« Indarkeriaren muinean | Laba moduan »
Iazko hezurrak / Unai Elorriaga / Susa, 2014
Ene bada! Kasik infinituen liburua Edorta Jimenez / Deia, 2015-02-28
Unai Elorriagak 2009an eman zigun Londres kartoizkoa da. Bost urte igarota ekarri digu Iazko hezurrak. Tarte luzea, beharbada, industriaren ikuspegitik. Ez inondik ere bere buruari aske deritzon idazlearen talaiatik. Aske, norberak adierazi edo, beste barik, esan nahi duena idazteko. Aske, horretarako behar duen tartea hartzeko. Eta behar adina orrialde idazteko. Lar, gehiegi, beharbada? Idazle askearen apustua izan da idatzi dituen orrialdeak idaztea. Zeren eta argi utzi behar baita Unai Elorriaga idazle osoa dela eta, beraz, eskarmentua igartzen zaiola.
Iazko hezurrak idazlearen liburua da, beste ezer baino lehen. Irudi du halako batean Irene Arrias, protagonista, agertu zaiola eta esan diola: “Irene Arrias naiz; Algortan jaio nintzen, zu baino urte bi lehenago, 1971eko urtarrilaren 25ean”. Orduan Unaik “egon!”, esan dio, eta Internetera jo du, edo etxekoen entziklopedietara, egunkari zaharretara, auskalo nora, 1971eko urtarrilaren 25ean munduan beste zein berri izan zen jakitera.
Zer ekarri behar zuten egun hartako egunkariek? Zer gertatu zen “1971ko urtarrilaren 25ean, Irene Arriasek amaren titiburua aurrenekoz harrapatzen asmatu zuen unean bertan”, Afrikan? Bada, “(orduantxe), abiatu zuela estatu-kolpea Idi Amin Dada jeneralak Ugandan, Milton Obote presidentea atzerrian zela”, horixe, besteak beste. Hortik aurrera, eta Elorriagak guri hirugarren pertsonan kontatua, Irene Arriasen biografia kontestualizatua —amaren titia harrapatu eta Dadak estatu kolpea jo, adibidez— ematen zaigu, hots, hark urteetan aurrera egin ahal dituen bizipenekin batera mundu zabalean unean-unean diren gertaerak azaltzen zaizkigu. Ez edozein gertaera, ostera, Irene Arriasen tema nagusiaren arabera hautatuak baino. Alde horretatik, Iazko hezurrak liburuak ankerkeriaren, demasakoen, ez sinestekoen antologia dirudi.
Erraiak behar dira Iazko hezurrak idazteko. Aipatu ditugun munduko horiek ez ezik gurean izan direnetako batzuk ere idazteko. Ez dakit, zinez, zein ariketa egin behar ote duen Unai Elorriagak Algortan oinez ibiltzeko. Oinetan baitu —narratzaileak? Irenek? Biek?— oroigailua. Urrats bakoitza horrexek markatua da. Hurreko zein urruneko minaren, oinazearen, ankerkeriaren, bortizkeriaren zelako kartografia paratu digun idazleak, ene bada!
Liburua diot, eta ez diot eleberria. Misterioa baita niretzat, zoragarria gainera, Iazko hezurrak zer den. Ipuin edo narrazioen bilduma ere bada, Irene Arriasen biografia kontestualizatuari narraziook zer ekartzen dioten esaterik ez badut ere. Aske jokatu du, berriro diot, idazleak. Eta jokoak joko, idazle klitxe bihurtuei buruzko aurreiritziei barre egitera ere jokatu du Elorriagak, liburuari beste dimentsio bat erantsiz. Idazteaz eta idazleez ere bada Iazko hezurrak.
Titulua bera ere misteriotsua da, horren nondik norakoa gero zelan edo halan testuan argitzen bada ere. Eskertzekoa da Elorriagak gure hizkuntza eta iraganari egin dien keinua, noraino jo duen gure erroetako batzuen bila. Eskertzekoa, ene bada!, kasik infinituen liburu ausart eder hau, bere osotasunean.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez