« Ildo bat lantzeko | Poesiaren gorazarrea »
Islandiera ikasten / Antonio Casado da Rocha / Utriusque Vasconiae, 2014
Esker eta ezker oneko poeta Mikel Asurmendi / argia.eus, 2015-02-16
Islandiera ikasten liburuko poetak Antton edo Andoni izena izan lezake, baina Antonio da. Nolanahi den ere, Casado da, ezkondua da —hainbat poema bere familiaren arrastoak direlako, diot—, da Rocha da, beste hainbat poema uhartetako arroken edota mendiko harkaitzen artean zabaldutako xendrak baitira.
Poeta honen mintzoa meharra izan liteke —litekeela betiere, diot—, eta haatik, bere izkirioa leuna izanagatik, sakona da. Poetak ibilitako xendrak sakonak izateaz gain luzeak dira. Poemok urrutira eramaten gaituzte, eta poeta urrutitik heldu da hala berean. Horregatik edo, liburu honen sakontasuna endelegatzeko honen aurrekoa ezagutzea gomendatzen dizut irakurle bidaide hori. Esku ezkerraz izenekoa, alegia.
Antonio Casado da Rochak Esku eskerraz idatzi zuenerako poesia idazten zuen, gaztelaniaz idatzi ere. Bere Curriculum Vitae (C.V.) kontsultatu besterik ez duzu. Alta bada, bere ama hizkuntza hobeto ikasteko euskara ikasi beharraz jabetu zen nonbait, baita euskara hobeto ezagututa, islandiera ikasteak munduan ibiltzen lagunduko ziola pentsatu ere, nonbait —nonbait betiere—.
Islandiera ikasten Donostian hasten da, sortzez donostiarra den poetaren hirian. Sortzez hala da, ordea, izatez errenteriarra da, hiriaren periferiakoa. Hots, Antonio Casado da Rocha poeta periferikoa da. Ikasia ere bada, hots, eruditua, ez alferrik ogibidea filosofiari esker urratua baitu. Are, dena esatera, esker oneko poeta honek ezkerrari eusten idazten segitzen du Islandiera ikasten delako honetan.
Filosofoa eta poetaz izateaz beste, dantzaria ere bada, baita korrikalaria ere, antza denez —poesian, antza betiere—. Hots, herria urratsez urrats goratzen ikasi duen dantzaria da, poeta izateaz batera. Dantzaria eta korrikalaria apala da, poeta apala den legez. Haren burua ezagutzeko bere C.V. ez da interesgarriena hain ziur ere, hartara, Autohidografia poema leitzea gomendatzen dizut. Hartara ere, bere burua ur molekulatzat jotzen duen poeta idoro dezakezu.
Filosofoa da, baina Zaratrustarekin xendra meharretan gurutzatu zen nonbait eta —eta dantzaria gurutzefikatua izan ostean— poesiaren bidean aritzea erabaki zuen. Izan ere, poetaren ofizioan irabazi ezean, gutxienez ikasi egiten baita, eta poeta batentzat emaitza ez da txarra.
Beste gomendio bat: ez ezazu ADN delakoa bere poesian bilatu. Edo ez behintzat ADN soila. ADN euskaraz DNA da. ADN islandieraz (íslenska-z) DNA da. ADN ingelesaz DNA da. Bere DNAn, bere poesian alegia, munduko itsasoetan eta ibaietan bildutako ur molekulak idoroko dituzu. Poeta honen hainbat zantzuetan ageri denez, Antonio Casado da Rocha herriaren poeta da. Gabriel Aresti Bilbon nola —Bilbon jaioa baina hiriaren periferian instalatu zena, euskararenean, alegia— Antonio Casado da Rocha Donostian hala. Edo antzera.
Nolanahi den ere —agian, betiere— poetak berak bestela pentsatu arren, bere poesia Carlos Marzalena ere bada, izan liteke ere Miguel d’Orsena, baita Angel Errorena ere. Mundua apur bat baino ez baita berritzen egunero. Eta euskara ere, egunero apur bat berritu daiteke islandiera ikasten.
Alabaina, dena esatera, poesia euskaraz izkiriatua denean —hizkuntza nekagarri honetan, “un puto engorro” dena, hizkuntza klaruan esanda—, poesia funtsean hondo gabeko putzua da. Batzuetan argia, bestetzuetan iluna. Eta guk irakurleok, funtsean, ur gazi eta goxoa atera ditzakegu, batzuetan nekez bestetzuetan aise, Antonio Casado da Rocha euskal poetak poesia idazten duen legez, nolabait esanda. Nahiz eta —nahiz eta, betiere— poeta den aldetik, beti madarikatua izanen den. Areago bere izenari erreparatuz gero. Izan izanen baita betiere: “Are you Basque?”, galdetuko dioena —betiere, nonbait—.
Izan ere, esker oneko izenak —euskarazko bere bi liburuen epilogoak Esker onak izenekoak dira— ez du betiere izana adierazten, ezta poesiak poetaren esanahia ongi adierazten ere —ez betiere—.
Horregatik edo, Donostia hiri unibertsalaren periferiako errenteriar filosofo korrikalari dantzari —musika anitzen zalea izaki ere— poeta honek islandiera ikasten poesia idazten du. Bere poemak —íslenska euskara legez edo euskara íslenska legez— ur tantak dira hizkuntzen ozeanoetan.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi