kritiken hemeroteka

8.749 kritika

« | »

Pasio hutsa / Annie Ernaux (Joseba Urteaga) / Igela, 2002

Moral bat haratago Juan Luis Zabala / Maxixatzen, 2002-11

Zer bilatzen duzu, irakurle, literatura irakurtzean? Eguneroko bizitzatik aterako zaituen istorio atsegin bat? Hizkuntzarekin jolasean trebe ageri den idazle baten txinparta eta su-festa harrigarriak? Inguruko zein mundu osoko injustizia lazgarrien salaketa gordin eta zorrotza? Irakurri eta gero apaletan uzterakoan harro sentiaraziko zaituen liburu mardul baten jabetza?

Annie Ernaux-k bestelako ideia bat ematen du literaturaren zereginaz Pasio hutsa-ren sarrerako testu laburrean: “Uda honetan X sailkatutako film bat ikusi dut lehenengo aldiz telebistan, Canal Plusen”, azaltzen du lehenengo. “Nire telebistak ez du deskodetzailerik, irudiak lausotuak ikusten ziren pantailan” ñabartzen du ondoren. Gero gogoeta egiten du ikusitakoaz: “Mendeak eta mendeak igaro dira, ehunka belaunaldi, eta orain arte ezin izan dugu horrelakorik ikusi, emakumezko baten sexua eta gizonezko batena elkartzen, esperma; lehen ia hil gabe ikusi ezin zena, orain bi lagun elkarri bostekoa ematen ikustea bezain arrunt bihurtu da”. Eta literaturari buruz duen iritziari lotzen dio, azkenik, hori guztia: “Iruditu zitzaidan idazte-lanak horretara jo beharko lukeela, koitoaren eszenak eragiten duen zirrara horretara, angustia eta txundidura horretara, judizio moralaren etendurara”.

Pasio hutsa pasio bero, zoro eta artega baten kontaketa ezin hotz, arrazional eta sosegatuagoa da, eta narrazioak baditu, gainera, paradoxa hori muturreraino eramaten laguntzen duten bi elementu indartsu: lehen pertsonaren erabilera eta mugarik gabeko zintzotasun biluzia.

Annie Ernaux-ren kasuan, giza izaeraren barne muinetaraino murgiltze ahalegin zintzo bat da literatura, moral guztietatik haratago kokatua, edo, hori ezinezkoa bada, moral bat haratago kokatua gutxien-gutxienez. Pasarte batzuk aspergarri eta errepikakor samarrak gertatu zaizkit, baina liburua amaitzean inoiz izan gabeko parajeetan izan naizelako irudipena izan dut, eta hori ez zait liburu askorekin gertatzen.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak