kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Zuri-beltzeko argazkiak / Arantxa Urretabizkaia / Pamiela, 2014

Pobreak baina aberats Mikel Asurmendi / argia.eus, 2015-02-27

Zuri-beltzeko argazkiak izena du liburuak, alta, argazki —irudizkoak— bi baino ez dituzu berean: azalekoa eta aurkibidekoa. Idazlea jaio zeneko etxea duzu bigarrena. Hau hiru bider errepikatua. Donostiako Txomin-enekoa. Zer da bizitza errepikapen etengabea ez bada? Oroimena hots errepikatua baita, eta gure memoria diapositibaz osatutako film jarraitua.

Idazleaz gain gidoilaria da Arantxa Urretabizkaia. Eta nik Zuri-beltzeko argazkiak liburua film baten antzo irentsi dut, erraz ikusten dut liburua filma bihurturik —haren eskutik—. Idazleak kontatzen duen garai bertsuko Luchino Viscontiren Rocco y sus hermanos film zuri-beltza heldu zait akordura. Gustura ikusiko nuke zeluloidean: Pobreak baina aberats titulupean. Argudia dezadan baina, ene tesia.

Urretabizkaiaren belaunaldiaren hurrengokoa nauzue, hamar urte aldekoak gara alegia. Jaio (1947) eta hamaika urtera bitarteko aldian bizitakoa kontatu du, eta nik berak bizitakoen antzekotasunak kausitu ditut eta, areago, berari esker, nirea aurre-aldikoarekin osatu dut. Hori plazera! Aldeak alde, izan ginena/garena oroitu dut, sufrikarioz eta plazeraz bada ere.

Idazlea familia euskal nazionalista bateko alaba da. Alegia, deus ez! Pertsonaia nagusiak: Aita: Patxi Urretabizkaia Kortajarena. Gudaria. Ama: Carmen Bejarano Luluaga. Gudariaren ondokoa. Izeba Pakita. Amona: Antxoni Kortajarena. (K. eta J. ). Bigarren mailako pertson(ai)ak ez dira munta gutxikoak. Denak etxe berean bizi ziren. Donostiako Egia auzoan. Aipatutako bi argazkiaz beste hamabik osatzen dute Pobreak baina aberats kontakizuna eta filma: Eliza. Gorputza. Arropa. Ikatza. Franco. Dirua. Euskara. Jolasak. Mutila eta neskak. Baserria. Jatekoak. Ikasketa. Hasieran hasiera, hona notario honen akta:

Omen, jakintza eta egia produktu sozialak eta historikoak dira. Memoria konstrukto bat da. Ados. Baina, aizue, egungo demokrata/frankistek besterik sinestarazi nahi badigute ere frankismoa ez da asmakizuna. Ez horixe! Eta Urretabizkaia ez da memoria politikoaz ari. Edo bai? Ez al da, bada, dena politika?

Politikaz harago eta honago, on-ona protagonista da: zintzoetan zintzoena. Izebak ematen zizkion Arantxaren estetikari forma eta neurria. Hark jositako mantalak nola, guztia milimetratua, beti zuri-beltz. Gris. Aitak 1936ko gerran bizi izan zuenaren ostean, giroa grisa izan beharko, alajainkoa! Grisak hizpide, Melitón Manzanas torturatzailea ere azaltzen da filmean. Aita zuzenki xaxatzen eta familia zeharka: inguru-inguruan Melitón. Francorentzat merituak eginez. Protagonistak amets egiten zuen erruz, baina sekuentzia hori ez da amestua, ezta izebak Kakitzat zuen Franco diktadorea ere.

Arantxa heroi zibilik gabe hezi zuten aita eta amak. Sabino Aranak eta Jose Antonio Agirrek ez zuten izaterik izan haren heziketan. Belaunaldi berrikoek sagarrak astindu ez ezik, Melitón kalitu zuten. Kalitu bai, zer demonio, piztia baitzen. Memoria konstruktoa, baina bizitzaren sekuentzia batzuk ukaezinak dira. Film bateko sekuentziak onak edo txarrak dira, estetikaz diot, baina ni moralaz ari naiz. Ai, morala!

Alabak Aitaren irudi behar. Aita gudaria gerran eta jenerala etxean. Ama, berriz, haren menekoa. Aitaren hitza jainkoaren hitza. Aitak gerra nola, heziketa hala: “Arrazoi izan eta galdu”. Eta moralak kutsatzen du, elizarenak nola erregimenarenak. Mutilak arrazoi, neskak arazo. Hori bai, denak abertzale eta euskaltzale prestuak. Gaur egundik ikusia, eta gaur dakusaguna ikusita: sinestezina. Arantxak bere arrazoia, hala ere. Oraindik ez du ulertzen zergatik desgrazia den loteria tokatzea.

Ama, aita baino epelagoa, apalagoa, jendartearen eskalan diot. La Scala, idazlearen kasuan, Donostiako Ama Bellas Artes zen. Eta handik bueltan zetorren bere ama. Arterako betarik hartu ez bazuen ere, azaleko argazkian ageri den Nerecán papelería edota dendan lan egiten zuen. Horrek eta Madrilera joan zen amaren ahizpak, besteak beste, beste mundu batera begiratzeko leihoa ireki zien. Familiak, ideologiak ideologia, lagundu egiten baitu.

Liburua begien itxi-ireki batean irakurriko duzu: amen batean, alegia. Arantxak —protagonistak— amen batean ikasi baitzuen bizitzen. Belaunaldiak belaunaldi, haiek belaunak ezin zituzten erakutsi. Guk, hurrengo belaunaldikook, zorionez, bai. Mutilak izaki, errazago betiere. Nolanahi den ere, haiek eta gu —ondorengo beste belaunaldi asko barne—, miseriak miseria, “pobreak” baino “aberatsak” izan ginen. Arantzaren amaren esana gogoratzera: batzuk arrosa jaiotzen dira eta beste batzuk bitxilore.

Kontutxo bat finitzeko, Arantxaren haurtzarotik gaur egunera zazpi hamarkada baino, zazpi gizaldi iragan ote diren irudika genezake une batez. Eta aldi berean, egunotan Donostiako inguruan izan diren uholdeak ikusita denbora ez dela apenas igaro irudi lezake. Denbora eta espazioa. Egiaren aldagaiak. Eta oroimena! Pobreak baina aberats memorian daramadan filma da, estimu handiz eraman ere. Hein batean nirea ere baita. Arantxari esker, arantzarik gabe.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak