Aranbarri, Lizarralderena ere baden hiri horretatik.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez