kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Hobe nuen etxean gelditu / Horace McCoy (Fernando Rey) / Igela, 2002

Hollywoodeko palmondoak euripean Ibon Egaña / Euskaldunon Egunkaria, 2002-11-02

Horace McCoy ez da, ziurrenik, oso idazle ezaguna nobela beltzeko beste zenbait klasikoren aldean, baina, idazle honen garrantziaz jabetzeko, aski izan bedi gogoratzea bere Zaldiak akatzen ditugu ba… harribitxia (Igela-ren Sail Beltza ireki zuena) Camusek eta Sartrek Amerikako lehen nobela existentzialistatzat omen zeukatela. Beste behin ere, kalitatea eta arrakasta bide banatatik ibil daitezkeela, alegia.

Beste hamaika lanbideren artean, kazetari eta Hollywoodeko gidoigile izan zen McCoy XX. mendeko lehen erdian, eta ezin ekidin dugu parekotasunik antzematea idazlearen eta Ralph Carltonen, liburuko protagonistaren, artean. Ez dago esaterik liburua autobiografikoa denik, baina idazlearen esperientzia pertsonaletik hurbil dagoen istorioa dugu liburukoa, ezbairik gabe. Depresio garaian gidoigile aritutako McCoyk bertatik bertara ezagutu ahal izan zituen Hollywoodeko industriaren miseriak eta ustelkeriak. Idazlea bera ere izan zen sistema haren azpijokoen biktima, eta injustizia haiek salatu, eta justizia egin nahian argitaratuko zuen, 1935ean, Hobe nuen etxean gelditu, Dreamland amerikarraren gupidarik gabeko kritika garratza.

Ralph Carston zinema-aldizkarien erruz iritsiko da Hollywoodera, neoizko argiek itsututa (Bide guztiek hollywoodera daramate diote argiek, behin eta berriz, obsesiboki, itsugarri) zine-izar ospetsu bihurtzeko asmoz. Baina agudo itzaliko dira argiak eta ilusioak, berehala jabetuko da Carston argien atzean ez dagoela ustelkeria eta azpijokoa besterik, pertsonak gizaki izateari utzi eta merkantzia bihurtu behar duela zineman inor izango bada. Eta azkenean onartu beharko duela bere buruari hainbestetan ukatutakoa: “Hobe nuen etxean gelditu”. Ez da debaldekoa McCoyk hogeita hiru urteko gazte xalo eta inuzentearen ikuspuntua hartu izana nobelan; izan ere, halatan, gordinagoa gertatzen da gizartearen azpijokoen eta gaztearen errurik ezaren arteko kontrastea, garratzagoa da hala kritika.

Hegoaldeko azentuak itxiko dizkio Ralphi arrakastaren ateak; estra paperak izango dira lortuko dituen bakarrak, azentua dela medio. Sotiltasun horrexekin azalduko du McCoyk pertsonaiak aldez aurretik idatzitako patu aldaezin baten menera bizi direla, Mona pertsonaiak dioen bezala: “Uste dut gure geroa, osorik, idatzita dagoela jaiotzen garen egunetik, baita amaren sabelean sortzen gaituzten egunetik ere, eta, zernahi eginda ere, ezin dugu aldatu. Ez dago ihesbiderik”. Eta ulertu dugu azenturik ez balu ere itxiak izango lituzkeela Ralphek arrakastaren ateak, ez dagoelako bere esku etorkizuna. Zoriontasuna, arrakasta, Hollywooden jokatzen den teatro-obraren izenak direla, eta Ralph —eta bera bezala frakasora kondenatuak— ez dutela antzerki horretara gonbidatu.

Garaiko sistemaren salaketa gordina da nobela hau, eta, besteak beste, horregatik ez bide zen zinemara eraman 1969ra arte. Hala ere, sistema kritikatzeaz gain —-ta agian batez ere—, sistemak norbanakoarengan eragiten dituen angustia, ezinegon, ezintasun eta zalantza etiko-moraletan arakatzen du McCoyk, Ralph Carston pertsonaiak bere buruarekin nahiz ingurukoekin dituen elkarrizketen bidez. Finean, giza-izaeraren anbibalentzia, bertuteak eta akatsak azaleratzen ditu nobelak; gizatasunaren mugak non dauden galdetzera eramaten gaitu idazlearen luma zorrotzak. Gizakiaren egoismoa noraino irits daitekeen erakusten digu McCoyk, arrakasta pertsonalaren truke gainerako guztiak oinpean harrapatzea zilegi den gizarte batean.

“Nobela beltza, funtsean, indarkeriaz ari da. Horrek ez du esan nahi nahitaez hilketa, bortxaketa, lapurreta besterik ez duela agertuko”, diosku Peter Collinsek. Eta eskuartean dugun nobelak, beltza izanagatik, ez ditu protagonista hilketa odoltsuak, borrokak eta bortxaketak. Aitzitik, sistemaren biolentzia estrukturala, norbanakoa harrapatu eta itotzen duena da McCoyk azaltzen eta kritikatzen duena. Isileko, itzalpeko indarkeria da gizarte iparramerikarrekoa, ikusten ez dena, eta horrexegatik da krudelagoa, koldarragoa, ikusi ezin diren hariek biktimaren lepoa inguratu, eta ihesbiderik gabe itotzen dutelako. Nolanahi ere, aurkituko du irakurleak liburuan heriotzarik, suizidiorik, kartzelaldirik, baina guztiak ere ez dira icebergaren punta baizik. Sakoneko biolentzia estruktural eta sistematikoak leher egitean azaleratzen diren sintomak. Baina, eta kontraesana irudi lezakeen arren, biolentziaren indar estetikoaz ere baliatzen da zenbait pasartetan, ondo neurtu eta dosifikatutako irudi gogor eta iradokitzailez, Smithers anderearen joera sadomasokisten bidez, esaterako.

Euripeko palmondoa erakusten digu Zaldi Eroak egindako azalak. Eta Ralphek argitzen digu zergatia liburuaren erdi aldera: “Euri azpian ez zegok gauza goibelagorik Hollywoodeko palmondo bat baino”.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak