« Azken ‘round’-eko kloroformoa | Aberastasunaren ifrentzua »
Biribilgune / Katixa Dolhare-Zaldunbide / Elkar, 2014
Euskaldunon irudia osatzeko miraila Mikel Asurmendi / argia.eus, 2015-04-15
Biribilgunen sartu aitzin Ludwing Wittgentein filosofo austriarraren aipu hau duzu: “Ohidura ez da ikas daitekeen zerbait, ez da nahi denean berriz lot daitekeen hari bat. Gure arbaso propioak nahi bezala hauta ez ditzakegun bezalaxe. Ohidurarik ez duena, eta bat eduki nahiko lukeena, maitemindu dohakabearen irudikoa da”. Aipu horrekin ontsa baino hobeto islatu du nobelaren filosofia idazleak.
Eleberrigileak Harriaga herrixkako Oihanzola auzo irudizkoan sortu du protagonista: polizia da. Frantziako legez kanpoko immigrazio errepresioaren polizia sekretua. Euskalduna. Emakumezkoa. Amaia Ezpeldoiren laguna (Itxaro Borda idazlearen fikziozko detektibea). Amaiak ez beste du ezagutzen protagonistaren nortasuna. Istorioari sinesgarritasuna emateko irudikortasuna eta heldulekuak ongixko uztartu ditu egileak.
Poliziako unitateko buru Salima Chebrauik Hego Senegaleko Gambiara bidean jartzen du, izenik ezagutzen ez diogun protagonista. Aldi batez, afrikar jatorrizko Sibulunbai gaztetxoarekiko adiskidetasunak —eta bihotz-beratasunak— herrikide duen honen nortasuna argitzera pusatu du.
Dakar, Casamance edota Meaux hiriak/herriak eta hauen aldiriak ezagutuko dituzu. Baita Mamadu Dialegei Sane laguntzaile senegaldarra, Tiago bihozgabea —Mohammed Thiam izeneko maltzurra—, Jean-Paul Chome auzapeza hala Niakuhufosso nola Awentorebe ere, konparazionera.
Hara, harat eta honat ibiliko zara protagonistaren ibilbidean. Alabaina, Hexagonoko eskualdeak, Afrikarako bideak, herrialdeak eta pertsonak zuk zeuk ezagutu behar dituzu irakurle, bestelakoan, ene eleek eleberriari xarma eman baino kenduko baitiote. Izan ere, Biribilgune nobelak badu xarma. Ez naiz kontu exotikoez ari, gure Iparraldetik heldu denari eman ohi zaion taxuaz, alegia. Istorioari xarma dario bere euskara jorietatik hasita, egoeran egoera, tramaren hariari taxuz egokitua. Plazera da belaunaldi berri bateko Katixa Dolharek euskara molde horretan atxiki duela hautematea. Baita polizia euskalduna ere sinesgarria izatea. Gaur gaurkoz —arrazoiak arrazoi, ezagunak ene ustetan—, oraindik ere, sinesgarria izateko, poliziak gure Iparraldeko izan behar du, naski.
Genero beltza duzu Biribilgune (Elkar) . Thriller gisara asmatutako istorio bizia. Eta politikoa, beraz soziala. Frantziako politika eta Iparraldea amiñia ezagutzeko maneran idatzia. Euskal Herria, Frantzia, Paris eta Afrika orobat txirikordatzen dituen istorioa. Kolonialismoaren berri dakarkiguna, kolonialismoaren isla izaki. Bere xumean, euskaldun kolonizatuon izaera kolonialistaren isla beha dezakegun miraila ere bada Biribilgune nobela.
Mendebaldeko politika-jarduera ustekeria nahiz ustelkeria da. Haur, gazte eta droga trafikatzaileak dabiltza honen inguruan. Denok izan gaitezke hiltzaileak edo prostitutak, eta ez du axola zein herriko, nazioko edo klasekoak garen, denok gara jaio garen ingurumariaren araberakoak edo izan gaitezke hein batean. Edota, ohiturarik ez duena, eta bat eduki nahiko lukeena, maitemindu dohakabearen irudikoa da. Baiki.
Pertsonok —euskaldunok barne— garenaren isla dateke eleberria: maitemindu dohakabeon alegoria. Prefosta, eleberriak heroinaz gain heroiak behar ditu. Izenik gabeko protagonista duzu heroi nagusia, bere hainbat lagunekin batera. Mundu osoa ez da usteldua, ez orobat pertsona orotara usteldua ere.
Eleberria errealitatetik elikatua, fikzio bilakatua eta erreusitua da. Erreala da arras, fikziozkoa izanagatik. Baina… Beti dago bainaren bat. Baina eta maila… Literatura irakurlearen nahiaren eta mailaren araberakoa baita.
Eleberriak hasiera indartsua dauka, bukaerak ez horrenbestekoa. Biribilgunean katramilatu da amiñi bat protagonista, itzuli-mitzuli dabil azken zatian. Idazleak gauza sobera batera kontatu nahi du, naski. Horrek zailtzen du istorioa hobeto bilbatzea. Halaber, gai anitz jorratzea horien azalean geratzeko arriskua dakar. Hots, trama ontsa bilbatzea nekeza bihurtu zaio Katixa Dolhare-Çandumbideri nobelaren hondarrean.
Zer nahi gisaz, ez alferrik ez debalde ere, bere opera prima da. Segi dezala idazten, bere buruarengan konfiantza hartzen. Zinez, lausengu hutsalez harago eta honago, duina da eleberria. Ele berriak eta era berriak dakartzana. Itxaro Bordaren segidako idazlea dukegu jada. Eta barka nazatela idazle biek, euren alderatzea.
Anartean, idazlearen kuttuna begitandu zaidan Sergio Leone zine zuzendaria gogoan, zinemagile batek Biribilgune zeluloidera eramanen duen itxaropenari —irudimenari— atxikitzen gatzaizkio. Film on baterako istorioa eskaini baitigu.
Sarrerako aipuaren filosofoa parafraseatuz “iraultzailea bere burua aldatu dezakeena izango da”. Katixa Dolhare-Çandumbide bide (h)one(t)an abiatu delakoan nago. Beraz, gogotik atxik eta aitzina jo!
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro