« Bizitza hondatuak | Esker eta ezker oneko poeta »
Mula Nazrudin eta... / Ttittika Rekalt / Maiatz, 2014
Ildo bat lantzeko Aritz Galarraga / Deia, 2015-02-14
Ttittika Rekalt kazetariaren lana estimatzen dugunok —freskoa, heterodoxoa, konplexurik gabea—, espero genuen halako zerbait. Bi trajeria zituen aurretik idatzita, baiki, Oiherkorena, 2006an, eta 2009an, Belagileena. Baina kontatzeko, asmaziorako, motzerako gaitasuna igartzen genionez, bozkarioz jaso genuen eskuartean daukagun ipuin liburua. Gehienbat Mula Nazrudin pertsonaiaren ibilerak jasotzen dituena. Baina, horien aurretik, gaiaz libreago dabiltzan beste narrazio batzuk eskaintzen dizkiguna.
Mula Nazrudin, beraz, liburuko ardatz: protagonista herrialde islamiarretako ahozko literaturan, menturaldi harrigarri eta irringarri frankotan irudikatu izan dute, Lucien Etxezaharretak hitzaurretxoan dioen bezala, Pernando Amezketarra baten gisan. Orriotan, honela deskribatzen du Rekaltek hainbat ipuinetan zehar: zientzia desberdinetan trebe, filosofiako jakitateen jabe, mila mintzaira hiztun —eta ez soilik jendearenak, berdin birigarro, kurlo, ahuntz eta papantseenak ere. Labur, “jakintza kasik güzietaz düntü zela gure Mula”.
Baina inkoherentziak daude liburuan, eta ez bakarrik XIII-XV. mendeen artean kokatu ohi den pertsonaiak hegazkin bat har dezakeelako hemen. Liburu barrukoak dira, halaber, inkoherentziok: batean esaten baita Mulak ez duela seme-alabarik, aurreraxeago agertzeko alaba bat ipuin batean, eta aurreraxeago oraindik hau: “nahiz ez dügün oranokoan Mula Nazrudinen haurretaz hitz egin, jakin ezazüe, Mula, emazte, seme eta alabaz düntürik zela. Zonbat xüxen? Ez niz heben haizützen erraitera”. Lehenak konpentsatzeko otu zait pertsonaia Mula izan beharrean izan zitekeela pertsonaia asmatu bat. Zergatik ez Rekalten beraren trasunto bat, esan nahi baita trasuntoagoa, aurretik ezagun zaigun erreferentziaren batekiko loturarik gabekoa. Batez ere, aukera emango liokeelako unibertso propioago bat garatzeko. Pixka bat egin zezakeen Mularenak ez diren lehen hamar ipuin horietan —nahiz hitz egin, adibidez, euskaldun potrotipikoa dirudien Beñaten aitaz—; baina ez du erabat egiten. Eta Mularen istorioak ere ez dira guztiz interesgarriak —hara, bat, berdin-berdina, WhatsAppetik iritsi zait, liburua irakurtzen ari nintzen bitartean—. Eta iruditzen zait Rekaltek baduela ildo bat lantzeko, arras kitzikagarria izan daitekeena. FH76 izarberla zientzia-fikziozko ipuinean esaten den honen bidetik, adibidez: “hiru mila eta hogeitahamarreko üdan, Bilboko bizizaleek pastorala bat eman züen bidaje ikaragarri hau geitzat hartüz”. Bigarren taldeko inkoherentziak konpontzeko edizio lana otu zait, eta hartara konpondu ahalko lirateke liburuan zehar aurki daitezkeen akats ortotipografikoak ere.
Akaso irratirako izanik —CDa ere badakar liburuak—, paperera aldaketarik gabe ekartzeak ez duela funtzionatzen pentsa daiteke. Baina, ez dakit, Santi Leonek ere egiten du, uhinetan jaulkitzen dituenak gero idatzian jarri, eta testuek ez dute batere galtzen —noiz ez duten irabazten—. Ttittika Rekalt kazetariaren lana estimatzen dugunok, badakigu egongo dela bigarren saiakera bat.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro