kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Odol mamituak / Alaine Agirre / Elkar, 2014

Irakurri nola erabili sendagai hau eta galdetu botikan Amaia Alvarez Uria / Argia, 2015-04-19

Seguru zaude? Liburu hau irakurri nahi duzu? Uste duzu ez duela eragin edo ondoriorik izango zugan? Munduko Osasun Erakundeak XXI. mendearen hasieran esan zuen buruko gaixotasunen kopurua handitzen joango dela mende honetan zehar. Depresioa da buruko gaixotasun zabalduena eta 2020rako ezgaitasunerako bosgarren kausa izatetik bigarrena izatera pasako zela esan zuten, eta honen aurretik bihotzeko gaitzak baino ez zirela egongo. Liburu honetako protagonistak psikosia du baina, ez depresioa. Errealitatearekiko ukipen falta. Haluzinazioak, eldarnioak eta pentsamenduaren nahasteak. Eta bost kapitulutan kontatzen digu bere prozesua, 100 ataletan eta alfabetoaren letra guztiak erabiliz izendatzen dituen pertsonaien laguntzarekin, hondoa jo zuenetik zulotik irten zenera arte.

Duela hiru urte argitaratu zuen Itxaso Martinek Ni, Vera eleberria. Bertan emakumeen eta zoramenaren arteko lotura agertzen zen helduarotik zahartzarora eta perspektiba historiko batekin. Alaine Agirreren lanean ordea, emakume gaztea eta bere bilakaera psikologikoa dira protagonistak eta subjektu haragiztatua da ardatza, “Gorria” deitzen duen minak, gaixotasunak, bere gorputza gorpu zelan bihurtzen duen eta gorpua gorputz izatera nola bueltatzen den kontatzen zaigu bere lehen eleberrian.

Liburuaren azalean daude gakoak, haien artean Odol mamituak izenburua, gorputzaren fisikotasuna agerian jartzen duena, bere jario eta okelekin: “Eta odolarekin erdi disolbatuta ateratzen zaizkizu arantza, azazkal, metal, kristal zatiak; gatzatutako odola da, mamitua, baina, aldi berean, Gorria da, zure barrutik, zaurietatik, irteten”. Hala ere, gaixorik, itota eta lokartuta dagoenari bihotza eta klitoria esnatuko zaizkio narrazioak aurrera egin ahala.

Hiru argazkitan laburbil daiteke gure protagonistaren bidaia: “Maindireen kontrako gerran” ohean izerdi, odol eta negar malkotan blaituta eta akituta dakusagu hasieran. “Animalia gosetua hiltegian” psikiatrikoan egunean gosea eragiten dioten zazpi-zortzi pilula hartzen ditu eta etxeko zapatiletan joaten da talde-terapiara gero. Azkenik, “itzalean itsatsirik dauzkan harriak arrastaka daramatza” eta bizitzaren puzzlea osatu nahian dabilen neska gaztea da, “iraganeko konkistatzaileen arrastoak” gogoratuz baina bidea eginez.

Hitz jario eta zerrendak psikiatrarekin dituen elkarrizketekin tartekatzen dira, esaldi bakarreko atalak orri bat baino gehiago dituztenekin, lehen-bigarren-hirugarren pertsonetan narratutako pasarteak daude, hasieran identifikazioa bilatzen dutenak ni-a eta zu-a tartekatuz, eta istorioan aurrerago distantzia ipintzen dutenak, umore printzak eta sexu eszenak tartekatuz, olatuen joan-etorriarekin gertatzen den bezala.

Beraz, ondo pentsatu liburu hau irakurri nahi duzun. Esan bezala, XXI. mendeko gaitzak dira antsietatea, depresioa, egungo bizimodu eta harreman motek ekarri dizkiguten gaixoaldiak. Eta agian zu horrelako batean zaude-egon zara-egongo zara, edo zure inguruko baten bat. Eta mingarria izango da hau irakurtzea. Zure barruan zerbait mugitu daiteke. Hortaz, aldez aurretik irakurri nola erabili sendagai-eleberri hau eta galdetu botikan —Miren Agur Meaberen hitzaurrea irakurri—, abisatu dizugu.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak