« Agur maitasuna, agur bizitza | Loturetatik askatuz »
Urari ostutako poemak / Pako Aristi / Susa, 2014
Bizitza ez lekua baita Mikel Asurmendi / argia.eus, 2014-12-16
Urari ostutako poemak eskaini dizkigu Pako Aristik. Alta, zuhaitzei hostokatutako poemak ere badaude itsasoari begira ondutako liburu honetan. Lehen poemak (Itsasoari begira) poetaren aieru, susmo eta bihozkaden zantzuetan jartzen gaitu. Maitasunez irritsu dator, iragarle: “Mundua eta bizitza elkartzen baitira begirada itsasoarekin batzen den angeluan, sahatsaren eta kresalaren arteko muxuaren aroan”.
Bidaiaren trenpua-n sartzen gaitu bigarren poeman, gure ekialderat so, mendebaldetik ekialdera bidaiatzea proposatzen digu, espiritualtasunari aieru eginez: “Bizitza omen da bidaia nagusia, eta ‘zu’ eta ‘ni’ haien gerizan”. “Zu” eta “ni” subjektu bakarraren baitan izan daitezke, baina izan gaitezke ere “gu”. Poeta eguneroko bizitzaz ari da, mendebaldeko subjektua da, subjektu politikoa. Erran nahi baitut, Aristi poetaren rolean aktore politikoa ere badago, horregatik, naski, batzuetan, bere “ni”a, “gu” zehaztugabea da.
Erlojuaren ametsa-n, hirugarrenean, “denbora asmatu zuenak ekintza militar bortitza gauzatu zuen”, diosku. Denbora dugu etsai, haren meneko izaki “gu”. Erlojua asmatu zuenaren aurka ari da poeta, “gu” ameslari bihurtu eta engainatu gintuenaren aurka. Neronek, “gu” horretan izaki, hauxe diot: denbora ez zuen inork asmatu, denbora hor zegoen ordurako. Erlojua asmatu zuen pertsona ohantzea asmatu zuen bera da: “Zu eta ni”. “Gu”. Ohantzea ametsen habia da, baita maitasun lekua usu ere.
Bizitza bere menera jartzen duena denbora da. Akort. Bizitza metafora da eta poesia bizitzaz harago garamatzan hitza. Idazteaz ere ari da poeta: ez da eskua idazten duena, begirada baizik. Ez da begia irakurtzen duena, bihotza baizik, ez da bihotza esnatzen dena, kontzientzia baizik. Bizitza —maitasuna, bakartasuna edota isiltasuna tarteko— eta heriotza dira munduan barreneko bidaia honen —poesian ohiko— beste gaiak. Maitasunaz mintzo zaigu poeta, maitasunaren porrotaz. Alta bada, bere esperientzia bi pertsonen arteko —“zu eta ni”aren artekoa— da. “Gure” esperientzia mugatua da beti, urria, eta biren artekoa mugatuagoa. Conscientia/ consciencia eta conciencia hitz bakarrean biltzen ditugu euskaldunok: kontzientzian. Nago kontzientzia mugatua ote dugun euskaldunok eta pertsonok orobat.
Pako Aristi poeta eta animalia politikoa batzuetan nahasten ote diren nago. Bere “zu eta ni” horren barnean “gu” sartzen gaituela, eta nolabait, irakaspen politikoa eta morala eskaintzen dizkigula zibilizazioaren konplexutasunean katramilatuoi. Bere etxea da bere monasterioa, poeta monjea ere bada. Munduan dabilen monjea da eta bidaian jasotako historiak istorio —poema— mundutarrak bilakatzen dizkigu. Jose Maria Mendizabal aizkolaria, Emile Alphonse Griffith, Sara, Tarik Chaoufi edota Rosa Ugartemendia Sarobe dira protagonistak. Denak dira galtzaileak. Heroirik ez. Mendebaldeko zibilizazio honen porrotaren lekukoak dira, gara. Mendebaldar zibilizatuok gara, heriotzaren esklaboak “gu”. Ekialdeko beste “haien” aldean, beldurrak bizi gaitu, ez dugu jakinduria bilatzen, sineskeriak baizik. Heriotza arazo bihurtu dugu, misterioa dela onartu beharrean. Poetak emozioa lehenesten du pentsamenduaren aldean, misterioaren aieru, ameslari gisara bizi eta idazten du. Zhuang Zhou-ren ametsa azken poema lekuko.
Aristi poetak, poeta orok legez, idaztea du bokazio, berean kausitzen du “salbazioa”. Idazlea baina “zu eta ni” subjektuak osatuta dago. “Ni” idazlea da, “zu” irakurlea. Azken aurreko Bidaiaren amaierat (sic) poeman —gure ekialderat so betiere— “Isiltasunera bidaiatzea da nire bokazioa”, diosku. Alabaina, “bere” salbazioa utopikoa da. Poesia hitza baita, poetarentzat bizitza, eta honen lekua xerkatzea utopikoa. (Poetarentzat) bizitza ez lekua baita. Bizitza nola, poesia ez lekua da, leku irreala, izaterik ez duen lekua, inon ez dagoen lekua. Haatik, poesia pertsona eta aktorea ere bada.
Kritikak kritika, “ni”re pentsamendua —nahasmendua— eta kontraesanak barne, poesiak zirrara eragiten badizu seinale ona. Aristiren poesiak, kontraesanak kontraesan (nire ulermenaren ebazpenaren arabera), baditu bertuteak. Bere poesiak berezko trenpua sorrarazten dizu, berezko giroa sortzen zure inguruan. “Hemen” eta “orainean” atxikitzen zaitu hainbat unetan, eta “iragana” eta “geroa”ren espetxeetatik askatzen.
Irakurle hori, “zu”, poetaren bidaian sartzerat gonbidatzen zaitut “ni”k. Laugarren poeman “zaude” oraindik ere, Abiatzeko orduan delakoan. Poetak dioenez, ez da bizitza egunero igarotzen dena, “gu” baizik.
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi