« Iruñea besterik | Aldarrikapenak »
Orube abandonatuak / Garazi Kamio / Elkar, 2014
Ustezko nobela bat Iban Zaldua / ibanzaldua.wordpress.com, 2015-07-08
1. Gogoz ekin nion liburua irakurtzeari, baina hasiera ez da bereziki esperantzagarria: liburu batek kontrazaletik bertatik “gezurra” esaten badizu, malo. Nahiz eta horretaz ez den irakurlea ohartzen orrialdeetan aurrera egin arte: orduan, uneren batean, atzera egin eta, badaezpada, atzeko testu publizitarioa berrirakurtzen du (bai, “eleberri” ipintzen du bertan, zalantzarik gabe), eta, bestalde, XIV. Agustin Zubikarai beka irabazitako lana dela gogoratzen du (hots, “nobelak sortzeko” beka bat, oinarrietan argi eta garbi azaltzen den bezala) (tira, agian ohituta egon beharko genuke honezkero, gogoan hartuta nola bihurtzen ziren haur eta gazte literaturako Jaka Beka batzuk, xirmi-xarmaz, helduentzako liburu, garai batean…). Kontua da Orube abandonatuak ez dela nobela bat, ipuin liburu bat baizik: hiru narrazio luze eta apurtuez osatua, ados, baina ipuin liburua (horretan bat nator Alex Gurrutxagaren kritikarekin). Egia da egilea saiatu dela hiru galtzaileen inguruko istorio hauek (oso arinki) lotzen, baina harreman horiek, nahiko zirkunstantzialak direnak, ez dira nahikoa (nire ustez) nobela batek eskatzen duen trinkotasun maila minimoari eusteko. Nobela batez ere arkitektura baldin bada (eleberrigile batzuek defendatzen duten bezala, ipuina arbuiatzeko hain zuzen ere), liburu honek huts egiten du alde horretatik, atalak zatitzea eta tartekatzea ez delako nahikoa nobela eraikitzeko; izan ere, zatiketa horietako batzuk nahiko arbitrarioak dira, ipuinak nobela bihurtzeko ahaleginak bultzatutakoak soilik, eta iruditzen zait ez dutela ondo funtzionatzen, segidan emanda etorriz gero ipuinek izan zezaketen indarraren zati bat higatzen dutelako, eta egilea behartzen dutelako elipsi batzuk ekiditera… eta elipsi gehixeago ondo etorriko litzaieke narrazio horiei, batzuetan: xeheegia suertatzen dira, azkenean. “Nobela” gisa planteatu izan ez balitz gertatuko ez litzaieken zerbait, susmatzen dut.
2. Esan bezala, hiru ipuin dauzkagu liburuan: Mariorena, Gerra Zibilaren ostean herrira (Andoainera) itzultzen den gizon presoarena (bertan beste gartzelaldi mota bat sufritzeko, gerrako galtzaileena alegia); Mirenena, 80ko hamarraldi amaierako neska heroinomanoa, etxean entzerratuta bizi dena umea aiton-amonekin utzi ondoren; eta Maiderrena, gure oraingo krisi ekonomiko garaietako emakume gazte-heldua, lana galdu, bere inguruari gertakaria ezkutatu eta prostituziora dedikatzen hasi dena. Ipuin bakoitza zortzi ataletan banatzen da, aipatu bezala tartekatuta aurkezten zaizkigunak: kronologia historikoari jarraiki, lehenengo Mariorenaren atal bat, ondoren Mirenenaren bat, eta azkenik Maiderrenaren bat, hogeita lau atal osatu arte. Hirurak nolabaiteko barne-erbestean bizi dira, eta hori da, izenen M hasiera letraz gain eta bizitokiari edo familia-lotura lausoez gain, hiru ipuinak harremanean jartzen dituen kontu nagusia (niri nobela osatzeko nahikoa iruditzen ez zaidana).
3. Egiazki, badago beste lotura bat hiru istorioen artean, eta da idazketa estiloarena: esaldi labur (batzuetan oso labur) eta sinkopatuez osatuta dago, nagusiki. Nago horrek kalte gehiago egiten diola liburuari, mesede baino, niri nekagarri samarra suertatu baitzait: irakurketan etengabe “gelditzera” behartzen zaituen baliabide bat da, eta horrek, ipuin bakoitzaren ildoaren apurketa etengabearekin batera, urrundu egin nau kontakizunetatik. Izan ere, ez dakit ze puntutaraino hurbilketa ezberdinak jorratu izan balitu (atal bat edo beste periodo luzeagoekin idatziz, adibidez, edo kontakizun guztietan hirugarren pertsona erabili beharrean bat edo bestean lehenengoa —edo bigarrena— baliatuz) liburuaren irakurketa nolabait arindu ahal izango zukeen. Eta, paradoxikoki, era horretan, estilo ariketa moduko horren/horien bitartez, agian nobela itxura handiagoa eman liburuari.
4. Eta pena da, zeren eta detaile ederrak ditu liburuak, Mirenek (bakarrik bizi den etxetik ahalik eta gutxien ateratzen saiatzen dena) bere osabarekin duen enkontru desatsegin bezain deserosoa bezala, urtezahar egunean taberna urrun batera hornigaiak erostera sartzean (Mirenena iruditzen zait, lortzen duen giroagatik eta tentsioagatik, ipuinik lortuena). Edo Maiderrek bere amarekin daukan maitasun-gorroto harreman gatazkatsua (bere etxean bizi bada ere, Maider egunero joaten da amaren etxera bazkaltzera). Hots, nik uste dut literaturgairik badagoela Orube abandonatuak honetan.
5. Baina “bainak” ugariagoak dira, tamalez. Puncha falta zaie istorioei, nire aburuz, eta ipuinak emateko modu zatikatuak ez du efektua lortzen laguntzen, kontrakoa baizik; are sorpresazko amaiera klasikoa gehien saiatzen duen ipuinean, Maiderrenean, hain suertatzen da behartua ezen sinesgaitza bihurtzen baita (alde horretatik, lortuagoa dago, bere xumetasunean, Mirenen ipuinarena). Guztien artean, edonola ere, Mariorena da, ziurrenik, narraziorik ahulena, eta are gehiago bere erreferentzia literarioak izan zitezkeen Alberto Méndezen Los girasoles ciegoseko narrazioekin (Anagrama, 2004) edo Jokin Muñozen “Mekanoa” ipuinarekin (Bizia lo, Alberdania, 2003) konparatzen badugu, honako honetan klixea interes askorik gabeko istorio baten garapenarekin konbinatzen baita. Eta klixea diot, besteak beste, kontzentrazio esparrutik atera berria den gizona nekez hartuko baitzuen emazteak hitz hauekin, Gerra Zibilaren ostekoetan: “Gauzak aldatu egin dira, Mario. Lotsa eta beldurra dago herrian. Ni ere beldur naiz. Ez dakigu nola hartuko zaituzten” (18 orr.). Hor, nik uste, ez dago garaikide bat hitz egiten, gaur egungo narratzaile batek baizik, atzera begirako analisi bat egiten (“Lotsa eta beldurra dago herrian”): detaile txikia irudi dezake, baina ipuina oinarritzen den topiko historikoen isla esanguratsua da eta, ni behintzat, ipuinetik atera ninduen zeharo; narratzaileak berak aipatu izan balu bekozkoa ilunduko zitzaidakeen, baina pertsonaietako baten ahotan… Badago beste topikorik liburuan, noski, Mireni heroinaren bertuteak goraipatzeko “Etengabe larrua jotzen ariko bazina da” esaten diotenean bezala (67 orr.), “Heroina larrua jotzea bezain gozoa zela / esaten zuen garai batean” uribetarrari erreferentzia egiten diona akaso (“Bisita”, Bitartean heldu eskutik, Susa, 2001), baina ez gerraosteko ipuinari kalte egiten diotenak bezalakoak.
6. Hau ez da, nire aldetik, inolako purismo historizistaren aldarrikapena; izan ere, nahiko ados nago Milan Kunderarekin: “errealitate historikoarekiko fideltasuna bigarren mailakoa da nobela baten balioari dagokionean. Nobelagilea ez da historialaria ezta profeta ere: existentziaren esploratzailea da”. Baina hain zuzen ere horregatik, existentziaren esploratzaile izateko agindu horregatik batez ere, saiatu beharko luke topikoetan eta klixetan ez erortzen.
7. Eskertzekoa da, hori bai, Castillo Suarezen hitzaurrea (“Iluntasunaren kolorea”), bere azken liburuetako edozeinetan ager zitekeen prosa poetikoko pasarte bat, liburuaren edukiaren spoilerrik ez egitea, azken aldi honetako beste batzuen hitzaurreek kontsiderazio handirik gabe egiten duten bezala.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres