kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Zure hatzaren ez galtzeko / Itxaro Borda / Elkar, 2014

Hatz horren indarra Alex Gurrutxaga / Berria, 2014-11-02

Atzera begiratuta, Itxaro Bordaren poesia liburuen prentsako kritikak hamabost bat dira. Ez dira asko, hau hamargarren liburua duela kontuan hartuta. Bordaren poesiari erreparatu eta goraipatu duten kritikari zenbait poeta ere badira —Felipe Juaristi eta Jose Luis Padron, adibidez—. Beñat Sarasolak, besteak beste, adierazi zuen Bordaren Noiztenka liburua (2007) behar baino oihartzun apalagoa izaten ari zela. Urte dezente lehenago, antzeko iritzia plazaratu zuen Juaristik Just love poemategiari (1988) buruz. Gauzak horrela, ez da dudarik Bordaren eta bere poesiaren periferikotasunaz mintzatu behar genukeela. Baliteke, gainera, kontua bere poesiaren zailtasunari ere loturik egotea. Izan ere, Itxaro Bordaren poesiak asko eskatzen dio irakurleari.

Liburuan aipatzen diren idazle eta artistek Bordaren eklektizismoa erakusten dute. Bere poemetarik abiatzen diren ildoak asko eta askotarikoak dira, eta guztiek aberasten dute poemen unibertsoa. Erreferentzia literarioetan bezain eklektikoa da Borda forma poetikoetan ere. Bertso librea baliatzen du batik bat, baina neurtuan ere aise aritzen da: batzuetan ahozko tradizioko formetan koplatzen du; sonetoa bezalako forma klasikoetara jotzen du beste batzuetan. Molde berriak ere dotoreziaz sortzen ditu, nagusiki egitura paralelistikoak dituzten ahapaldiekin jolastuz —adibidez, Wüste eta Hotel Itsasmin poemetan—. Molde anitz baliatzen ditu, eta beti-beti aurkitzen du irakurleak poetaren nortasun marka.

Bordak bere-bereak dituen egituretako bat atal batez baino gehiagoz osaturiko poemena da. Kasu honetan ere badaude halakoak. Horien artean, oso ederrak dira Breaking artic bounds eta Chapultepec, besteak beste. Azken horretan, azteken herrira eramaten gaitu poemak. Gorputzari egindako kantua da, eta gorputza estuki loturik dago Bordaren poesian zentrala den genero ikuspegiari: “Ene gorputza bilatzen dut”, dio Bordak aipatzen duen Natalio Hernandezen poemak; “basaltozko harria da gorputza”, abiatzen da Bordaren poema.

Beste alde batetik, paisaiaren garrantzia erabatekoa da. Han eta hemen agertzen dira ingurunearen margotze inpresionistak; hala nola Mundu mineral, Kronos + eta Abenduko argia poemetan. Horrez gain, paisaiak liburuari trinko eusten dio, koherentzia eta borobiltasuna emanez. Bidaia espazial bat proposatzen zaigu, eta geltoki bakoitza da esanguratsua: Britney Spears eta Madonnaren Kalifornia, balea kantuen Nantukett irla —Melvillek hilezkortutakoa—, Bidarrai, Irak, Dublin, Bizkaiko kostaldea, Etiopia, etab.

Espazio nagusietako bat desertua da. Han hasten eta amaitzen da bidaia. Baina desertua ez da paisaia hutsa; halaxe aitortu du Bordak: “Erran nahi dut ideologia eta ele gabetua bezala doala ene poesia, jendartearen antzera, dolorea edo poza soilik eta biluzik azaltzeraino. Desertua denetara hedatua bailitzan”. Lur eremutik, ordea, indartsu airatzen da poetaren ahotsa. “Nire eta nirekin dabiltzanen alde izkiriatzen dut”, esan du Bordak, eta, hain zuzen, poema askoren erdigunean dago pertsona bat edo besterekiko miresmena.

Esan dugu arestian: Bordaren poesiak asko eskatzen dio irakurleari —beharbada oraingoan gutxixeago, poetak euskara baturantz egin duen neurrian—. Baina gutxirena bezalakoa da haren indarra.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak