kritiken hemeroteka

8.791 kritika

« | »

50 / Patxi Zubizarreta / Txalaparta, 2014

50 edota joan-jin neketsuaren gaineko esperimentua Mikel Asurmendi / argia.eus, 2014-11-21

Bitxia da 50 nobela delakoa, izenburuak nola. Idazleak, omen, beti idazten du liburu bera, edo liburu bera zertu nahian dihardu behin eta birritan. Nik idazle honen Jeans-ak hozkailuan eta Barrikadak nobelak daramatzat gogoan, arras gatibatu ninduten. Idazlea Joan nobelarekin heldu zen gero, askoz beranduago, alta, bidaia hartarako trena huts egin nuen.

Demagun idazleak liburu bera idazten duela beti, alta, irakurleak ez ditu beti ez idazle ez liburu bera kausitzen. Patxi Zubizarreta idazlea hasiera hartatik gaurrera dezente aldatu dela uste dut. Orobat, eta oro har, Zubizarretaren belaunaldiko —aurreko belaunaldikoak barne— idazleen kasuan, neke moduko batsumatzen dut. Idazle izateko apustua egin zuten eta bizitzaren zikloan nola, literaturaren ziklo baten amaierara heldu ote diren nago.

50 nobela —Joan nobelaren sintonian eta norabidean, nonbait— iraganeko —euskal edota ohiko— nobelen bestelako da. Garai eta bizimolde berri baten adierazle eta isla da, hots, sakoneko gogoetak hala nola azaleko gertakariak —friboloak— aurkituko dituzue berean. Liburu hibridoa da: ez da nobela. Ipuinak daude, baita zenbait poema ere. Iraganaldiko kronikaren eta lekukotasunaren islak dituzu, eta horiek denak nobelaren jitearekin txirikordatzen dira. Egungo bizimolde aldi berean arin eta motelaren suspensean ahitzen dena.

Hibridotasun horretaz gain, nobelagileak bizitza arrunteko bidaian gogoko dituen diziplina artistikoak, irudigilearen lana (Mintxo Cemillán) eta musikari(ar)ena(Joxerra Senperena, buruan buru) liburuan zertuak dakartza. Meta-literaturaren karga dakar halaber. Idazleak bere egiten dituen bere ibilbideko idazle kuttunen aipuak, aburu miresgarriak edota gogoangarriak.

Joseba pianista, Rafael pintorea eta Nikolas (Patxi Zubizarretaren alter ego) idazlea dira 50 delakoaren protagonistak. Bidaian abian dira, baina ez urrutira, Pirinioen inguruko basoetan eta herrietan barrena, zer eta Baso bat opari emanaldia eskaintzera. Funtsean, idazleak iragan hamarraldian adinkide dituen artistekin bizitakoak ekarri ditu nobelara. Iraganeko bizialdi bizkorra zein oraingo bizitza arrunta eskribitzen eta deskribatzen ditu. 50 eguneroko joan-jin neketsuaren gaineko esperimentua da. 50ren protagonista eta narratzailea, hein batean, bizitza arruntean kateatua —iraganeko askatasun aldarrien alegorien eta sinbologian preso— begitandu zait.

50 izenburua ez da kasualitatea, kausalitatea baizik. Liburuko hiru protagonistak adin jira horretakoak dira. Euskal gizarte lehenik suspertu zuen eta gero inarrosi zuen fenomeno sozio-politikoaren garaikideak. 50, halaber, zalu eta bizi ibili zen belaunaldi baten abiadura moteltzera gonbidatzen duen bide-seinale da. Estatuaren arauen markoan errenditzeko ordua iritsi den seinalea, nolabait. 50 nobelan askatasunaren bidean zapuztu den belaunaldi baten adierazlea ere bada. Edo hor nonbait.

Euskal literaturan gero eta gehiago dira autobiografiaren arrastoa duten liburuak: Nevadako egunak, Errateko nituenak (Cuzcoko kronika), Larremotzetik, Erraiak… Liburu horien egileak belaunaldi ezberdinetakoak izan arren, eta ezaugarri ezberdineko idazleak izanda ere. Egileak egile, Nevadako Egunak egilearen antzera, Patxi Zubizarretaren abantaila —edo desabantaila— idazlea izatea da, idazle kontsideratua, idazle ofizioaren jabea.

Egungo nobela gero eta alegorikoagoa eta sinbolotikoagoa bilakatze bidean dagoela sentitu dut 50 irakurri ostean. Alegoriak alegoria, sinboloak sinbolo, hona nire parabola:

Duela 20.000 urte kobazuloetan bizi zen gizakiak eta Erdi Aroan bizi izandakoak lotzen zituen katea, aroak aro, aldaketak aldaketa, kate bera begitantzen zait. Gizakiak —mendebaldeko jendartearen gizakiak— kate beraren begietan loturik jarraitu du orain dela 50 urtera arte. Nago, XXI. mendeaz geroztik, gizakiak ez duela engoitik antzera sentitzen, ez ikusten ez pentsatzen ere. Duela 20.000 urteko kobazuloko ahoan gizakiak sentitzen zuen bertigoa eta egungo kobazulo bereko ahoan sentitzen duena ez dela bertigoa bera, orain 50 urte eraldatzen hasi zela. Eta 50 nobelako protagonisten antzera, egungo gizakiok opera bufoa bera jokatzen dugula fikzioan nola errealitatean. Duela 20.000 urtetik iragan mendera arte iraun eta izan zenaren esperantzan ahitu da egungo gizakia.

“Eguzkia badoa bere amagana, eta ez nekez berotuko du aro berriko uzta bildu artean”.

Azken kritikak

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak