kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Hutsegiteen garaia / Mohamed Xukri (Arantzazu Royo) / Igela, 2014

Epopeia latza Alex Gurrutxaga / Berria, 2015-01-11

Hutsegiteen garaia Mohamed Xukriren trilogia autobiografikoaren bigarren liburua da, Ogi hutsa-ren ondorengoa. Hartan haurtzaroa zuen hizpide idazleak; hemen 20 urte inguru dituenetik aurrerakoak kontatzen ditu eta, Ogi hutsa bezala, liburu gogorra bezain ederra da.

Larachen abiatzen da nobela, 1956an, Xukri ikasle hasten denean, eta hortik aurrera hainbat dira espazioak: Tetuan, Ceuta eta, batez ere, Tanger: Xukriren hitzetan, “hiri madarikatu nirea; ihes eginda ere, ezin bizi bata bestea gabe”. Izan ere, Xukriren biografia oso lotua dago txikitatik kaleko bizitzari. Miseria pairatu zuen, gosea, zikinkeria, biolentzia, prostituzioa eta alkohola, eta osagai horiek daude haren literaturan borborka: “Mozkorren, haxix-zaleen eta gautxorien bideari jarraitzen nion. Beti aurkitzen nuen lekua haien artean. Izan ere, oroitzapen berberak genituen, hizkuntza bera; geure mundua gau eta egun, geure madarikazio ederrean”. Eroetxean ere egin zituen lau hilabete inguru, eta egonaldi horri eskaintzen dio Ahaztuak kapitulua.

Hutsegiteen garaia-n agertzen dira bere bizitzako aurreneko erreferentzia literarioak: Safi ed-Din al-Hili, Al-Manfaluti, Victor Hugo, eta beste asko. Horrela, idazlearen esnatzea ikusten dugu apurka —60koetan hasi zen argitaratzen, baina urte luzez zentsuratua izan zen arabieraz—. Irakurketek erakutsi zioten, Xukrik berak Miel A. Elustondori elkarrizketa batean esan zionez, “herri baten historia poetak idazten duela […] Historia ofiziala ordaindurik dago”. Xukri, kontrara, bere bizi-baldintzek nabarmen markatutako idazlea da; honela idazten du Hutsegiteen garaia-n: “Bera ez zen aberatsen zabor artean ibili jateko, ez zen zorriz beterik ibili, ez zituen izan orpo zartatuak odoletan. Nik ez nekien nola idatzi txorien esneari buruz, ez aingeru-edertasunaren laztan samurraz (…). Ez nekien nola idatzi buruan kristalezko pintzel bat izanik. Pintzela protesta da, ez apaingarri bat”.

Pertsonaia asko agertzen dira nobelan, eta gehienak istoriotik sartu eta atera egiten dira. Zenbait kapitulu pertsonaien erretratu modukoak dira, eta horien bidez hainbat gai jorratzen ditu idazleak; Lechevalier edo Patricia atal ederrak aipa daitezke, edo Rosario atala, zeinetan frankismoa den gai nagusietako bat.

Autobiografia izaki, oroitzapenei segika aurrera eta atzera ibiltzen da narratzailea, batera eta bestera, eta zehazgabetasun hori ongi ezkontzen da tramarekin, honek berea baitu giro nahasia. Beharbada, liburuaren erditik atzera elipsi batzuk handiegiak gerta daitezke, konkrezio falta mugara eramana baitago.

Abiadura biziko testua da, elipsi askorekin, eta estilo zuzen eta gordina dauka, zakarra, ia baloraziorik gabea. Esanguratsua da Joseba Sarrionandiak Ogi hutsa-ri buruz idatzi zuena: “Arabiar tradizioaren kontrako mendekutzat har daiteke, Mohamed Xukrik arabiera koraniko literarioaren dotoretasun guzia kraskatu baitzuen, gairik larrienak modurik gordinenean kontatuz”. Gordina da, baiki, bere estiloa, eta halaz ere badago han-hemenka lirismo mikatz moduko bat, dotorezia handikoa.

Mundu bat erretratatzen du Xukrik, eta fikzio indartsu bat eraikitzen. Sarrionandiak Ogi hutsa-z idatzi zuen: “Arrifi deserrotuaren epopeia latza da, gaur eguneko miseriaren etnografia moduko bat”. Halatsu Hutsegiteen garaia ere.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak